Baserri eta landa eremuko andoaindarrak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 6a, 19:57

Zer egin adinduekin? XXI. mendean, gizarte eragileen kezka nagusietakoa da. Andoainen aspaldikoa da adinduenganako gizarte ekintzak bideratzeko joera.

Orain gutxi, bada, ikerketa baten berri eman dute Andoainen landa edo baserri eremuan egindako galdeketa zabal baten inguruan. Ekimena garrantzitsua da eta ateratako ondorioak lan ildoak zuzentzeko beharrezkoak. Interesgarria eta txalotzeko modukoa. Lehen pausoa besterik ez da, hori bezain garrantzitsua dena falta delako. Antzemandako beharrei erantzutea, ahalik eta azkarren.


Behemendi eskualdeko Landa Garapen Elkartea izan da ikerketaren bideratzailea, Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta INEM Enplegu Sustapenaren babespean. Asmoa baserri eremuetan bizi den 65 urtetik gorako adinduen bizibaldintzen azterketa egitea izan da, haien beharrak zeintzuk diren ezagutzeko. Eta horretarako, zuzenean helduengana jo dute. Azterketaren balioa zalantzan jartzeko aukera gutxi dago,  guztira 122 elkarrizketa egin baitituzte. Kopurua bera handia da. Portzentaiari dagokionez ere, adinduen kopuru zabalera iritsi dira baserri eremuan bizi den adinduen kopurua 197 baita, 2007ko urriko datuetan oinarrituta.

Auzoz auzo
Kopurua eta portzentaia bezala, ikerlariek eremua ere kontuan hartu dute. Gauzak horrela, auzoz auzo egin dituzte elkarrizketak: Buruntzan 33, Goiburun 24, Leizotzen 29 eta Sorabillan 24. Azterlan horretan hainbat datu argigarri bihurtu dira ondorioetara iritsi aurretik: Udal zerbitzuak urrun dituzte eta daudenak ia ez dituzte erabiltzen. Gizarte zerbitzuekiko, esaterako, harreman eskasa dute. Urruntasun horren atzean mugikortasun arazoa dagoela sumatzen da; adinduetako kopuru handi batek garraio zerbitzuaren premia dagoela dio.


Herrigunearekiko urruntasuna eta garraio falta daudela ikusita, erraz uler daiteke adindu horien parte hartze eskasa. Ikerketaren arabera, elkarrizketatuen %93ak ez du herrian antolatzen diren aisialdiko ekintzetan parte hartzen.
Kateatuta doa, beraz, distantzia, garraio falta eta parte hartze eskasa. Ikerlarientzat kateatuta dauden hiru gabezia horien ondorioz bakardadea eta isolamendua eguneroko ogi bilakatzen da. Beraz, etorkizunari begira neurriak hartu beharko dira. Zera adierazten da txostenean, “oso garrantzitsua da erakundeak landa eremuan ekimen berriak sustatzea, harreman sozialak eta pertsonen parte hartzea indartzeko helburuarekin”.

Hartu beharreko neurriak
Etorkizunari begira, beraz, neurriak hartu beharko dira. Proposamenen artean: Foru Aldundiaren Bono-taxiaren informazio kanpaina sustatzea, herri barruko zerbitzua baserri edo landa eremuan indartzea, Gizarte zerbitzuetan antolatzen diren ekimenak edota adinduen intereseko informazioa atez ate helaraztea. Asko dago egiteko, neurriak hartu aurretik ordea ezinbestekoa da ezagutza izatea. Eta, Andoainen, antza denez, lan hori txukun egin da. Adinduen artean eragina izan du azterketak. Apirilaren 23an azterketa soziologiko honen aurkezpena egin zen eta bertara azterketan parte hartu zuten herritar asko izan zen. Balio dezala hazten doan adinduen gizataldeak zebitzu hobea jaso dezan.

Baserri eremuan antzemandako egoerak eta hartu beharreko neurriak 

ANTZEMANDAKO BEHARRAK
Andoaingo landa inguruneko 65 urtetik gorakoen %88ak ez dauka kotxerik. Hori dela eta, edozein zerbitzu erabiltzeko  beste pertsona batzuen menpe egoten dira, horrela beraien autonomia murrizten delarik.



HARREMAN SOZIALAK BULTZATZEKO ESPARRUAK
Harreman sozialak eta beste pertsona batzuekin kontaktua edukitzea oso garrantzitsua da 3.adinekoentzat. Elkarrizketatuen %93ak ez du herrian antolatzen diren aisialdira begirako ekintzetan parte hartzen, eta horrek bakardadea eta isolamendua eragin dezake pertsona horiengan. Egoera horren aurrean, oso garrantzitsua da erakundeak landa eremuan ekimen berriak sustatzea, harreman sozialak eta pertsonen parte  hartzea indartzeko helburuarekin.

HARTU BEHARREKO NEURRIAK
Bono-Taxiaren informazio kanpaina. Programa hau nekazaritza lurretan bizi diren adineko pertsonei eta mugikortasuneko arazo handiak dituzten ezinduei diru laguntzak ematean datza, taxia garraiobide alternatibo gisa erabiltzeko.

HerrI barruko bus zerbitzua indartzea. Zerbitzu honek hainbat geltoki ditu herrian zehar, baina toki askotara ez da iristen. Hori dela eta, autobus zerbitzu hau herriko beste lekuetaraino zabaltzea komenigarria litzateke. Bestalde, autobus zerbitzu honen funtzionamendua urte osoan ematea proposatzen da.

ATEZ ATE PROGRAMA. Taxi zerbitzua eskaini nahi zaie landa eremuko biztanleei, zerbitzua astelehenetik ostiralera izango litzatekeelarik. Zerbitzu horretaz baliatuko diren pertsonak baserrietan jaso eta herriko osasun zentrora eta herriko plazara eramango ditu. Bueltatzeko ordua adostuko dute, berriz baserrietara itzultzeko.
SEINALIZAZIOA. Baserriak non dauden ezagutzeko, bertara hurbildu behar dutenak (osasun zentroko langileak, anbulantziak..) bidea ezagutu dezaten baserrien seinalizazioa ezinbestekoa egiten da. Horregatik baserrietara joaten diren bideetan hauen izenak azaltzen diren seinaleak jartzeko proposamena luzatu zaio udaletxeari.

Informazioa landa eremuan. Ateratzen den informazioa landa eremuan zabaltzea. ( Gizarte Zerbitzuetatik konpromisoa hartu dute hemendik aurrera informazioa landa eremuko biztanleen artean zabalduko dutela).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!