Pedalei eraginez, Zamoratik Santiagora

Egunero hirurogei kilometro inguru eginez, zazpi egunetan egin dute Zamora eta Santiago arteko bidea Uliazpi egoitzan bizi diren Angel, Iker, Javier, Jesus Maria, Joxema eta Manuelek.

Apirilaren 18an abiatu ziren Uliazpi egoitzako sei egoiliar sei zaintzaileren laguntzarekin. Zamorako Granja de Moreruela herrian zuten aurtengo bizikleta irteeraren abiapuntua. “Ruta de la Plata delakoaren zati bat egin dugu. Sevillatik Santiagora doan bidea da eta aurreko urte batean osorik egin bagenuen ere, aurten Zamoratik hastea erabaki dugu. Guztira hamar eguneko irteera izan da, horietako zazpi bizikletaz egin ditugu”, azaldu du Javier Pagola zaintzaileak.


Eguraldi hotza eta umela izan zuten lehen egunetan: “Hala ere, bizikletak egunero atera ditugu, ateri uneak aprobetxatuz. Pertsona ezinduekin gindoazenez, tandema erabili dugu. Txandakatuz ibili dira bizikleta gainean: bat tandemean zihoanean, gainerakoak furgonetan”.


“Oso pozik ibili dira denak. Gehienek lehendik ere egina zuten bizikleta irteeraren bat eta oso gustura joaten dira. Lehendabiziko aldiz egin duen pertsona bat ere izan da eta oso ondo moldatu da. Zaintzaileontzat ere oso aberasgarria da, errepikatzeko modukoa”, diote aho batez Javier, Idoia, Vanessa eta Irantzu zaintzaileek.

Harrera beroa
Bidean izandako harrerarekin ere oso pozik agertu dira: “Jendeak asko lagundu digu. Zamorako herri txiki-txikietan ahal duten guztia eskaintzen saiatu dira eta hori eskertzekoa da”. Sanabriako lakua, Ourenseko termak, Zamorako herritxoak... “Oso toki politak ikusi ditugu. Ostiralean, apirilaren 25ean iritsi ginen Santiagora eta larunbata hiria ikusteko aprobetxatu genuen. Harrigarria zen hango mugimendua. Erromesak etengabe iristen ziren eta horrek giro berezia ematen dio Santiagori”.  Dagoeneko bederatzigarren bizikleta irteera da aurten Uliazpikoek egin dutena: “Oso positiboa da, bai ezinduentzat, baita zaintzaileentzat ere. Aurrerantzean ere egiten jarraitzeko asmoa dugu. Urte hauetako esperientziak, gainera antolaketa lanak errezago egiten laguntzen digu. Lo egiteko edota otorduak egiteko erreferentziak baditugu eta horrek guztia errazten du”, azaldu dute zaintzaileek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!