Maixabel Arrietak jarraituko du alkatetzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 8a, 12:39

Tentsio handiko batzarra izan zen atzo iluntzean Villabonako udaletxean. Ohiko batzarraldiaren baitan, EAJ-PNV eta PSOE alderdiko zinegotziek zentsura mozioa aurkeztu zuten. Udaletxeko batzar aretoan herritar eta kazetari piloa bildu zen. Guztientzat aretoan lekurik ez eta kanpoan jende asko geratu zen.

PNV eta PSOE alderdien aurkako oihuak nagusitu ziren batzarra hasi aurretik. Maixabel Arrieta alkateak “mesedez” lasaitasuna eskatu zuen, behin eta berriz, bilkura hasi zenean. Aurreko batzarreko akta onartu eta gero, EAJ-PNVko alderdiko Bakartxo Tejeriak mozioa irakurri zuen:

MOZIOA
Honako mozio hau izenpetzen dugun Villabonako Udaleko zinegotziok, Osoko Bilkurak onar dezan aurkeztu nahi dugu, bakeari eta normalizazio politikoari modu eraginkorrean laguntzeko helburua dugula.


Lehenengoz.- Villabonako Udalak erabaki du Udal honetako herri karguek zalantzarik gabeko konpromisoa hartu behar dutela honako printzipio hauen inguruan:


    1.- Gizakiaren duintasuna errespetatzea, ondorioz eratortzen diren eskubide eta askatasunerako oinarria den aldetik, eta bereziki bizitzeko eskubidea errespetatuz.
    2.- Pertsona guztiek merezi duten giza eskubideen defentsa egitea eta hauek urratzeko edonolako saiakera arbuiatzea.
    3.- Aniztasun politiko, soziala, ideologikoa edo nortasunezkoa onartzea.
    4.- Politika, demokrazia eta elkarrizketaren aldeko apustu argia eta ondorioz, zenbait jarrera politiko defendatzeko eta prozesu politikoei kalte egiteko mehatxuaren eta bortxakeriaren gaitzestea.


Bigarrenez.- Villabonako Udalak ondorioz eta printzipio hauek kontuan hartuz, argi uzten du ETAren ekimen terroristak, azken aldian eragindako heriotza-atentatuek eta bere azken mezuaren bidez egindako mehatxuak, esandako printzipioen urratze argia eta larria suposatzen duela.


Hirugarrenez.- Villabonako Udalak aurreko puntuak onartzen ez dituen Udal ordezkariei exijitzen die beren gobernu karguak uzteko dimisioa aurkez dezatela.


Mozioa irakurri eta gero, bozketari ekin zioten. Aldeko lau boto jaso zituen: EAJ-PNV alderdiko hiru boto: Bakartxo Tejeria, Iker Ariznabarreta eta Xabier Azkolainenak eta PSOEko Iñaki Uriberena. EAJ-PNVko Alaitz Etxabe, Pello Zendoia independentea eta EB-IUko Mari Jose Sanchez ez ziren batzarrera etorri. Ondorioz, boto kopuruak ez zuen EAE-ANVko sei zinegotzien kopurua gainditu eta aurrerantzean ere, Maixabel Arrietak jarraituko du Villabonako alkate. EAE-ANV alderdiak izango du Udaleko gehiengoa.


Lehen mozioa eta gero, EAE-ANV alderdiko Remi Ayestaran zinegotziak aurkeztutako mozioa irakurri zuen Maixabel Arrieta alkateak:

1.- Dimisio eskaerak eta zentsura mozioak, eta halaber, ezker abertzalea isolatzeko estrategia oro, antzua da gatazkaren konponbidera heltzeko.
2.- Gatazka politikoa konpontzeko gakoa autodeterminazio eta lurraldetasunaren korapiloak askatzea da.
3.- Udal honek uste du euskal herritarrek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela, eta, hori, lehenbailehen gerta dadin urratsak eman behar direla, eta Espainia nahiz Frantziako gobernuek Euskal Herriak erabaki duena errespetatu behar dutela.
4.- Udal honek bere eskuetan dagoen guztia egingo du euskal gizartea eskatzen eta nahi duen benetako aldaketa politikoa gauza dadin.
5.- Udal honek bere egiten du proiektu politiko guztiak aukera berdintasunean lehiatzeko duten eskubidearen aitortzan eta hori bermatzeko bere eskura dauden bitartekoak jarriko ditu.

Bigarren mozio honek EAE-ANV alderdiko sei kideen aldeko botoak jaso zituen: Maixabel Arrieta, Remi Ayestaran, Josune Arretxe, Hautsi Izagirre, Maialen Abaigar eta Julito Iturberena.

Herritarren hitza
Mozioa bozkatu eta gero, batzar aretoan bildutako hainbat herritarrek hartu zuten hitza. Lehenengoa PNVri zuzendu zitzaion eta hanka sartu zutela azaldu zuen, “oso ongi dakizue non dagoen gatazkaren sorburua eta erabat ahaztu duzue sorburura joan behar dela arazoa konpontzeko. Oso pauso larria eman duzue. Ezker Abertzalea kriminalizatu duzue, PSOEkoen laguntzarekin. Oraingo honetan marka guztiak hautsi dituzuela uste dut eta herritarren sektore zabal batek ere ez du inondik inora ulertzen nola egin daitekeen herri borondatearen aurkako saiakera hori”. Bigarren herritarra Bakartxo Tejeriari zuzendu zitzaion: “herri honen idiosinkrasia ezagutzen ez duela iruditzen zait eta herriaren aurrean, bere demokrazia famatuaren nondik norakoa entzun nahi nuke”. Bakartxok, berak aurkeztu zuen mozioaren aurka ote zegoen galdetu zion. Biolentzia guztiak arbuiatzen ote zituen. Iritzi eta aipamen gehiago ere izan zen tartean. Remi Ayestaran zinegotziak eman zion amaiera batzarrari, “eskerrak eman nahi dizkiogu herriari, emandako babesagatik. Ez dira une errazak; gehienbat, Arrasateko batzar berdinaren ondorioz izandako emaitzak ikusi eta gero. Ez dakigu une honetan eta hemendik denbora batera nola egon daitezkeen gure buruak”.

“ANV aurrera” eta “Maixabel, gure alkatea” oihuak nagusitu ziren batzarraren amaieran.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!