Ezker abertzalearen balorazioa

Zizurkilgo Ezker Abertzaleak azken asteetan jazo diren gertaeren inguruko balorazioa egin du idatzi labur baten bidez.

Arrazoirik ez duenaren bidea

Samina eragin digute azken asteetako gertakari eta erabakiek. Eta samin hori areagotu besterik ez dute egin hainbat komunikabideetan gure herriaren gainean eman diren informazioek, horrela deitzerik badago behintzat.

Madrildik iritsi ziren lehen zurrumurru eta erasoak, baina herriko Udala hartua dutenek eman dituzte ondorengo pausoak. Herritarren aurkako pausoak. Arrazoirik ez duenaren bidea da Udalarena, irainarena. Iraina jotzen baitugu herritarrei zer gogoratu eta nola inposatzea. Iraina, erabaki hori hartu behar zutenean udaletxeko ateak herritarrei ixtea eta indar polizialek herria hartzea. Sentsazio bera izan genuen iazko ekainean, herriaren borondateari bizkar eman eta, orduan ere polizia lagun hartuta, Udaletik kanpo utzi gintuztenean. Hala ere, Zizurkilen alde lan egiteko borondate irmoa genuenez, elkarlana eskaini genion udal gobernuari. Trukean jaso duguna: Trabak, gezurrak eta irainak.

Minduta gaude Joxelu Geresta eta Joxe Arregi herriaren historiaren parte hartzen ditugulako, hil zituzten moduan hilda errespetu eta begirune gehiago merezi dutela uste dugulako, eurak ere biktimak izan direlako. Erabaki honekin, euren senide eta lagunak ez ezik, herritar asko samindu dituzte eta euren adierazpenekin samin hori biderkatzea soilik lortu dute. Ahaztu egin al zaie Arregi bederatzi egun inkomunikatuta egon eta jasan zituen torturengatik hil zela? Ez al dute gogoratzen zein egoeretan eta zein unetan agertu zen hilda Geresta?

Bizikidetza lasaiaren aldeko agertzen dira eta horretarako aukeratu duten bidea herri borondateari uko egitea da. Etika eta errespetu hitzekin aho bete bai, baina iraina bide hartu dute. Nola ulertu gainerakoan, “herritarren alkate” izendatzen denak komunikabideetan herritarrak iraintzea? Egunkari bati emandako elkarrizketan, Zizurkil Goian bizi direnak “mestizaiaren aurkako”, “pribilegiatu” eta “burgesak” jo ditu Udal Gobernuak. Zein bizikidetza mota bultzatu asmo dute adierazpen hauek? Zein izango da hurrengo iraina?

Desagertu dira jada Gerestaren eta Arregiren plaza izenak zeramatzaten plakak eta euren omenez jarritako oraitarriak, baina oraindik Joxe Arregi eta Joxelu Geresta plazek hor diraute eta hor iraungo dute, herriak horrela erabaki zuelako, eta inposaketak herritarren oroimenean zer eginik ez duelako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!