Mediku aldaketa anbulategian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 9a, 19:34

Jada bere kontsultan izan direnak agurtzen ari da Jose Luis Paulin medikua. Hemezortzi urtez  lanean aritu ostean, beranduenez jota uda baino lehen utziko du lanpostua, bere plaza lehiaketa publikora atera baita. Paulinek inoiz ez du plaza finkorik izan anbulategian eta une oro kolokan egon da bere lanpostua.

Askorentzat gozoki baten moduko lan-eskaintza dela gogoratzen du Paulinek. Mediku batentzat, lan-baldintza ezin hobeak baitira; goizeko ordutegian lan egitea, eta Urnieta Donostiatik gertu dagoen herri txikia dela kontuan hartuta gainera. Alde on bat ikusten dio medikuak, prozesu honi guztiari; “etorriko diren langile berrienak, gelditzeko etorriko dira”. Langileak pluralean aipatzen du, berarekin batera, bere bi lankideek ere anbulategia utziko baitute gutxi barru. Beraz, plaza berriak betetzeko prozesua amaitzen denerako, hiru langile berri izango ditu Urnietako anbulategiak. Eta itxura guztien arabera, gelditzeko etorriko dira. Herritarrak aurpegi berrietara ohitzeko denbora beharko dute, baita mediku berriek ere. Horregatik, Paulinek zera eskatzen du: “pazientzia eta denbora ematea egokitzeko”.
Erabat desados dago Osakidetzak gai honetan aplikatzen duen politikarekin, bere ustetan, oinarrizkoena sendagile eta gaixoaren arteko harremana, ez baita kontuan hartzen. Geratzea eskatua du, berak gogorarazten duenez, bere lan egoera bezalako “kasu gutxi daude eta”. Berak Urnietan lanean daraman denboran ez da behin ere lehiaketara atera lanpostua. Orain, ia hogei urteren buruan ordea, bai.

ESKER HITZAK URNIETARREI
 “Nire eskerrak herritarrei, erakutsi didaten guztiagatik; mediku eta pertsona hobea izaten irakatsi didatelako. Urnietarrei, eskerrak eman, askotan hitzik gabe utzi nautelako”, adierazi du medikuak.
Bere egitekoa herritarren osasunaz kezkatzea bazen ere, horri lotuta, arlo sozialeko eta ika-mika eragin duten gaietan ere iritzia publikoki eman du. Urnietan eraiki nahi zen erraustegiaren edota jada aurrera doazen autobide lanen kasuan adibidez. Halakorik ez egitea guztiz errespetagarritzat jotzen du baina berak argi du: “Medikuok iritzia eman behar dugun gaiak direla uste dut, osasuna baitago jokoan”. Herritarrei buruz gauza bera pentsatzen du. Erraustegiaren edo autobidearen gaiek Urnieta bizirik dagoela erakutsi dute, bere esanetan. Horregatik, urnietarrak ere gauza bera egiten jarraitzera deitzen ditu;  “Herri bezala, jarrai dezala herri errebeldea izaten, inkonformismoaren adibide izaten. Eta borrokan jarrai dezala, beretzat onena den horren alde”.

UDALA GESTIOAK EGITEN
Hiru medikuak Anbulategitik doazela jakin ahala, kezka nagusitu da urnietarren artean eta mezu hori udal ordezkariei helarazi diete zenbait herritarrek. Ongizate gaien ardura hartu berri duen UDA-ko zinegotzi Juan Mari Tomasenak adierazi duenez, “Osakidetzarengana zuzenduko gara, haiei ikustarazteko zer arazo eragingo duen hiru medikuak ordezkatuak izatea. Gestioak egingo ditugu”. Bere esanetan, osasuna ez da prozesu administratibo bat, herritarrok dugun gauza preziatuena baizik eta hiru medikuak bat-batean ordezkatzeak arazoak eragin ditzake. Mediku aldaketak pixkanakakoak izatea, proposatzen duen formuletako bat da. “Hau guztia modu sentikorrean egin behar da. Arlo honetan giza faktore bakarra medikua da, konfiantza duzun pertsona”, adierazi du zinegotziak.
Legea aplikatzearen alde daude, baina Tomasenak gogorarazten duenez, “kasu honetan, gaizki aplikatu da”. Aipatu bezala, hogei urte igaro baitira Urnietako mediku plazak lehiaketa publikora atera arte.
Etor daitezkeen mediku berrien profesionaltasuna zalantzan jarri gabe, Ongizate gaien ardura duen zinegotziak, kontuan hartzekoa irizten dio herritarrak egungo medikuekin gustura egotea eta hala egoten jarraitu nahi izatea. Sinadurak ere biltzen hasiak dira batzuk.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!