Eskola eta haurreskola martxan izango dira irailean

Zero eta sei urte arteko haurrek Larraulen bertan ikasteko aukera izango dute datorren irailatik aurrera. Jangela zerbitzua ere herriko ostatuan eskainiko zaie txikiei.

Herriko umeak Asteasuko Pello Errotara joan gabe, Pello Errotak ekarriko du ikasgela Larraulera. “Sei urte arteko umeek bertan ikasi ahal izango dute. Larraul bezalako herrientzat oso garrantzitsua iruditzen zaigu umeak bertan eskolatzea. Modu horretan herriarekin identifikatzen dira, ekintzak bertan antolatzen dira... Duela hogeita hamar urte bazegoen eskola herrian, baina ume gutxi zegoela eta, itxi egin zen. Orain, herria haztearekin batera, haur gehiago jaiotzen da urtero eta beharrezkoa iruditu zitzaigun eskola herrian izatea”, azaldu du Xabier Mujika alkateak.

Haurreskola ere bai
Ikasgela Larraulen bertan jarri ahal izateko, zenbait baldintza jarri zituen Eusko Jaurlaritzak, tartean, Haurreskolen Partzuergoak 0-2 urte arteko zerbitzua herrian jartzea. “Gutxienez hiru umek izena ematea eskatu digute Partzuergotik eta hori betetzen dugunez, aurrera aterako da”.


Antton Amonarriz Kultur Etxean jarriko dira haurreskola eta ikasgela, “Eraikina egin zenean, haurreskola prest geratu zen. Eskolarako, Udalak bi gela uztea eskatu dute eta psikomotrizitate gela txandaka erabili ahal izango genuke. Kultur Etxean jarriko genuke ikasgela. Lan batzuk egin behar dira, besteak beste komunak egokitzeko. Altzariak berriz, Eusko Jaurlaritzak ekarriko ditu”.


Pello Errotako ikasleak izango dira Larraulgo ikasleak, baina ez dute herritik mugitu beharrik izango. “Jangela zerbitzua ere eskainiko zaie, herri ostatuan. Hezkuntzak zaintzaile bat jarriko du bazkalorduan eta berriro eskolara sartu arteko denboran haurrekin egoteko”, argitu du Xabierrek.


“Gurasoei eskerrak eman behar dizkiegu egindako lan guztiagatik. Pello Errotako gela bat herrira ekartzea lortu dugu, eta aurrera begira, herrian eskola txikia jartzeko aukera ez dugu itxi. Lanean jarraitu behar dugu”, dio Xabierrek.


Maiatza inguruan, bilera bat egingo dute Udalak, gurasoek eta Pello Errota ikastetxeko ordezkariek. Gurasoen zalantzak argituko dituzte bilera horretan: eskolaren ordutegia, ikasgela eta irakasle kopurua, zerbitzuak, izen-ematea...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!