Leizaran Ernio Inmobiliaria taldea Ligako eta Kopako txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 20a, 15:19

Liga irabazi eta gero, pasa den larunbatean Gipuzkoako Kopako finalean nagusitu ziren. Ordizian jokatutako finalean Amenabar Zarautz eta Eibarko Haritza izan zituen aurkari.

Lehen partidan zarauztarren aurka lehiatu behar izan zuten. Oso gogotsu hasi ziren eta Zarautzekoei kosta egiten zitzaien Leizarango defentsa gogorra gainditzea, abantailatxo bat hartu eta partida amaieran 15-12 irabazi zuten andoaindarrek. Bigarren partidan Eibarko Haritza izan zuen aurkaria Leizaranek, hauek andoaindarren nekea aprobetxatuz joko azkar batekin hasi ziren eta lehenengo minutuetan jada abantaila lortzen hasi ziren. Hamar minutu faltan 10-6ko markagailua zuten Eibarkoek alde, baina andoaindarrek ez zuten amore eman eta pixkanaka hurbiltzen hasi ziren, aurretik jartzea lortu zuten arte. Azken segundoetara partida hamalauko berdinketarekin iritsi zen eta Leizarango mutilek garaipenaren gola sartzeko aukera eduki zuten, baina gutxigatik kanpora joan zen baloia. Berdinketa honekin Leizarangoei nahikoa zitzaien Eibarko Haritzak bi gol baino gehiagoz ez irabaztea Zarautzi.

Azken partida ikusteko taldekideak harmailetara igo ziren, bertan ziren Andoaingo afizionatuekin batera azken partidaren noranzkoa ikusteko. Ordiziako kiroldegiko harmailak andoaingo afizionatuez beteta zeuden, une oro taldea animatzen egon zirenak, eta euren partiduak aurrera ateratzeko indarrak eman zizkienak. Azken partidu honetan Zarautz dominatzen hasi bazen ere, Eibarko Haritzak markagailuari buelta eman eta azken minutuan bi golez aurretik jartzea lortu zuen. Azken segundoan egindako jaurtiketa kanpora joan zen ordea, eta Kopa Txapelketa andoaindarrentzat izan zen.

Denboraldi bikaina burutu du Andoaingo eskubaloiko lehen taldeak. Bi hilabete liga irabazi zuten Leizaran Ernio Inmobiliariako mutilek eta pasa den larunbatean Gipuzkoako Kopako finalean nagusitu ziren. Ikaragarria.

Aurredenboraldia gogotsu hasi zuten eta Tolosan jokatutako bi partidak irabazi zituzten Leizarangoek. Liga Txapelketako lehen partidan ordea, Irungo Gaztiaken etxean lehen porrota jaso zuten, denboraldiko lehena eta azkena izango zena. Hurrengoa Donibaneren aurka berdindu egin zuten Allurralden, eta hortik aurrerako partidu guztiak irabazi zituzten Ligan, hamasei jarraian hain zuzen. Martxo amaieran amaitu zen Liga Txapelketa irabazi eta Gipuzkoako Kopa hasi zuten jarraian. Kopa honetan hiru talde egin ziren eta Leizaran Ernio Inmobiliariak lau partida jokatu behar izan zituen. Lau partida hauek ere garaipenarekin amaitzea lortu zituzten eta horrela finalerako sailkatu ziren.

Urte osoan ikusle, zaletu eta babesleek emandako babesa eskertu nahi dituzte Leizaran Ernio Inmobiliariako taldekideek, eta baita Leizaran Eskubaloi Klubak ere, eurek gabe ez baitzen guzti hau posible izango. Zorionak txapeldunei!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!