Jon Unanue, Larramendi Kultur Bazkuneko lehendakariak; Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak; Joseba Lozano Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta Eloi Egibar 111 akademiako behin-behineko epaimahaiburuak osatu dute ekitaldiko mahaiburua. Lehenik eta behin, aurreko edizioetako ekitaldiekin osatutako bideoa izan da ikusgai. Joseba Lozanok, Estibalitz Alkortak eta Jon Unanuek hartu dute hitza ondoren.
Jokin Muñoz idazlearen txanda izan da gero. Larru bereziz koadernatutako liburu saritua eta agiria jaso ditu saritzat eta joan zen asteburuan zabaldutako Sartagudako memoriaren parketik abiatuta egin du hizketaldia. Idazleak idatzitakoa irakurleak irakurtzeak duen garrantzia aipatuz amaitu du, akademikideei eskerrak emanez.
Ekitaldiari Bide ertzean taldeko musikariek eman diote hasiera eta amaiera.