Mendi martxa Ausa Gaztelura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 6a, 19:44

Tolosaldeko eta Goierriko Nafarrek deituta, Ausa Gaztelura mendi martxa antolatu da maiatzaren 18rako. Parte hartzaileak goizeko 10:00etan bilduko dira Larraitzen. 11:30 etatik 12:00etara Gazteluan Nafarroako bandera zutituko da eta txistuz Nafarroako ereserkia jo eta abestu ondoren, komunikatua irakurriko da. Bertsoak ere izango dira tartean. 13:30etan poteoari hasiera emango zaio Larraitzen , txistuaren laguntzaz. 14:30etan lagunarteko bazkaria izango da. Bazkarirako izen-ematea, maiatzaren 15a baino lehen egin behar da 607 111 202 telefono zenbakian. Antolatzaileek parte hartzeko deia luzatu nahi dute lerro hauen bidez. Gutun bat ere igorri dute:


EUSKAL HERRIA NAZIOA
NAFARROA ESTATUA
ADIERAZPENA


Egun on jaun eta andre guztioi. Egun on nafartar denori.

Esan dezagun aurretik: nafarrak gara, eta nafar herritarroi zor zaigun Europako Nafar Estatu Independentea galdegitera bildu gara hemen.

Ez dugu ameskeriarik eskatzen, zor zaiguna baino ez baitugu errebindikatzen. Nafarroa herri askea zen, gobernu-burua zuen, Gorteak, Kontseilua eta armada; Europan ordezkaritza zuzena zuen eta Konstituzio maila zuen Antzinako Forua gorde eta errespetarazten genuen.

Zoritxarrez, ordea, auzo-herrien inperio goseak eta barruko setakeriak kalte konpongaitza eragin zion nafar guztion Estatuari. Gaztelarrek hegoaldetik eta frankoek iparraldetik erasotzen zuten etengabe. Horrela, urte askoren poderioz izan bazen ere, Estatua ezerezean utzi eta Europan berezko tokia genuenok haien instituzioetako morroi bihurtu gaituzte.

Gure erregeak hiltzen hasi ziren: 1054an, Antso III.a Atapuerkan; 1076an, Antso Gartzes IV. Peñalenen; eta hilketa bakoitzaren ondoren lurralde zati bat inbaditzen zuten. Gazteluak suntsitzen jarraitu zuten, Amaiurkoa esaterako, baina, baita hemengo hau bera ere: Ausa-Gaztelukoa. Horrela, mendez mende, inbasio jarrai eta biolentzi bortitzena erabiliz, desegin zizkiguten aitaren etxea defendatzeko eraiki ziren harresiak, Burebatik Aragoiraino eta Garonatik Ebroren hegoalderaino.

Aitaren etxea suntsitu ziguten, baina ez zuten lortu amaren sua itzaltzerik. Horregatik, gu gipuzkoarrok zera aldarrikatzen dugu: inoiz Nafarroa izan den lurraldeko biztanle guztiok Estatu bakar batean berriro elkartzeko eskubidea, herritarrok hala erabakitakoan eta egungo lurralde banaketaz gaindi.

Herritar libreen Estatu librea aldarrikatzen dugu. Agintarien injustizietatik herritar xehea babestuko duena; "Lingua navarrorun" izenez ere ezagutua den euskara, nafar herritar guztiok erabil dezagun bermatuko duena; geure geureak diren herri ohitura eta kultur ezaugarriak garatzeaz gainera, kultur unibertsalaren mestizaian ekarpen propioa egingo duena.

Hemen gara; harrokeriarik gabe, baina harro; apal, baina etenik gabe; umil, baina tinko; zalapartarik gabe, baina argi eta ozenki. Hemen izango gara behin eta berriro, Europaren lau haizetara zer garen zabaltzeko. Hemen gara, nafarrak gara.

Gora Euskal Herria askatua!
Gora Nafar Estatua!

Ausa-Gaztelun, 2008ko maiatzaren 18an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!