Konposta, ongarri naturala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 6a, 20:03

2004an hasi ziren Amasako Arantzalde auzoko bederatzi bizilagun gai organikoarekin konposta egiten. Koro Aranak eta Joxe Ramon Ugartek eman dituzte azalpenak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak konpostagailuak jartzeko kanpaina abian jarri zuenean, gaiaren inguruko mugimendua sortu zela aipatu dute elkarrizketatuek, “udaletxetik deitu ziguten interesik ba ote genuen galdezka. Bizilagunen arteko bileran hitz eginda, aurrera egitea erabaki genuen”. Konpostagailua jarri aurretik, Fraisoron eskaintzen zuten ikastaroan parte hartu zuen Joxe Ramon Ugartek, “pare bat orduko ikastaroan besteak beste, konposta nola egin erakutsi zuten. Liburu bana eman ziguten eta kopiak eginda, bizilagunen artean banatu nuen informazioa. Ikastaroa egin eta gero, konposta egiteko ontzia eman ziguten”.

Ontzi hura txiki geratu eta handiago bat egokitu zuten aurrerago. Konposta egiteak zailtasunik ez duela adierazi dute, “gai organikoak botatzen ditugu ontzira. Sukaldeko hondakinak batez ere: barazki eta fruten azalak bereziki”. Sukaldean prestatu gabeko jakiak izan behar dutela zehaztu du Korok, “entsaladaren hondarrek, esaterako, ez dute balio. Ezin baita oliodun ezer bota. Uretan soilik egositako jakiek balio dute, bestela ez. Haragi eta arrainen apurrek ere ez dute balio”. Konpostagailura bota daitezkeen hondakinen artean, barazkiak, fruituak, arrautza edo fruitu lehorren azalak, kafe hautsa edo kartoia aipatu dituzte, “kartoia bota daiteke, baina tintarik gabekoa. Komuneko paperaren biribilkia egokia da, esaterako”. Konpostagailuak bi atal ditu: alde batean konposta egiten den bitartean, beste aldera botatzen dituzte hondakin organikoak. Alboetan eta azpialdean zulotxoak ditu ontziak, haizea sar dadin eta hondakinek irakin dezaten.

Emaitza, sei hilabetetan
Edukiontzitik konposta ateratzen dutenean, ongarri bezala erabiltzen dute, “fruta arbolen ondoan zabaltzen dugu”. Konposta egitearen alde on nagusia zabor-ontzitik zabor asko kentzea dela aipatu dute, “sekulako bolumena kentzen zaio gainerako zaborrari. Neguan bereziki, euria ari duenean, pereza ematen du zaborra hona ekartzeak”. Hala ere merezi duela uste dute, “lan gehixeago eskatzen du baina, poltsa batean bilduta utzi eta egun batetik bestera ere atera daiteke. Ez zaio beste zaborrari bezala usainik egiten”. Hondakin organikoak konpostagailura bota eta sei hilabete inguru behar izaten da konposta sortzeko. “Teorikoki, ondo orekatuta eginez gero, sei hilabetetan egiten da konposta. Materia berdea (barazkiak, frutak…) eta marroia (hosto lehorrak, kartoia, txotxak, zerrauts naturala…) behar izaten dira. Hiru gai berde eta marroi bat, proportzio horretan”. Diotenez, etxean hondakin berdeak edo bustiak sortzen dira gehiago baina tarteka, kontuan izan behar da lehorra edo marroia gehitzea. “Hogei zentimetro inguruko kapa egitean, material guztiak nahastu egin behar dira. Bi hortzeko sardexka erabiltzen dugu horretarako”. Konposta ateratzeari baino garrantzia handiagoa ematen diote zaborra sartzeari, “gure helburua ez da konposta ateratzea. Zaborra modu naturalean botatzea baizik. Berehala hasten da prozesua eta esaten dutenez, 70 gradu hartzen ditu irakinak. Oxigenoa eta mikroorganismoak beharrezkoak dira irakin puntu horretara iristeko”. 100 kilo hondakinetik 30 kilo konpost sortzen da, gutxi gorabehera.

Terrenoa beharrezko
Konposta egitea zaborrari irtenbidea emateko modu natural eta erraza da baina, ez dago herritar guztion eskura. “Terreno puska txiki bat beharrezkoa da, azpian lurra behar baitu konpostagailuak. Ezin da ontzia brea edo hormigoizko lurraren gainean jarri. Gainerakoan, erraza da. Ez du lanik ematen, sobratzen den guztia barrura bota eta aldian behin hondakin horiek nahastea besterik ez”, azaldu du Joxe Ramonek. Zaborraren inguruan dagoen arazoaren aurrean erabat egokia ikusten dute konpostagailuaren aukera, “oso zaila izango litzateke denek ondo erantzutea baina, kalean, lur zati batzuen gainean konpostagailuak jartzea oso irtenbide ona litzateke”, halaxe uste du Korok. Foru Aldundiak urtero diru kopuru bat izaten du konpostagailuei bideratuta. Hala nahi duten herritarren eskura egon daitezke, beraz. Hainbat dendatan saldu ere egiten dituzte ontzi berezi horiek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!