Errumaniako aldasorotarrak

Errumanian, Bucaresten bizi dira Augustin eta Georgeta Aldasoro. Duela urte gutxi jakin zuten euren abizenaren jatorria euskalduna zela.

ugustinen birraitonak, Felipe Aldasoro segurarrak, Errumanian egin zuen bizimodua eta 140 urte ondoren, Augustin izan da Euskal Herrira itzuli den lehena. 


Oso pozik itzuli zen Augustin Aldasoro, etxera bidean: “Nire abizena entzutean norbaitek  nongoa zara? galdetzen zidanean, ez nekien erantzuten. Nire familiaren jatorria zein den argitu dut orain eta oso gustura nago. Bihotza pozez beteta daramat Euskal Herritik”. Bucaresten hasi zuen Augustinek bere abizenaren jatorria bilatzeko prozesua: “Errumaniara joandako lehena Basilio Aldasoro izan zen. 1846an jaio zen Seguran eta 1872an joan zen Errumaniara. Ez dakigu zergatik edo nola joan zen, baina badakigu enpresa bat zabaldu zuela joan eta berehala. Felipe, nire aitonaren aita, anaiari laguntzera joan zen. Hemen, arreba bakarra geratu zen, Atanasia izenekoa. Basilio diruduna zen eta laguntza handia eskaini zion Errumaniako eliza katolikoari, horregatik, Bucaresteko kanposantuan brontzezko busto bat dago haren omenez. Hari horretatik tiraka hasi eta bere heriotz akta bilatu nuen. Han ikusi nuen Segurakoa zela”, azaldu du Augustinek. Ez da erraza Errumaniako artxiboetan datuak bilatzea: “Mundu gerretan eta komunismo garaian asko eta asko erre egin ziren eta oso datu gutxi mantendu da”.

Bidaia desiratua
Orduan, Augustinek ez zekien Euskal Herria bazenik ere: “Nire jatorria espainiarra zela esaten nuen, Bilbo ingurukoa”. Internet bidez jarraitu zuen Augustinek bere familiaren jatorria hobeto ezagutzeko lana. Aldasoro abizena duen Estatu Batuko familia batekin egin zuen lehen kontaktua, eta haiek bideratu zuten Euskal Herrira. Zizurkilen bizi den Jaione Gereñuk lagundu die euren jatorria bilatzen. “Jaionerekin hitz egin nuen lehen aldian, ez nekien ezer Euskal Herriari buruz. Hemen euskaraz hitz egiten zela esan zidan eta hori izan zen lehen ezustekoa. Jaionek laguntza handia eman digu gure familiaren jatorria bilatzen eta hona etorri garenean, bera izan da gure gida. Eskerrak eman beharrean gaude”, dio Augustinek.


Urria inguruan hasi ziren Augustin eta Georgeta Euskal Herrira etortzeko aukerari bueltak ematen: “Barruak eskatzen zidan etortzea. Bidaia atzeratzen joan ginen, eta urtarrilaren 1ean,oso istripu larria izan genuen autoarekin. Nire jatorriko herria ezagutu gabe ez geratzea erabaki nuen momentu horretan. Urtarrilean bertan erosi nituen hegazkin txartelak eta apirilaren 22an iritsi ginen Euskal Herrira. Lehengo batean esan nien emazteari eta Jaioneri orain lasai hil naitekeela”.

Hemengo familiaren bila
Atanasia Aldasororen ondorengoak aurkitzea zen bidaieko beste helburu bat: “Bi aldiz ezkondu zela jakin dugu, eta alaba bat izan zuela ere bai. Cesareo Miguez izeneko gizon batekin izan zuen alaba hura, baina ezin izan dugu hari horretatik gehiago tira. Hala ere, ez dugu etsi eta gure bilaketa lanetan jarraituko dugu aurrerantzean ere”, dio Augustinek.
Artxibo ezberdinak bisitatu dituzte eta Augustinen birraitona bataiatu zuten eliza ere ikusi ahal izan dute. Eguraldia lagun, Euskal Herriko txoko ezberdin asko ikusteko aukera izan dute eta bertako ohitura batzuk ezagutzeko tartea ere bai. “Ehun eta berrogei urte ondoren Euskal Herrira itzuli den lehendabizikoa naiz, eta oso pozik nago. Bihotza beteta daramat hemendik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!