Ikastaroa mendekotasuna duten gaixoen inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 9a, 19:36

Pertsona bat gaixotzen denean ingurukoen laguntza behar izaten du. Etxekoak, senideak izan ohi dira kasu askotan, eri dagoena behar adina zaintzeaz arduratzen direnak. Gaixoa etxean zaindu nahi dutelako, inora eraman gabe.

Baina nor arduratzen da zaintze lanak bere gain hartzen dituzten pertsona horietaz? Laguntzaileek ere alor ezberdinetako laguntza behar izaten dute. Sostengu hori Gizarte Zerbitzuetara joanda aurki dezakete.

Bertan emango diote, zaintzailea lagundu eta berak egin ohi duen zaintza lana erraztea helburu duen “Sendian” programaren berri. Ekimen horretako ardatza, gaixoa baino zaintzailea da eta bera laguntzeko eskaintza anitza du; heziketa ikastaroak, laguntza taldeak, laguntza psikologikoa, gaixoaren zaintza Gizarte Zerbitzuetako beste baliabideekin partekatzeko aukera.... Baina baliabide horien erabiltzailea izateko, bi baldintza bete behar dira; gaixo dagoen pertsonak familiarekin bizi eta mendekotasun gradua onartua izan behar du.

Duela aste gutxi Andoaingo Gizarte Zerbitzuen lansailak “Sendian” programari lotutako formazio ikastaro bat antolatu zuen. Adituen laguntzaz, arlo ezberdinetan zaintzaile batek jakin beharreko gaiak jorratu zituzten. Gizarte Zerbitzuek dituzten baliabideen berri jaso zuten ikastaroan izena eman zutenek. Osasun gaiari lotutako xehetasunak mediku baten eskutik, baita eskura duten laguntza teknikoa eta psikologikoari buruzko informazioa jaso ere. Pertsona ezgaitu batek inguruan laguntzeko inor ez duenean, bere tutoretza hartzen duen Hurkoa Fundazioaren nondik norakoak ere ezagutu zituzten.

Gipuzkoa mailan lehen aldiz eskaini da ikastaroa bi hizkuntzatan; erdaraz orain arte, Andoainen baita euskaraz ere. Hamasei herritarrek parte hartu zuten euskarako taldean, hamaikak erdarakoan. Ekimeneko antolatzaileek formazio ikastaroko kideei egunero balorazio inkestak egitea eskatu zizkieten. “Oso balorazio ona egin dute. Oso gustura egon dira”, adierazi du gizarte laguntzaile Miren Lizeagak.

DEPENDENTZIA LEGEA
Gizarte Zerbitzuetatik apirilean antolatu zuten ikastaroko gaiari erabat lotuta dago jada indarren dagoen Dependentzia Legea. Iaz, herritar asko izan zen Gizarte Zerbitzuetan araudi berri horri buruzko informazio eta laguntza eske. Baina gizarte laguntzaileak argitu nahi izan duenez, “urtarriletik ari gara tramitatzen”. Lizeagaren esanetan, aipatu legediak eskubide berri bat sortzea ekarri du: “Lehen eskatzeko eskubidea zegoen. Orain, administrazioak emateko obligazioa du”. Laguntzen eskaria handitzen doan neurrian beraz, erakundeek, Gipuzkoako Foru Aldundiak geure kasuan, baliabideak eta zerbitzuak indartzen eta ugaritzen joan beharko du. Indarrean sartu berri den eta 2014. urterako guztiz aplikagarria izango den Dependentzia Lege berriak, horretara behartzen baititu erakundeak; araudiak aurreikusitako baldintzak betetzen dituztenak laguntzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!