Jon Ugalde, Euskaldunako lehen taldeko kapitaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 14a, 22:14

Hamalau urte daramatza Euskaldunako kamiseta janzten, kadeteen mailan hasi zenetik: lesioek inoiz ez dute aztoratu, eta makina bat partida jokatu ditu Zumea, Etxeberrieta edo Allurraldeko zelaietan. Zelaiaren erdialdean jokatzen du, joko banatzaile gisa.

Maila asko ezagututakoa zara Euskaldunako lehen taldearekin?
Jon Ugalde.
Preferentetik Lehen eta Bigarrenera jaitsi ginen, eta oso urte tristeak izan ziren denontzat. Euskaldunak inoiz bizitu izan duen garairik latzena izan zen. Baina burua altxatu genuen, berehala igo ginen Lehen Erregionalean, eta hemen hiru denboraldi eginda igo ginen Preferentera iaz.

Zaila gertatu al zitzaizuen hain denbora gutxian horrenbeste igotzea mailaz?
J.U.
Ez uste. Maila nahiko kaskarra da kategoria horietan, eta ez duzu askorik behar ondo ibiltzeko. Laster jartzen ginen igotzeko moduan.

Aurten lasaiago ibili zarete, sailkapenaren erdi aldean. Beteta hasieran jarritako helburuak?
J.U.
Bai, erabat. Mantentzea zen gure helburua, eta uste baino errazago gertatu zaigu lana. Hamar aurrenekoen artean amaituko dugu. Egia esanda, bizpahiru kenduta nahiko berdintsuak gara gainerako talde guztiak ere. Beharbada jokalarien arteko giroa da talde bat bestetik bereizten duena; harreman txarrak berehala igartzen dira zelaian. Guk ez daukagu zertan kezkatu beharrik, alde horretatik. Gainera, asko gara taldean Joxerra Bengoetxea entrenatzailearekin bost urte daramatzagunak, eta ondo ezagutzen dugu elkar.

Taldearen ezaugarriak definituko zenituzke?
J.U.
Ez gara nabarmentzen kalitateagatik, hain zuzen. Borrokalariak gara eta talde lana da nagusi gurean; ezin nabarmendu indibidualismorik. Aurredenboraldi gogorra egiten dugu fisikoki, eta gero horrek badu eragina gure jokoan. Gure partidak ez dira gol askokoak, 1-0 eta horrela amaitzen dira asko, egia esanda. Kontra gol gutxien sartu dioten taldea da gurea; sartzaileen artean, berriz, laugarrenak-edo gara atzetik hasita.

Zaletu asko izan al dituzue atzetik?
J.U.
Ez da jende ugari hurbiltzen Allurraldera. Baina hori fidela da, eta eskertzen diogu. Ondarruraino joan behar denean, igual 15-20 pertsona joaten dira gu animatzera. Armaila estalita eduki ezean, jendeak nahiago izaten du kiroldegira joan eta saskibaloia edo eskubaloia ikusi, negu partean batez ere. Gipuzkoan zehar zelai guztiak zapaltzen ditugu eta ziurta dezakegu bakarra dela antzekoa. Baldintza horrekin, esango didazu nor etorriko den gu ikustera, direktiboak eta familiarrak kenduta? Asteburu honetan, etxean ligako azken partida da Berilloren aurkakoa, eta Andoaingo jendea animatuko nuke etortzera.

Belar artifizialeko zelaia ere ez duzue oso gustuko, antza denez.
J.U.
Aspaldiko urtetan ez da aldatu materiala, eta min izugarria hartzen da erori aldiko. Kanpoko zelaien kalitatea ikusi ostean, lotsatuta egoten gara aurkariek gure zelaira etorri behar dutenean. Ez teilaturik, ez belarra gutxieneko baldintzetan…

Zenbat urtez jarraitzeko asmoa duzu?  
J.U.
Hurrengo urtea behintzat egingo dut. Hortik aurrera, auskalo. Kategori hauetan zaletasuna behar da asko, bestela jai duzu. Ia denok lanean edo ikasten ari gara; lantokitik oso berandu irten eta bestetarako denborarik gabe joan behar izaten da entrenatzera, astean hirutan. Eta partidak asteburuko egun osoa kentzen dizu. Andregaiak ere hor daude… Konpromisu handia eskatzen dizu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!