"Egun gure ingurune naturaletan dugun landare arriskutsuena, Reynoutria izenarekin ezagutzen dena (Fallopia japonica), gure erreka bazter nagusienen jaun eta jabe da. Inoiz ohartu bazara, gure betiko haltz, hurritz, lizar edota platanondoen azpialdeetan bada bihotz formako hostoa duen zuhaixka berde eta emankor bat; hori da Reynoutria. Orokorrean masa berde argi eta jarraiak osatzen ditu, bereziki Oria ibaian eta baita Aranerrekako behe ibilguan ere.
Landare hau izugarrizko kalteak eragiten ari da isil-isilik, baina bereziki gure erreka eta errekastoetako berezko landaredia naturalaren garapena eta hedapena oztopatzen ditu. Hori gutxi balitz, erreken biodibertsitatea murrizten du, lurren balioa gutxitu, erreken higadura handitu, uholdeetarako azpiegiturak hondatu...
Espezie hau ezabatzea oso zaila da eta egun ez du soluzio bide errazik, baina, hala ere, Udalak bere egin du landare hau kontrolatzen saiatzeko ahalegina, eta, horregatik,hemendik aurrera Aranerrekan gure herriko lorazainak landare hau ezabatu nahian ibiliko dira jo eta su.
Gure ingurune naturalen arazo larri honen aurrean denon parte-hartzea beharrezkoa da eta herritar ororen laguntza eskertuko dugu. Hala ere, arazo edo ezbeharren bat izanez gero, ahalik eta arinen jakinaraztea eskertuko genizueke".