Aiurri aldizkaria, eskualdeko nortasun hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko mai. 6a, 19:40

1994ko martxoan kaleratu zen Aiurri aldizkariaren
0 zenbakia. Beterri-Aiztondo eskualdeko etxe guztietan hilero banatzen zen hasiera hartan.

Hamabigarren zenbakitik aurrera eta aldizkariarekiko herritarrek izan zuten harrera onari erantzunez, hilabetekari izatetik hamaboskari izatera igaro zen. Orduz geroztik, hamabostero etxean jaso du aldizkaria hala nahi izan duen orok. Harpidedunak, alegia. Hamalau urte dira, beraz, aldizkaria kalean dela eta etenik gabe egin du bere bidea urte horietan guztietan zehar. Hasiera-hasierako abiapuntuari eusten dio egun ere aldizkariak. Beterri-Aiztondoko sei herriak dira orrietako protagonista nagusiak: Aduna, Amasa-Villabona, Andoain, Asteasu, Larraul eta Zizurkil. Eta bereziki, bertako herritarrak. Artxiboko aldizkari zaharretatik egungoetara, zenbat erreportaje, zenbat elkarrizketa, zenbat pasadizo!

0 zenbakia
Aldizkariaren 0 zenbakiak “Txistokiko zubia zenb. g.” izenburua zuen eta Andoaingo zubiaren azpian bizitu ziren ijito familiarekin izandako elkarrizketan oinarrituta osatu zuen erreportajea Idoia San Sebastian kazetariak. “Heldu orduko zazpi zakur jarriko zaizkizu inguruan eta haien atzetik beste hainbeste ume zertara zoazen edota euskaraz ba al dakizun galdetzera. Andres, Facundo, Alfredo, Pascual, Tamara, Michael eta José oso segidan jaiotako anai-arrebak dira. Euskara eta erdara nahasten dituzte hizketarakoan, baina ez dakite caléa. Eskola Publikoko ikasle dira eta bertan ikasi dute, besteak beste, makina bat euskal kanta. Ana, neska-mutilen amak ez luke nahi ordea, beraien jatorrizko kultura ahaztu dezaten, hori dela eta ijito-doinuak ipintzen ditu tarteka kasetean. Orain dela hiru urte heldu zen ijito-familia hau Andoainera. Haurren aiton-amonak bilbotarrak dira, gurasoak berriz, Hernanin jaio ziren, txabola inguruan gelditu ere egin gabe ibili ohi diren umeok Donostian jaiotakoak dira eta hauen seme-alabak batek daki non jaioko diren. Izan ere, ijitoak berezkoa du nomada izatea, hauek Euskal Herritik irteten ez diren nomadak izan arren…”.

Zeresana eman duten artikuluak
Herritarren hitza, eskualdeko gertaerak, kontu zahar nahiz berriak, ekimenak, iritziak…, milaka eta milaka gai gertutik gertura jarraitzea, horixe aldizkariak hasieratik izan duen helburu nagusia; hitzari eta irudiari tartea eskainiz. 300 zenbakitan zehar, zeresana eman duten artikulu bat baino gehiago argitaratu da aldizkarian. Horien artean, azalaren hori eta gorri koloretik bertatik hasita, herritarren harridura piztu zuen 140 zenbakiak. “Franco, ohorezko alkate da oraindik eskualdeko herri guztietan” izenburu zuenak. Jone Larrañagak idatzitako erreportajeak 1949an diktadorea Gipuzkoa osoko ohorezko alkate izendatu zutela zioen baina oraindik ez zituztela akordio haiek bertan behera utzi. “Andoain, Asteasu, Aduna, Amasa-Villabona, Larraul eta Zizurkilek oraindik gorazarre egiten diote Francori. Hala egiaztatzen dute herri horietako artxiboetan gordeta dauden aktek: 1949ko abuztuan egindako udalbatzarretan erabaki zen diktadorea ohorezko alkate izendatzea, eta akordio horiek indarrean diraute egun. Franco, beraz, gure herrietako ohorezko alkate da”.

Berriak, han eta hemen
208 zenbakiak “Etxeberrietaren azken hatsa” zuen izenburu. Andoaingo auzo esanguratsuaren itxuraldaketaz idatzi zuen bertan Joni Ubeda kazetariak. “Halabeharrez, bihotz begietan ikusiko dute auzoko adinduek inguru guztia. Oroimena eta sentimenduetara joko dute hau eta hura gogoratzeko. Porlan berriak ordezkatuko du zaharra. Izan ere, 2004 urtean guztion begietara gauzatzen ari da hamarkada oso batean garatutako biziberritze proiektua”. Egitasmo eta gertaera ezberdinekin batera, herritarren hitzak garrantzia berezia zuela aipatzen zen lehentxeago. Hara, esaterako, Amasako Maria Pilar Lezeak 252 zenbakian emakumeen lanaz esan zuena, “oraindaino, langilearen eguna gizonezkoarena bakarrik juzkatu da, baina emakumeak ez du gizonak baino lan gutxiago egin. Aldea nabarmena da: gizonak soldatarekiko lana egiten du eta emakume askok, soldatarik gabea. Egun osoko lana da emakumearena, baina inork aintzakotzat hartzen ez duena. Emakume askori orain arte ez zaie errekonozitu egin duten lana”. Teodoro Hernandorena zizurkildarraren inguruan Xabier Lasak idatzi duen “Begi kolpea” liburua maiatzaren 23an aurkeztuko da Zizurkilgo Atxulondo Kultur Etxean. 288 zenbakian, zizurkildarraren inguruko elkarrizketa argitaratu zen, aurrerapen gisa. “Egun ez da herrigintza egiteko horrelako kastarik ikusten, gero eta gutxiago gainera. Politika egiteko oso modu noblea, altruista eta agian idealista zuen belaunaldia ordezkatzen du. Jendea mugitzen zekien, ez zeukan batere lotsarik. Oso bizia zen izaeraz, ausarta. Burura etorritakoak bota egiten zituen eta ezagun nahiz ezezagun zituen alorrak lantzen zituen aberriaren mesedetan…”, azaldu zuen Lasa andoaindarrak.

Urratsak, jauziak
1994 urtean aldizkariaren martxa abiatu zenetik, urrats eta jauzi asko eta handiak eman ditu Aiurrik. Aldizkariak berak aldaketa ugari izan du, bai gaien, atalen nola diseinuaren aldetik. Herritar asko eta askoren ahotsen oihartzun eta iritziak jaso dira eta irakurlearen aldetik, badirudi asko estimatzen direla iritzi horiek. Horregatik aipamen berezia “Hitzak hots” atalari eta zutabeak idazten dituzten eskualdeko kolaboratzaile guztiei.
Aiurri aldizkariak, ordea, aspaldian utzi zion hamabostean behin banatzen zen aldizkaria soilik izateari. Aldizkariarekin batera, bestelako hamaika argitalpen banatzen da: Urnieta eta Andoainen Aiurri astekaria, informazioa astero-astero postontzietaraino. Euskal literatura sustatzeko helburuarekin sortuta, Beterriko Liburua literatur aldizkaria, hiru hilabetez behin. Eskualdeko historia berreskuratzeko asmotan, Erretratu Zaharren hiru liburu: eskualdekoa, Urnietakoa eta Amasa-Villabonakoa nahiz “Atzoko Andoain eta andoaindarrak” edo “Lumane” bildumak. Gai zehatzen inguruko informazio zabala gehigarrietan: Herrietako festak, bertso eta ipuin lehiaketak, urtaroetako eskaintzak, etxebizitza edo zerbitzuen berri emanez… Urteko gertaeren laburpena eginez, urtekaria. Sagardotegi garaian abestu ahal izateko, kantu liburuxka. Urte hasierarekin batera, egutegia. Etxeko txikienei zuzenduta, Aiurri txiki aldizkari erakargarria. Hauteskunde egunetan emaitzen argitalpena, iluntzean bertan…


Hamabostero edo noizean behineko argitalpen horiez gain, eguneroko informazio berriena eskaintzeko helburuarekin berritu zen Aiurriko webgunea. Eskualdeko herrietako azken berriak eguneratzen dira, egunero-egunero. Dagoeneko jarraitzaile asko du aiurri.com helbideak. Etorkizunean ikus-entzunezko alorra sakonduko du webguneak.
Aurrera begira ere, eskualdeko informazioa ahalik eta modurik zabalen eta erakargarrienean lantzeko helburuari eutsiko dio aldizkariak. Noski, beti izaten da zer hobetua eta, saiakera horretan, gogoz eta indarrez eutsiko dio etorkizunari.

 

Eskertza
Mila esker parte hartzaileei
Aiurri aldizkaria bizirik mantendu ahal izateko behar-beharrezkoak izan dira norbanako, talde, elkarte nahiz erakundeen parte hartze eta laguntzak. Lerro hauen bidez Aiurri aldizkariko erredakzio batzordeak eskerrak eman nahi dizkie era batera edo bestera egitasmoarekin bat egin duten guzti-guztiei. Bai laguntza ekonomikoa eskaini duten erakunde eta elkarte guztiei. Bai iragarkiak jarri dituzten merkatari, tabernari eta eragileei.

Era berean, mila-mila esker, deiari erantzunez, modu batera edo bestera aldizkariari hitza eman dioten herritar guztiei. Mutu litzateke bestela.

 

Irakurleen iritzia 

1.- Irakurtzen al duzu Aiurri aldizkaria?

2.- Zein sail duzu gogokoen? Zergatik?

3.- Hutsuneren bat ikusten al diozu? Zer aldatuko zenuke?

4.- Hamabostero beharrean astero jasotzea gustatuko al litzaizuke?

 

 Mamen Sarasola
Okindegiko langilea. Zizurkil

1.    Etxean jasotzen dugu aldizkaria. Osteguna edo ostiralean iristen zaigu eta gustura irakurtzen dugu. Interesgarri egoten da, niri behintzat gustatzen zait.
2.    Herrietako kronikak gustatzen zaizkit gehien: Larraulen, Asteasun edo beste herrietan zer gertatu den jakiteko. Garai bateko kontu zaharrak irakurtzea ere gustatzen zain: Anjeles Uzkudunen zutabea, esaterako.
3.    Ez dut ezer faltan botatzen. Tamaina egokia duela uste dut. Erdaraz irakurtzera ohitu gara beti eta euskaraz irakurtzea kosta egiten zait. Saiatuz-saiatuz irakurtzen dut aldizkaria.
4.    Hamabostero kaleratzea maiztasun polita iruditzen zait. Herri mailan ez dago horrenbeste komunikabide baina bestela, asko dago.


Olatz Arregi
Tabernaria. Amasa-Villabona

1.    Kaleratu zenetik jasotzen dugu aldizkaria etxean. Herrian zer geratu den eta argazkietan zein azaltzen den ikustea gustatzen zait.
2.    Dena begiratzen dut, betiko egunkaria bezala, atzetik aurrera hasita. Herriko kronika irakurtzea gustatzen zait gehien eta “Merkatu Txikia” atala ere bai. Ez dut inoiz ezer erosi baina, beti begiratzen dut eskaintza interesgarririk ba ote dagoen.
3.    Berriaren tankerako horoskopo xelebrea gehituko nioke, barre egiteko. Aldizkariak serio puntua dauka baina, ondo pasatzeko atalak ere egoten dira batzuetan: urtebetetzeen saila, esaterako.
4.    Astero ere ondo egon liteke baina, bi astez behin banatzea ondo ikusten dut. Opariak bezala, noizbehinka jasotzeak xarma berezia dauka. Gogo gehiagorekin irakurtzen da.


Leire Ormazabal
Hezitzailea. Larraul

1.    Bai, noizbehinka irakurtzen dut. Oraindik etxean ez gara harpidedun baina, elkartean, ostatuan edo amaren etxean irakurtzen dut.
2.    Herrietako kroniken bidez, inguruko gertaeren berri jasotzea interesgarria da. Gehien gustatzen zaidana, berriz, “Hitzak Hots” atala da.
3.    Aiurri Txiki aldizkaria noizean behin banatzen da etxeetara. Egokia litzateke aldizkarian umeentzako atalen bat gehitzea. Hala, haurrei ere erakargarriagoa egingo litzaieke.  Aldizkaria egunean dagoela uste dut.
4.    Hasieran hilabetekaria zen, orain hamaboskaria. Hamabost egunekoa maiztasun egokia iruditzen zait. Astero kaleratzeko, berri gutxi izaten da bolada batzuetan. Betelana egin gabe, gaiak lantzeko aukera eskaintzen du hamaboskariak.

Floren Maioz
Arotza. Asteasu.

1.    Ez dut denbora gehiegirik izaten baina, interesatzen zaizkidan gaiak irakurtzen ditut.
2.    Asteasu eta Larraulgo gorabeherak irakurtzen ditut gehienbat, egunean egoteko. Garai bateko kontuak ere gustatzen zaizkit, Antselmo Larrartek idazten dituenak, adibidez.
3.    Aldatu ez nuke ezer aldatuko. Gorabehera handirik egoteko Asteasu herri txikia den arren, ondo etorriko litzateke herriko berri gehiago ematea. Orduan eta berri gehiago, orduan eta hobeto!
4.    Aldizkaria astero banatzea gehitxo iruditzen zait. Hamabostero nahikoa. Bestela ere komunikabide asko dago, bateko eta besteko.


Ibon Aburuza
Sagardogilea. Aduna.

1.    Oso gogoko dut; inguruko albiste interesgarriak etortzen direlako.
2.    Ez nuke sail berezirik aipatuko. Guztia irakurtzen dut gustura. Herrietako informazioa jasotzea gustatzen zait niri.
3.    Lanean ari direnek zein gai landu badakitela iruditzen zait.  Aldizkari interesgarria iruditzen zait. Azkar irakurtzen denez,  kronika luzeagoak eginez gero, hobe izango litzatekeela uste dut.
4.    Agian beti ez da aldizkaria betetzeko adina informazio izango eta horregatik hamaboskaria. Nik gustura irakurtzen dudanez, nahiago nuke astero kaleratuko balitz. Gustura hartuko nuke.

Marta Pelaez
Bastero Kulturguneko langilea. Andoain.

1.    Gutxitan irakurtzen dut; ez baitut denbora askorik izaten. Hori bai, gainbegiratua beti egiten diot.
2.    Lantzen diren artikuluen arabera begiratzen dut aldizkaria. Andoaindarra naiz eta ondorioz, orri horiek sortzen didate jakin-minik handiena.
3.    Aldizkaria goitik behera irakurtzen ez dudanez, ezin dut hutsunerik ba ote duen esan. Urnieta eta Andoainen banatzen den astekariaren eta Beterri-Aiztondoko hamaboskariaren bidez, Andoainen berri nahikoa ematen dela uste dut.
4.    Zenbat eta informazio gehiago eduki hobeto. Bi maiztasun horien artean astekari izatea aukeratuko nuke nik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!