Gazteak elkartuko dituen festak, asteburu barru

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 14a, 21:47

Asteburuetan herriko gazteek egiten dituzten planen haritik ondoriozta daiteke gazteak kanpora doazela; aisialdi tartea Urnietatik kanpo igarotzen dutela alegia. Horregatik, oso bereziak eta erreferentziazkoak dira urtean asteburu batez Poxta Zahar gazte koadrilen elkarteak antolatzen dituen ekitaldiak, Gazte Jaietakoak. Astebete barru, maiatzaren 23tik 25era ospatuko dira aurtengoak.

Urtean zehar, gazteek herritik kanpora joateko duten ohitura bi egunez iraultzea da Poxta Zaharrekoen asmoa. “Festetan behintzat biltzea, larunbat gauetako egoera aldatzeko urte asko beharko dira eta”, adierazi dute antolatzaileek. Urtean behin elkartzea ez da gutxi, egunerokotasunean gazteen artean harreman zuzenik ez dagoela kontuan hartuta. “Oso giro ezberdinetakoak gara. Bistaz ezagutzen gara, baina harremanik ez dago”, gogorarazi dute Poxta Zaharrekoek. Lagun arteak oso bereizita daude Urnietan, askorentzat Gazte Festak bere adin tarte bereko herritarrekin biltzeko aukera eta topagune bakarra izateraino.

ETENIK GABEKO JAIA
Gazte festek herriko gazteak batuko dituzte aurten ere. Maiatzaren 23an ekingo zaion asteburuan, Urnietan geratzeko aitzakia ugari eskaini nahi dizkie antolatzaileek herriko gazteei. Ardatz nagusi baten inguruan oinarritu dute prestatutako egitaraua; etenik gabeko festa izatea nahi dute. “Egun osoko plana egin dezatela gazteek”, adierazi dute Poxta Zaharrekoek. Hilaren 23tik, ostiraletik hasita noski. Txupinazoa, afaria San Juan plazan eta gero denak Sarobera joateko gonbita luzatu nahi dute antolatzaileek. UrnietaRock jaialdia ospatzeko egin duten ahalegin bereziaren emaitza dira, Etsaiak, Küm eta Dark Avenue taldeak Sarobera ekartzea. Azken taldean, urnietarrak badira eta haien lehen maketa aurkeztuko dute gainera. Sarrerak, 7 eurotan salgai.
Emanaldia gaueko 22:30etan hasiko den arren, Sarobeko ateak askoz lehenago zabalduko dituzte, antolatzaileen esanetan, “jendea behera, tabernetara jaitsi ez dadin”. Kontzertuen gune bilakatuko den antzokian musika entzuteko parada izango da. Pare bat txozna ere jarriko dituzte. Kontzertuen aurretik, eta emanaldiak amaitu ostean ere, girorik ez da faltako beraz Sarobe barruan.
Etenik ez beraz ostiral gauean, eta beste hainbeste lortzea nahi dute Poxta Zaharrekoek larunbatean; festak jarraipena izatea, haien esanetan, “denok batera segi dezagun”. Eguerdian, triki poteoan parte hartzetik hastea proposatzen dute, bazkaritarako parrillada goxoa dastatu eta arratsaldean, aurtengo nobedade nagusiari kamioi orkestrari jarraitzea.

KAMIOI ORKESTRA
“Poxta Zaharreko baten ideia izan zen. Berak ikusi, gustatu eta Urnietan horrelako zerbait egitea aukera ona zela iruditu zitzaion. Jendea ekarriko duen zerbait nahi genuen”, adierazi dute antolatzaileek. Eta lortu dute. Poteo berezi bat antolatu dute kamioi orkestraren inguruan. Herriko kaleak eta taberna inguruak alaituko dituzte, tartekatuz bertara igoko diren Dj eta musika talde batek. Ekimen berritzaile honekin, Urnietak izan ohi duen irudia haustea nahi dute gazteek. “Kanpotik jendea ekartzea”, adierazi dute. Etortzen denak, esperientzia berriz errepikatu nahiko duela iragartzen dute.

TXARTELAK SALGAI
Ostiraleko oilasko jaterako txartelak salgai dira Xauxarren. Maiatzaren 24ko parrilladakoak ere bai; Xauxarren, Goi Mendin eta Egurren. Txartelak erosteko azken eguna, maiatzaren 20a.

BILTOKI FALTA
Beste adin tarte batzuetako herritarrek biltzeko edo erreferentziazko lekuren bat badute. Gazteek ez ordea eta gabezia hori nabari dute. “Gu hor gaude, ez dakigula nora joan. Gazte guztiok gustura egoteko lekurik ez dago”, adierazi dute. Bizpahiru taberna kenduta, ezer gutxi. “Gaztetxe bat dagoenean, gazteak hara joango dira. Geure artean ere harreman handiagoa egongo litzateke”, gaineratu dute. Momentuz, Poxta Zaharrekoek materiala utzi edota biltzeko gunea eskatua dute. Urnietako gazteen aldeko apustu sendoa egin nahi bada, borondatea eta baliabide garrantzitsua ohi den biltokia izatea ezinbestekotzat jotzen dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!