Jokin Muñozen "Antzararen bidea", Beterriko Liburu 2007

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 19a, 14:30

Maiatzaren 17an, Beterriko Liburuaren hamabigarren sari-emate ekitaldia izan zen Andoaingo Bastero Kulturgunean. Bertan, akademikideek 2007 urtean gogokoen izan zuten liburua saritu zen.

111 Akademiako arduradun Amaia Goikoetxeak eman zion hasiera ekitaldiari, gerturatutakoak agurtu eta mahaiburua aurkeztuz, Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuek; Eusko Jaurlaritzako ordezkari Joseba Lozanok; Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari, Estitxu Alkortak eta 111 Akademiako behi-behineko akademia-buru Eloi Egibarrek osatu zutena. Joseba Lozanok hartu zuen hitza lehenengo eta, 111 Akademiak burutzen duen lana azpimarratu zuen, “jarrai ezazue hasi duzuen bidean barrena eta bil ezazue ahal bezain beste literaturazale zuen akademian, 111 izan edo askoz gehiago hobe, ziur baikara bidean aurrera egin ahala literaturak irismen berria hartuko duela gure gizartean, eta horrek irakurlearen partaidetza handiago eta eraginkorragoa ekarriko du literaturaren mesederako”. Estibalitz Alkortak Jokin Muñoz zoriondu eta bere eleberria goraipatu zuen, “ez dira gai errazak literaturaren bidez aztertzeko, inola ere. Egia esateko, ez dira gai errazak inola ere aztertzeko, eta Jokin Muñoz ausartu egin da, saio bat egin du, saiakera egin nahi izan gabe, tesirik gabe, baina ikuspegi zehatz batekin; ikuspegi garratza batzuetan, baina egiari izpirik kendu gabe, eta euskaldun irakurleari inoiz amore eman gabe”. Jon Unanuek hautaketa prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen, “aurten, lehen aldiz, iaz sortu zen 111 Akademiak izendatu du Beterriko Liburua. Euskal Herri osoko 98 irakurlek osatzen dute une honetan eta boto bidez burutu da hautaketa prozesua”. Hainbat akademikidek liburuaren inguruan bidalitako iritziak ere irakurri zituen. Hauxe haietako bat, “Gerra aurrean kultura eta askatasunaren haizeak faxisten aurka egindako borroka, batetik, eta gaur egun bizi dugun gatazka eta honen protagonistak, bestetik, ikuspuntu politikotik ez ezik, inguru pertsonaletik ere aurkezten dizkigu idazleak. Zentzu horretan, gatazkaz baino, sentimenduez ari zaigu nobela”.

Muñoz, esker onez
Estibalitz Alkortaren eskutik jaso zuen Jokin Muñozek larru bereziz koadernatutako obraren ale bat eta Joseba Lozanorenetik agiria. Idazle sarituak esker oneko hitzak izan zituen saria jaso ostean, “poz handia da niretzat liburua irakurri dela jakitea; testuak, hitzak, ez baitira ezer irakurlerik gabe. Sari honek antzara bizirik dagoela erakusten du, bidean dagoela. Eskerrik asko akademiari. Liburu bati benetan arnasa ematen diona irakurlearen onespena baita. Esker mila guztioi”.
Ekitaldian zehar, atzera begiratua ere egin zen: ikus-entzunezko proiekzioa eskaini zen, aurreko hamaika urteetako lan irabazleen gainbegiratua egiteko aukera emanez. Horrez gain, ekitaldiaren hasieran zein amaieran, Bide Ertzean taldeko Imanol Ubedak eta Imanol Goikoetxeak “Non dira” euren azken diskoko zenbait abesti eskaini zituzten. Disko horrek Gerra Zibilari buruz hitz egiten du, besteak beste, guda hark utzi zituen desagertuez; hain zuzen ere, Gerra Zibila da Muñozen eleberriko gai nagusietako bat.

Muñozen hizketaldia, osorik
“Isilaren ekaitza hautsi aipatu dute euren kantu hunkigarrian Bide Ertzean taldekoek. Isilaren ekaitza hautsi baitzen pasa zen asteburuan Sartagudan Memoriaren Parkearen inaugurazioan. Sekulako euri zaparrada bota zuen eta hangoek, urte eta erdian tantarik bota gabe egon zela esaten zuten eta, hain juxtu, egun horretan, desagertutakok, fusilatutakoek, emozioak gainezka, negar egin behar ziguten. Sartagudako parkearen inaugurazioan nengoela anekdota batekin gogoratu nintzen. Egun hauetan, San Cristobal mendian, Ezkaba mendian, Iruñan, hilobi batzuk aurkitu dituzte. Han, San Cristobal, Ezkaba mendian preso izandako batzuen gorpuak ziren horiek eta oso deskubrimendu bitxia izan zen. Izan ere, gorpu batzuen ondoan, hankartean, kristalezko botila batzuk zeuden, barruan paper bat zeukatela. Paper horietan hildakoaren izen-deiturak eta beste hainbat datu agertzen zen: sorterria… Paper gehienak denboraren poderioagatik desegiten ziren aurkitzaileen eskuetan. Kortxoa gaizki itxita zegoelako edo kortxoa, besterik gabe, usteldu eta barruko papera ere kortxoarekin batera usteldu egin zelako. Beste batzuk, berriz, irakurri ahal izan ziren. Ze testu horiek irakurriak izateko sartu ziren botila horietan. Idazten ditugun testu guztiek helburu hori daukate. Testuak ez dira ezer irakurri gabe baina, bereziki, botilan sartu ziren testu horiek horretarakoxe jaio ziren. Berdin-berdin jarrai zezaketen urtetan eta, desegin, besteak desegin ziren bezala. Han, Memoriaren Parkean, guk idazleok, badauzkagu testu batzuk parkearen bazter batean burdinan jarrita. Idazle batzuoi testu batzuk idaztea eskatu ziguten proiektuarekin hasi zirenean: gogoetak, poemak… Idazle handiak daude tartean: Paula Antoñana, Bernardo Atxaga, Jimeno Jurio zena, Castillo Suarez eta ni neu. Neure hitzak jasotzen zituen burdinazko panel horren aurrean nengoela, oso zirraragarria iruditzen zitzaidan testu horiek denboran iraun egingo zutela ikustea. Burdina ez baita papera. Papera desegin egiten da, burdinak iraun egiten du. Baina are emozionanteagoa da jakitea, parkea bisitatzera joaten diren guztiak _euskaldunak izan edo ez_, hitz horiek irakurri egingo dituztela. Hitz horiek ere irakurriak izateko idazten baitira.

Poz berezia ematen du jakiteak liburua irakurri egiten dela eta irakurri ez ezik, irakurleek saritzen dutela liburu hori. Zenbait liburuk kritikoen onespena hartuagatik, ez dira irakurleen eskuetara iristen. Beste testu batzuk, berriz, irakurleen eskuetan ibiltzen dira, irakurleen onespena hartzen dute eta kritikoek bizkarra erakusten diete.

Antzararen bidea, bide luzea gertatzen ari da. Kritikoaren saria hartu du, prentsa bidez jakin izan nuen berria. Baina hor geratu zen, ez ninduen inork deitu. Ez ninduten Huelvara gonbidatu. Ezta hori ere. Nik espero nuen zerbait: jende aurrean jartzea, oraingo honetan nagoen bezala. Esan nahi dizuet zuen sariak antzara bizirik dagoela erakusten duela; antzararen bide hori txoperara bidean doala, bururik gabe. Antzara oraindik ez dela iritsi makal beltz baten oinetara. Tipi-tapa tipi-tapa, ezkerrera eta eskuinera segitzen duela eta ez da makala liburua argitaratu eta seigarren/zazpigarren hilabetean baikaude. Ez nuke jarduntxo hau amaitu nahi zuei eskerrak adierazi gabe. Eskerrik asko sariagatik. Eskerrik asko Akademiari. Liburu bati benetan arnasa ematen diona irakurlearen onespena baita. Esker mila guztioi.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!