Kaleei kolorea emanez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 6a, 20:02

Aholkularitzan nahiz lorategien diseinuan egiten du lan Iker Goikoetxeak. Udaleko Ingurumen batzordeko partaide da. Atari Bizi lehiaketaren berri azaldu du.

Nondik nora sortu zen lehiaketa martxan jartzeko asmoa?
Ingurumen batzordean, baserritarren edo larrerako beharrez gain, urtean zehar egon zitezkeen beharrak aztertu ziren. Amasa-Villabonaren %95-a urbanoa da eta %5-a landa-gunea. Oso grisa eta zurruna da dena eta ondorioz, landareen inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko beharra ikusi genuen. Komunikabideak sortzen diren garai honetan, azkenean, inkomunikabide bihurtzen direlako, muga horiek hausteko modu bat, horrelako lehiaketa bat martxan jartzea zela iruditu zitzaigun. Lehiaketa xumea da, inolako pretentsio handirik gabea. Etxeko balkoiaz edo leihoez arduratzeko zirikatu egin nahi dugu jendea; azken batean, izaki bizidunak zaintzeko, disfrutatuz.

Udaberriko landareak dira lehiaketako abiapuntu…
Balkoiak urte guztian zehar eduki daitezke landaketa bidez biziberrituta. Hala ere, gure planteamendua zerbait zehatzagoa egitea da eta, udaberriko landaketen bidez, uda hasiera baino lehen, landare eta loreak beren momenturik onenean edukitzea eta nolabait, jendea horretara bultzatzea. Herriko jaietan esfortzua egin duten hainbat herritar saritu egingo da. Hori lortzeko, diptikoa banatu zen herritar guztien postontzietan eta ekainaren hasieran, azoka egun batez, landare banaketa egingo da herritarren artean. Epaimahaia antolatzen ari gara atari zainduenak aukeratzeko.

Nondik etorri zitzaizuen ideia?
Garai batean, “Balkoi loratuak” izeneko antzeko lehiaketa egiten zen Villabonan. Guk martxan jarri duguna zabalxeagoa da, atari guztiak hartuko baitira kontuan: balkoi, leiho, atari, bebarru, erakusleiho... Badakit Zumaian ere egiten dela antzeko lehiaketaren bat. Agian baita Hondarribian ere. Oso ezagunak dira Hondarribiko Alde Zaharreko balkoiak udan, denak lorez beteta egoten direlako. Modu batean, hango herritarrentzat nahiko harrotasun izaten da hori.

Landareak gizakiarekin duen loturari ere garrantzia eman diozue…
Agian amasarrek ez dute hainbesterainoko beharrik ikusiko; atetik atera orduko, naturaren aurrean aurkitzen direlako egunero. Baina Villabonan bizi den jendearentzat, nahiz eta bera kontziente ez izan, balioa badauka, nolabaiteko sentimenak transmititzen direlako. Landareak gauza positiboak eskaintzen ditu. Besteak beste, garaikortasuna adierazten dute: urtaro aldaketak, eguraldi txarra edo ona… Azken batean ingurune naturala adierazten dute, hormigoiak transmititzen ez duena. Gure kulturan, beste garai batzuetan beti bizi izan dira oso modu mistikoan. Lehen natura goraipatuta zeukaten bezala, orain oso alboratuta daukagu.

Zein mezu bidaliko zenieke herritarrei?
Parte hartzera animatzeko. Ez daukate galtzeko ezer, bai irabazteko. Partaidetza denontzat ona izango dela uste dut. Amasa-Villabonan badago lore eta landareekin arduratzen den jendea eta hori ikusi egiten da. Denoi atseginagoa egingo litzaiguke kale ilun batean sartzea baino, kale koloretsu batean sartzea. Apainketarako ez dago mugarik. Baldintza bakarra atariaren loraldi nagusia edo landareen momenturik gorenena Santio jaietan izatea da. Horretarako, udaberri bukaera edo uda hasierari begirako landaketak egin behar dira. Ez da zertan loraldia bilatu beharrik. Aukerak mila daude: hosto kolore ezberdineko huntzak edo beste tonu batzuk eskaintzen dituzten igokariak… Horixe baloratuko den orijinaltasuna. Noski, baita emandako mimoa ere.

Ea herritarrek erantzuten duten…
Lehenengo urtean agian ez du erantzun handirik izango. Nire iritziz, hasieran gauzak eman egin behar dira; urte batzuetara, jendea benetako motibazioa izatera irits dadin. Herritarrek hurrengo urteari begira, ataria apaintzeko ilusioa izan dezaten. Ea urteen poderioz ohitura bihur daitekeen eta jendearen motibazioa handitzen den. Agian, denborarekin, jendeari gutxi irudituko zaio balkoiena eta antzeko egitasmoak bultzatzea beharrezko ikus daiteke herri mailan: lorategi edo bestelako eraikinetara pasaz.

Batzordean bestelako asmorik?
Beharrak asko dira baina dirua gutxi. Besteak beste, Reynutria landare inbaditzailea Aranerrekaren barrura sartuta dagoela konturatzen gara eta batzordetik, lorezainekin batera, errekan gora joan ez dadin, kontrolatu egin behar da. Agian ez da landare arriskutsutzat ikusten baina, aurrera begira, benetako arazoa da hemengo faunarentzat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!