Mertxe Brosa, emakumearen burujabetzaren bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 14a, 21:42

Burgosko prozesuaren ondorengo salbuespen egoerak Portugaletera eraman zuen derrigor. Brigadista gisa joan zen Nikaraguara, iraultzaren ostean. 1983az geroztik hantxe bizi da.
Bere ondorengo Andoaingo belaunaldiek ez dute ezagutzen, baina Amerika osoan aitzindari den proiektu batean murgilduta dabil Mertxe Brosa.

25 urte horietan, ipar bakarra eduki duzu: emakume nekazariaren aldeko borroka.
Mertxe Brosa.
Sandinismoaren garaian, nekazari emakumeen sindikatuarekin hasi ginen feminismotik gentozen zenbait brigadista. Nekazarien lurretara iristen ziren klinika ginekologiko mugikorrak sortu genituen han hemen, Euskal Herritik eta Kataluniatik eramandako ginekologoekin; familia plangintzaren arloa jorratzen genuen. Beren bizitzekin nahi zutena egin zezaten, eta haurrak edukitzeko ala ez, ahalmen hori euren esku egon zedin bultzatu genuen. Aldi berean, emakume asko hiltzen zituen zerbiko-uterinoaren minbiziari aurre egiteko baliabideak jarri genituen.

Sandinismoaren 1991ko hauteskunde porrotak amets ugari zapuztu zituen; zuk, ordea, han jarraitu zenuen.
M.B.
Ez geneukan dogma edo katezismorik, baina emakumeek zapalduta jarraitzen zutela eta lan asko zegoela egiteko, hori begi bistako gauza zen guretzat. Emakumeen munduan genbiltzanok argi ikusten genuen zenbat zegoen sakontzeko emakumearen bizitzako beste hainbat arlotan, osasunaz gain. 42.000 biztanleko Malpaisilloko herrian, diagnostiko partehartzaile bat jarri genuen martxan. Besteak beste, galdera hauxe egin genien emakumeei: “berriro jaioko bazina, zer aldatuko zenuke zure bizitzatik?”. %98ak, ez litzatekeela ezkonduko eta ez lukeela haurrik edukiko erantzun zuen. Giza harreman moten arloa aztertzea eragin zuen diagnostikoak, eta plangintza oso bat definitu genuen, gure baliabide murritzak aintzat hartuta. Plangintza horretan, hainbat ekimen joan ginen sartzen poliki-poliki: oinarrizko laguntza osasunean eta elikaduran, ahuntzaren esnea oinarrizko elikagai gisa, barazki eta fruta-arbolen landaketa, emaginak, genero formakuntzak, bekak ikasteko, herritarren partehartzearen kultura, genero biolentziaren aurkako kanpainak... Azken helburua gero eta argiago zegoen: plangintza integrala lortzea, emakumearen bizitza duin bilakatu, eta euren bizitzaren jabe izatea bultzatuko zuena.    

Egunez egun garatzen zihoan prozesu dinamiko batean murgildu zineten Xochilt-Acatl emakumeen elkartekoak, beraz.
M.B.
Emakume nekazariekin batera hausnarketak eginez, handitzen joan zen jorratzen genituen arloen zerrenda. Halako batean, emakumearen eremu pribatua lantzetik eremu publikoa lantzerako jauzia eman genuen. Gizonarekin lan egin behar zela ikusi genuen orduan. Gizonen liderrekin eskola sortu genuen, euren maskulinitatea deskubritu zezaten eta kultura politikoa alda zezaten.

Zer lortu duzue emakumearen produkzioaren arloan?
M.B.
Malpaisilloko herriko zenbait komunitatetako 500 bat emakumek kooperatibetan lan egiten dute; eurak ekoizten eta merkaturatzen dute guztia, barazkiak, haragia... Euren ondasuna daukate gaur egun. Lurra erosten dugu Europatik datozkigun laguntzekin, eta familia batean ez dugu inbersiorik egiten emakumearen izenean jarri ezean. Joko arauak aldatu egin dira euren familietan, beraz. Iraultza garaian, gizonek, estatuak emandako lurra eta azpiegitura guztia saldu zuten; zabar jokatu eta dena galdu zuten. Gainera, emakumea kalean noiz geratuko beldurrez bizitzera kondenatua zegoen. Orain emakumeen ordua iritsi da; familia horien bizi kalitatea orain ari da hobetzen.

Emakumeen burujabetasunaren prozesu hori, nola hartzen dute gizonek?
M.B.
Bi aukera dauzkate: Costa Ricara joan uztan edo eraikuntzan aritzera, ala etxeko errealitate hori onartu. Eta nahiago dute azken hau; diruaren kontrolik ez izan arren ikusten baitute aurrera egin duela familiaren bizi mailak. Lehen, gizonek familia euren ondasuna zela uste zuten. Orain, familiaren baitan harremanak gizatiarragoak eta berdintsuagoak dira, kasu gehienetan. Familian denak partekatzen dituzte produkzio eta etxeko lanak.

Zertan laguntzen dizute Andoaingo Udalarekin eta beste zenbait instituzioekin egindako hitzarmenek?
M.B.
Emakumeek ikasketa teknikoekin jarrai dezaten bekak izaten dira. Emakume sustatzaileak izango dira etorkizunean horiek; pentsa kontzientzia eta prestakuntza teknikoa gainezka duten emakumeek zenbat eragin dezaketen, arlo guztietan, euren jatorrizko komunitateetan...

Aski kritikoa zara mendebaldeko laguntza politikarekin, eta Gobernuz Kanpoko zenbait erakundeekin.
M.B.
“Gizajoak, ez dute ezertarako gaitasunik”. Egia absolutoa daukala uste duenaren mentalitate horrek mendebaldean oraindik funtzionatzen duela iruditzen zait. Ez du zerikusirik errealitatearekin, baina. Mendebaldekoen aukera berberak ez eduki izana, hori da euren zoritxarra. Aukera horiek eskura jarriz gero, gu bezain bizkorrak dira. Euskal Herrira natorren aldiro, Iparraren eta Hegoaren arteko elkarrizketaren beharra azpimarratu nahi izaten dut. Laguntzak ematerakoan, epe motzeko etekinak bilatzen dituen ikuspegi ekonomizista bilatzen baita maiz. Hangoekin errespetuz hitz eginez gero, ikusten da epe luzeko prozesuak behar direla jarri abian. Pertsonen garapen integrala bultzatuko dutenak, eta hori ez da bi egunetan lortzen.

Aitzindaria zuen proiektua Amerika osoan. Zuen eskarmentua ikustera joateko, buruzagiak joateko eskatzen duzue, batik bat. Zergatik?
M.B.
Gure egunerokoarekin, garapen eredu berri bat posible dela erakusten dugu, eta ongi etorri izan bedi gure bizimodua ikustera datorren oro. Baina urteen poderioz ohartu gara erakunde publiko edo komunitate bateko liderrak konbentzitu behar direla gauzak benetan aldatzen hasteko.  Hargatik gonbidatzen ditugu horiek bereziki.

Urtean behin, Santakutzetan etortzen zara, zure ingurukoekin egotera eta instituzioekin hitz egitera. Nola ikusten gaituzu?
M.B.
Emozio pertsonalen arloan ikusten dizkizuet gabezi asko. Han konturatuta gaude emozioek izugarri markatzen duela pertsonaren bizi kalitatea, eta arlo hori jorratzen saiatzen gara. Oso aurreratuta gaude alde horretatik, zuen aldean. Pentsatzen baituzue aski dela ondasun materiala edukitzea. Oinarrizko segurtasuna eman, ematen dizu, baina non geratzen da aberastasun pertsonala?

Nikaraguan jarraitzeko asmotan zara? Herriminik sentitzen ez?
M.B.
Emakumeen motorra ez balitz egon, etxera itzuliko nintzen iraultza amaitu zen bezain pronto 1991ean. 25 urteren ondoren, ordea, emakumeen burujabetzaren alde ekarpenak egiteko gai ikusten dut neure burua, eta horrek izugarri motibatzen nau. Hemen ditut familia eta lagunak, eta faltan botatzen ditut zuek aisialdirako dituzuten aukerak, mendi irteerak egin ahal izatea… baina Nikaraguan dago nire tokia, oraingoz. Inoiz ezin baita esan betirako denik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!