Olatz Odriozola ez da podiumetik jaisten

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 9a, 19:48

Trabesia batzuetan parte hartzen hasi ostean animatu zuten Olatz Odriozola urnietarra txirrindularitzan aritzera. Hogeita bost urterekin, lau urte daramatza Andoaingo Ciclos Patxi taldean mountain bike lehian. Lasterketa batean parte hartu eta hura irabazi, hala dabil denboraldi honetan.

Lehen postuetan zabiltza. Zerbaiten emaitza izango da hori?
Olatz Odriozola:
Lehiatzea gustuko dut eta egunetik egunera hobetzen joateko entrenatzen dut.

Denboraldia zer momentutan dago orain?
O.O.:
Euskadiko ranking-eko bi lasterketa eta Openeko hiru egin ditut orain arte, eta denetan garaile atera naiz. Denboraldiaren erdialdera iristen ari naiz, baina lasterketarik garrantzitsuenak falta zaizkit.  

Eta zu, nola zaude indar aldetik?
O.O.:
  Indar aldetik ondo ikusten naiz, baina nire akatsik handiena buruari buelta gehiegi ematen dizkiodala da.

Lortzen dituzun emaitzak hobeto ulertze aldera, argituiguzu zertan ezberdintzen den zeure txapelketa lehia?
O.O.: 
Nesketan kategoria bakarra dago, baina mutiletan adinaren arabera kategoria batean ala bestean parte hartzen dute. Euskadi mailan, Euskadiko Opena eta Euskadiko Ranking-a osatzen duten lasterketak daude. Lasterketak 5-7 km inguruko mendi zirkuitu itxi batean egiten dira. Itzuli kopurua zirkuituaren gogortasuna eta kategoriaren arabera erabakitzen da. Zirkuitu batzuk oso teknikoak dira, igoera gogor eta jaitsiera zailekin eta beste batzuk azkarrak pista luzeetan barrena. Bi irteera egiten dituzte, lehenengoan Mutil Eliteak, sub-23 eta Master 30, eta bigarrengoan Juniorrak, Neskak, Kadeteak eta Beteranoak. Irteeran ziztu bizian ateratzen gara eta aldapa gora dena eman ondoren, aldapan behera bide txarretatik jaisteko gai izan behar zara.

Hain emaitza onak lortuta, goia jo al duzu zeure ustez?
O.O.: 
Nik ez diot mugarik jartzen neure buruari. Ez zait lortu dudanarekin konformatzea gustatzen eta hobetzen saiatzen naiz.

Etenik gabe zabiltza txapelketaz txapelketa. Ematen al du jardunaldi bakoitzerako egoki prestatzeko denbora?
O.O.: 
Euskadiko lasterketak entrenamendu moduan hartzen ditut. Nire helburua Espainiako txapelketetara ahal bezain ondoen iristea da, nahiz eta bertan lehenengo postuetan aritzea zaila izango den.

Bizimodua zertan eta zenbateraino aldatu dizu kirol honetan aritzeak?
O.O.: 
Gustuko dut bizikletan ibiltzea, kasualitatez hasi nintzen eta zaletasun bat izatetik engantxatuta egotera pasa naiz, eta ezin utzi. Esan beharra daukat estresatuta bizi naizela. Goiz eta arratsaldez lan egiten dut eta eguerdian entrenatu. Lanera joaten naiz bizikleta eta arropa hartuta, lana bukatu, arropaz aldatu, entrenatu eta etxera. Gero korrika dutxatu eta bazkalduta, berriro lanera itzultzeko.

Ciclos Patxi Andoaingo taldean zabiltza, baina zu urnietarra zara. Ba al dago zeure lekukoa har dezakeen neska urnietarrik?
O.O.: 
Akaso egongo da beste neskaren bat baina nik oraingoz ez dut inor ezagutzen. Neska edo mutil, bizikletan ibiltzea eta mendia atsegin baditu eta gogoak jartzen badizkio, anima dadila mendiko bizikleta probatzera.

Denboraldia zer modutan aurreikusten duzu bukatzea?
O.O.:
  Aurtengo nire helburuetako bat Espainiako Openean parte hartzea zen, baina lasterketak urrutiegi direla eta bertan behera geratu da. Beraz Euskadiko Opena eta Euskadiko txapelketa irabazten saiatu eta Espainiako txapelketan ahal dudan hobekien ibiltzearekin konformatuko naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!