Plan Orokorrari aurkeztutako alegazioak, ikuspuntu ezberdinen adierazle

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 12a, 10:50

Maiatzaren 5ean itxi zen, Udalaren aldetik pasa zen legealdian lehen onarpena izan zuen Urnietako Plan Orokor berriari alegazioak egiteko epea. Elkarte, alderdi politiko eta norbanako herritarrak aurkeztu dituzten alegazioak, herriaren etorkizunari buruz dauden ikuspuntu ezberdinen adierazle dira.

Orain Plan Orokorra egin zuen talde teknikoaren lana hasten da. Banan-bana alegazio guztiak aztertu ondoren erabaki beharko dute zein diren baliagarriak eta zein gelditzen diren kanpora. Lehen onarpena izandako Planari aldaketa nabarmenak egitekotan orainartekoa alboratu eta Plan berri bat egin beharko da zerotik hasita.

Arnasa plataformak bezalako elkarteek eginiko alegazioez gain, alderdi politiko bakoitzak ere egin ditu bereak. Alderdi sozialista izan da alegazio gehien aurkeztu dituena. Alderdi honek besteak beste proposatzen du Arantzibia, Babilonia eta Ermotegi inguruetan aurreikusten diren etxe-kopurua gutxitzea eta aldiz, Lategi auzoan (Igarategitik kanposanturaino) 30 etxebizitza egitea eta era berean Oztaran auzoan, Langardaren aurrealdean (Aran Ederretik Mandazubiko biribilguneraino) beste 250 etxebizitza berri egitea. Horrela, gune horietarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lurralde Antolamenturako Aurreikuspenetan agertzen den asmoa, hau da, industri eta zerbitzu-guneak egitea, alboratuko litzatekelakoan.

Udal gobernuburu den UDA taldeak ere bere alegazioak aurkeztu ditu. Hauen artean nabermentzekoak dira etxebizitzari dagozkionak, hauen kopurua gutxitzea eskatzen dute; baita ere Urkain berri ingururako aurkeztu duten proiektua, hau da, parke teknologiko eta hainbat zerbitzuetako eraikinekin batera aisia gune ere izatea proposatzen baitute. Trankatxerako, Arnasak egiten duen moduan uraren inguruan joango litzatekeen parke bat proposatzen dute. Garratzisua, baita ere, ikastolaren bigarren hezkuntzako eraikina egiteko beharrezkoak diren 5.000 metro karratuez gain, eginkizun horretarako beste 3.000 metro karratu gehiago erreserbatzea proposatu dute, etorkizunean haur edo lehen hezkuntzan izan litezkeen beharrei aurre egin ahal izateko, eta gune hori polikiroldegiarekin elkartzeko. Igogailu edo aldapa mekanikoen aldeko apustua ere egiten dute, esaterako, Josekrutzen aldaparako, geltokitik plazara igotzeko eta abar.

EAE-ANVk bere aldetik, gaztelera hutsean erredaktatuta dagoen dokumentu hau euskaratzea eskatu du.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!