Pagamuño, auzo berrituaren inaugurazioa

Datorren astean inauguratuko da Zizurkilgo Pagamuño auzo berritua. Birmoldaketa lanetan, Udalak 600.000 eurotik gora inbertitu du, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarritako 300.000 eurorekin batera.

Zizurkilgo Udaletik jakinarazi dutenez, datorren astean zizurkildarrek Pagamuñoko auzo berriaz gozatzeko aukera izango dute, "erabat birmoldatua izan da bere instalakuntzak modernizatu eta bizilagunen behar berrietara egokitzeko helburuarekin. Udalak 658.307 euro inbertitu ditu lan hauetan, eta 300.000 euroko ekarpena lortu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eginiko gestioen ondorioz, kopuru horiek guztiek ahalbidetu dute berrurbanizazio hori gauzatzea".

Berrikuntza bat baino gehiago izango da auzoan aurrerantzean, "trafikoa berrantolatzea, hainbat gune oinezkoentzako eratzea, eta traba arkitektonikoak ezabatzeko igogailu bat jartzea dira, besteak beste, 3.980 metro karratuko azaleran egin asmo diren hobekuntzak. Auzoaren behe aldea eta ikastetxeen gunea lotzen dituen oinezkoentzako bidea egitea izan da jardueraren ardatza. Azpiegitura berri honek eremuko eraikinetan bizi direnen irisbidea hobetzen du, ikastetxera eta ikastolara doazen guraso eta seme-alaben joan-etorria erraztu eta erregulatzeaz gain".

Igogailua
Besteak beste, igogailu bat instalatu da mugikortasuna hobetze aldera, "auzoaren goialdeko eta behealdeko irisgarritasun arazoak konpontzeko, gaur egun gune horretan mugikortasun urriko pertsonen ibilia eragozten duen aldapa saihesteko. Euren etxeetatik ikastetxe edo ikastolarako joan-etorri hori egiten duten pertsona eta familia ugari izango dira, zalantzarik gabe, kanpoko azpiegitura honen zerbitzua erabiliko dutenak. Goizeko zazpiak eta erdietatik gaueko hamarretara izango da aipaturiko igogailuaren erabilera-ordutegia".

Beste jarduera batzuei esker, prestazio hobeak izaten dituzte aurrerantzean Pagamuñoko oinezkoek, halaxe adierazi dute Udaletik, "izan ere, haur-jolasetara bideraturiko gune bat eratu da ikastola ondoko plazan, eta beste bat erreserbatu da herriko bizilagun guztien gozamenerako. Zizurkilgo Udalak hesi bat ipini du arriskuak ekiditeko mugakide gisa, eta gune horretan dagoen argiteria guztia indartu du bertako ikuspena areagotzeko".

Trafikoarekin lotuta, biribilguneak garrantzia handia du , ibilgailuen trafikoa arautzeko eta abiadura handian ibiltzea ekiditeko. "Biribilgune horrek egun dauden garajeetarako sarbideak errespetatzen ditu, eta oinezkoei ibilgailuekiko lehentasuna ematen dieten guneak taiutzen ditu. Lehentasun hauek babesteko, trafiko seinaleak, oinezko pasabide goratuak eta zolarri berezia ipini dira, beste neurri batzuen artean".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!