Aurtengoa XII. edizioa izango da. Larramendi Bazkunak abian jarri zuenetik, ezaugarri berari eutsi dio aipamenak: Euskal Herri mailan, liburu saritua irakurleek aukeratzen duten sariketa bakarra izatea. Ez da urtebeteko epean idatzitako libururik onena saritzen, irakurleek denbora tarte horretan gogokoen izan dutena baizik.
Urtean zehar hainbat libururen iritziak bidali eta aipamenaren garaian libururen baten aldeko proposamena egiteko, 2000 urtean 60 lagunez osatutako epaimahai orokorra sortu zen. Iaz, ekimena indartzeko asmoz, 111 akademia jarri zen martxan. Ehun eta hamaika iritzi eta proposamen emaile izatera iritsi nahi da eta erantzun bikaina izaten ari da saiakera berria. Dagoeneko ia 100 dira akademikideak.
Maiatzaren 17an, Basteron
2007an idatzitako liburu guztien artean, bost pasa ziren bigarren bozketa txandara eta horietatik bi ibili dira aipamena eskuratzeko azken lehian. Ipuin liburuak eta eleberriak izan dira bozketan lehiatu diren generoak. Maiatzaren 17an zuzen-zuzenean jakingo da emaitza, eguerdiko 12:00-etatik aurrera. Hantxe izango da, beste hainbat gonbidaturen artean, saria jasoko duen idazlea ere, ekitaldiaren amaieran hitza hartuko duena. Imanol Ubeda musikariak jarriko du doinua eta etxeratu aurretik, mokadua ere eskainiko da.
HAMABIGARREN EDIZIOA
Orain arte saritu diren idazleak hauexek dira, urtez urte:
• 1996 Joxean Agirre
• 1997 Ur Apalategi
• 1998 Koldo Izagirre
• 1999 Lourdes Oñederra
• 2000 Ramon Saizarbitoria
• 2001 Joseba Sarrionandia
• 2002 Anjel Lertxundi
• 2003 Bernardo Atxaga
• 2004 Pako Aristi
• 2005 Juan Kruz Igerabide
• 2006 Karmele Jaio
2007 urteari dagokiona jakiterik ez dago, oraingoz. Datorren astean aditzera emango dira idazlanaren eta egilearen izenak. Ekitaldia, zer esanik ez, irekia izango da agertu nahi duen ororentzat.