Axier Irastorza – Unai Maiza 22 / Elgoibar 0
Ahalik eta diferentzi handiena atera behar zuten etxekoek eta handiena ateratzea lortu zuten. Axierrek sakez egindako 17 tantoek laburbiltzen dute partida.
Mikel Jauregi – Aitor Ulanga 11 / Elgoibar 22
Joanekoan 22-21 galduta, etxean irabazteko itxaropena genuen, baina beraiek oso partida ona jokatu zuten eta andoaindarrek batez ere aurrean ez zuten asmatu.
Jon Eskudero – Oñatz Gonzalez 21 / Elgoibar 22
Azken partida irabazten zuenak egiten zuen aurrera. Joxe Mari Sagasetak eskuetako mina zuenez, Oñatzi jokatzeko eskatu zion taldeak -pilota duela 3 hilabete utzi zuen-. Honek taldearekiko eta herriarekiko eredugarria den konpromisoa erakutsita jokatzea erabaki zuen. Atzelari jokatu nahi zuen eta hala hasi zen baina partidaren erditik aurrera eta Jon Eskuderoren laguntza bikainarekin partida 21bana berdintzea lortu zuten. Azkeneko tantoa Elgoibartarrentzat izan zen eta hor amaitu zen aurtengo ibilbidea Herri Arteko Txapelketan.
OMENALDIA
Partidaren ostean, Peio Urkiolak eta Andoni Alvarezek ezusteko omenaldia jaso zuten. Peiok, herriarteko lehen partaidetzan jokatzeagatik eta Andonik, horregatik eta pilota eskolan egiten ari den lanagatik.
Bejondeiela eta zorionak jokalariei, entrentatzaileei eta Andoaingo zaletuei. Arraten emozio eta zirrara une ahaztezinak sortzeko gai izan direlako. Hurrengo edizioan, emozio gehiago.