Xaboi eta kosmetika naturala

Lixoné lantegian hamabost urtetik gora daramate lehengai naturalak erabiliz kosmetika eta garbiketarako produktuak egiten. 

Estatu guztian zehar banatzen dituzte eta atzerrian ere aurki daitezke Adunan egindako produktuak. 1993an sortu zuten Lixoné enpresa lau bazkideren artean. “Hasiera guztiak dira zailak eta gurea ere horrelakoa izan zen. Hasieratik genuen garbi zerbait ezberdina eskaini behar genuela. Xaboi makinatua egiten duten marka asko dago, eta oso zaila zen hor konpetitzea, baina gauza ezberdinak eskainiz gero, aukera bat genuela iruditu zitzaigun eta horretan hasi ginen. Urtero ateratzen dugu produktu berriren bat eta jendeak eskertu egiten du. Jendeari gustatu egiten zaio gauza berriak probatzea eta gu horretan saiatzen gara, gauza ezberdinak eta kalitatezkoak eskaintzen”, dio Juan Jose Beloki zuzendariak.
Gaur egun hamar langile ari dira Adunako lantegian lanean. “Oso txiki geratu zaigu. Produktu berriak ateratzeko edo beste proiektu batzuetarako tokirik gabe geratu gara. Irteera gutxien duten produktuak kentzen joan behar izan dugu toki faltagatik. Egoera honi irtenbidea emateko, beste lantegi bat egingo dugu ziurrenik, Adunan bertan”, dio Juan Josek.


Euskal izenak biltzen zituen liburu batean begiratuz sortu zitzaien markari Lixoné izena jartzeko ideia: “Ehunka izen ibili genituen buruan. Ez genuen beste markaren batekin nahasterik nahi eta liburu hartan begiratuz, Ixone izena irakurri genuen. Buelta batzuk eman ondoren, Lixoné izena jartzea erabaki genuen. Orain, Lixoné Nature marka ere erabiltzen dugu”.

Aloe vera eta oliba olioa
Dutxarako xaboiak, txanpuak, aurpegirako edota gorputzerako kremak... “Produktu naturalak erabiliz egiten ditugu guztiak. Aloe vera, oliba olioa... kalitateko ziurtagiria duten lehengaiak erabiltzen ditugu beti. Helburu zehatzetarako produktuak ere egiten ditugu: zelulitiaren aurkakoak, propoleoa edota pomez harria duten xaboiak... Baditugu perfumerik ez daramaten produktuak ere, alergia dutenentzat oso egokiak. Beti saiatzen gara merkatuan erraz aurkitzen ez diren gauzak eskaintzen. Hala ere, esan beharra dago, gure produktuetan arrakastarik handiena izaten duena, zalantzarik gabe, aloe vera landarea daramatenak izaten direla, hori da etxe honetako izarra”, azaldu du.
“Kalitateak ezberdintzen gaitu gainerako produktuetatik. Produkzio garaian asko zaintzen dugu tenperatura, lehengaiek bere ezaugarriak gal ez ditzaten. Kalitate horrek ezberdintzen gaitu. Egia da gure produktuak beste asko baino garestiagoak direla, baina kalitatea da ordaintzen dena eta horrek  merezi du”, azaldu du Juan Josek.

Atzerrian ere salgai
Estatu guztian zehar, supermerkatuetan eta lurrin-dendetan saltzen dituzte produktuak eta kanpora ere eramaten dituzte; Alemania, Frantzia, Portugal, Estatu Batuak, Korea, Puerto Rico..., “Kilometro asko egin behar izan dugu. Ez da erraza produktuak ezagutzera ematea, baina pixkanaka, lortu dugu bezero finkoak egitea eta geroz eta gehiago ezagutzen gaituzte. Jendeak gure produktuak frogatzea da gure helburua. Behin hori gertatzen denean, normalean erosten jarraitzen dute”, azaldu du. “Esaterako, Andaluziako hotel batzuetarako produktuak ere egiten ditugu eta gertatu izan zaigu hoteleko xaboia probatu ondoren, Japonia edota beste hainbat puntutatik emailez zuzenean guri eskaera egitea”, gaineratu du. Ideia berririk ez zaie falta Lixonékoei: “Laster, xaboi berriak aterako ditugu: itsaso hileko lokatza duena, kakao-gurina duen beste bat...,”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!