"Dispertsioa salatzea ez da delitua. Preso politikoen kolektiboaren kontra hamarkadatan ezarri den eta ezartzen den dispertsio eta muturreko neurriek osatzen duten salbuespen egoera da delitua.
Tortura salatzea ez da delitua. Torturatzea eta tortura ahalbidetzen duen tresneria hori guztia da delitua; salbuespeneko tribunalak, inkomunikazio legea eta funtsean torturatzeko eraikia den inpunitate esparrua bera da delitua.
Errepresioa salatzea eta pertsonen eskubideak babestea ez da delitua. Estatuen biolentzia eta eskubide urraketa dira delituak.
Elkartasuna ez da delitua. Presoak eta Euskal Herrian errepresioa jasaten duten milaka emakume eta gizon babes eta elkartasunik gabe uzteko mugimenduen kontrako kriminalizazio eta erasoak dira delitua.
Auzipetu dutena eta epaitu nahi dutena estatuen biolentzia eta errepresioaren salaketa eta euskal preso nahiz errepresaliatu guztiekiko elkartasuna da. Frantziako eta Espainiako estatuak euskal gizartearen eta munduaren aurrean biluzten dituen eta beren izaera ez demokratikoa begi-bistako egiten duen testigu nagusia erditik kendu nahi dutelako. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esparru bat eskaini dio eta eskaintzen dio herri honi, errepresioa salatu eta elkartasuna antolatzeko. Espazio bat, zeinetan gu geu ere, milaka herritar eta sektore legez partaide garen.
Madrilgo Auzitegi Nazionalean Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitu nahi den honetan, gu geu ere epaituak sentitzen gara. Elkartasunerako eta errepresioaren salaketarako hamaika ekimenen partaide izan garelako eta aurrerantzean ere partaide izaten jarraitu nahi dugulako".