Lasarteko Landaberri Ikastolako gurasoak dira antzezleak, eta Joserra Fatxado aktore ezagunaren zuzendaritzapean aritu dira prestatzen antzezlana azken hilabeteetan. Aktore amateurrak dira denak ere, baina gogoz eta ilusioarekin hartu dute eginkizuna.
Badute eskarmentua alde horretatik, urtero Lasarten antzezlan bat egiteko ohitura baitute. Hala ere, aurtengoan modu berezian ari dira jorratzen interpretazio lana, aitortu dutenez. Errealak izan diren bizipen pertsonalak antzeztea egokitzen zaie, izan ere; eta gainera, ikusleen artean bizipen horien protagonista asko izango dute. Argi dago ez dutela nola halako erantzukizuna hartu, beraz.
Ordu bete eskas irauten duen antzezlanean makina bat egoera ikus daitezke: fusilatuta hiltzera doazen azken uneak, alargunen miseriazko bizimodua, etsaien arteko harremanak fronteko lubakietan, maitasun kontuak, galtzaileenaganako bizilagunen gorroto adierazpenak, ile-mozketak, irabazle frankisten kale desfileak…
Hainbat biktimek barruan gorderik, isil-isilik eraman behar izan dituzte euren bizipenak urtetan eta urtetan, eta horien errealitate ezkutatua antzerkiaren bitartez jakinaraztea da taldearen asmoa.
Antzezleen aburuz, sentimendu ugari sorraraziko dizkio ikusleari antzerkiak: gogoeta, irribarrea, tristura. Baita negar malkoren bat ere tarteka…
Fikziozko zinera, dokumentaletara, literaturara edo historiako liburuetara eraman izan da gehienetan biktimen lekukotza. Antzerkira, ordea, ezer gutxi. Orain da aukera halakorik ikusteko, beraz, Landaberri ikastolako guraso taldearen eskutik.