Gorka Matute, Leizaran eskubaloi taldeko jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 20:07

Gorka Matute senior mutilen taldeko jokalaria da. Ligako txapeldun izan eta gero, Kopan lehiatzen ari da. Kluba inork gutxik ezagutuko du berak bezala.

Ligako txapeldun partida ia guztiak irabazi eta gero. Nola deskribatuko zenuke denboraldia?
Gorka Matute.
Ligari hasiera makala eman genion, kanpoan lehen partida galdu eta etxean bigarrena berdindu genituen, sailkapeneko azken postuetan beraz. Gaizki hasi ezkero zaila izaten da buelta ematea, baina guk ederki lortu genuen hori. Nire ustez hirugarren partida izan zen inflexio puntua; aldaketa bakarrarekin faboritoen artean zegoen Zarautzi irabaztea lortu genuen. Hortik aurrera etxean indartsu agertu ginen eta kanpoan batzuetan larri izan bada ere, partidak ateratzen joan ginen. Bigarren itzuliko lehen partidan lider zihoan Irungo taldea hartu genuen Andoainen eta azken segunduan partida irabazi eta lidertza kendu genion. Hortik liga amaiera arte partida guztiak irabaztea lortu genuen eta liga 3 puntuko abantailarekin irabazi dugu. Egia esan denontzat sorpresa apurra izan da liga modu horretan irabaztea, 16 partida jarraian irabaziz, lehen bi partidetan puntu bat lortu ostean.

Askoz hobeak zarete ala oso maila kaskarra dago?
G.M.
Beno, ez bata eta ez bestea edo bietatik apur bat. Nire ustez aurten talde moduan hainbat joera hobetzea lortu dugu; joko mailak gora egin du eta batez ere partidatan erakusten dugun konpromisoa eta gogoa ez da azken urteetan eman. Emaitza alde duzunean errazagoa da jokatzea eta jendea motibatzea eta horrek dexente lagundu digu. Bestalde, aurkarien maila ez da lehen mailan dagoena eta hortaz ere ohartu gara,  hainbatetan gure jokorik hoberena egin gabe aurrera ateratzea lortu dugu, lehen mailan gertatzen ez zen modura.

Berriro Gipuzkoako lehen mailan izango zarete. Hori al da zuen benetako lekua eskubaloian?
G.M.
Baliteke. Erantzutea zaila da. Azken finean azken urteotan jendez larri ibili gara eta horien atzetik datozen jubenil eta kadete mailako gaztetxoak seniorretara heldu arte ez dugu jakingo zein den gure benetako maila, atzetik promozio politak datoz eta gauzak ondo eginez gero lehen mailan egoteko taldea sor dezakegula iruditzen zait.

Gipuzkoa ez den maila altuago batean lehiatzeko zer beharko zenukete?
G.M.
Gaur egun eta dugun jendearekin, argi eta garbi, fitxaketak behar ditugu. Klubak 30 urte beteko ditu eta inoiz ez du senior mutiletan taldea euskal mailan izan. Oso zaila da herriko mutilekin taldea kategoriz igotzea, baina agian atzetik bultzaka datozen gazteen eskutik... Edo bestela norbaitek diru dexente ipiniz gero eta Iker Romeroren bat fitxatuz gero... Momentuz orain dugun egiturarekin bideraezina da.

Ikusgarria da eskubaloia. Eta hala ere, oro har, ikuslegoa erakartzea kosta egiten da.
G.M.
Beno Andoainen ez da hori gertatzen. Nire ustez jende dezentek jarraitzen du eskubaloia, bai gure partidak nola gaztetxoenenak ere. Allurraldera jendea eskubaloia ikustera hurbiltzen da eta hortaz harro eta pozik gaude. Bide batez eskertzekoa da, bai jokalari nola entrenatzaile bezala harmailak jendearekin ikustea, horrek motibazioa biderkatzen duelako. Halere, eskubaloiari bultzada eman behar diogu denon artean eta batez ere telebistan eta prentsan. Betikoa da, futbolak espazio handiena hartzen du eta beste kirolak bigarren plano batean geratzen gara.  Lehengo astean adibidez Bera Berak emakumezkoen Europako txapelketako finalerdiak jokatu zituen eta ziur nago jende asko ez zela ohartu... Reala izan balitz ordea! Beharbada ez dakigu produktua medioetan saltzen. Baina hori bai, ikusten edo jokatzen hasten denari asko erakartzen dio.

Zer eskatzen diozu jokalari moduan datorren denboraldiari?
G.M.
Printzipioz jokatzen jarraitzearekin nahiko, gazteen erreleboaren zain gaude batzuk, baina hori oraindik urruti dago, atzetik bultzaka datozenei urte batzuk geratzen zaizkielako oraindik seniorretara iristeko. Gainera oraindik aurtengo kopa bukatu behar dugu eta ondoren hasiko gara hurrengo denboraldia prestatzen.
Bestela taldeari, denboraldia aurtengoa bezain ona izatea zaila izango dela, baina behintzat ea afari gehiago egiten ditugun!

LEIZARAN 07-08
• Senior mutilak: Ligako Txapeldun
• Senior neskak: 7. ligan
• Jubenil mutilak: 11. ligan
• Jubenil neskak: 4. ligan eta federazio txapelketako txapeldunak.
• Kadete mutilak: 5. ligan
• Kadete neskak: 4. ligan eta federazio txapelketako azpi-txapeldunak.
• Infantil mutilak: Gipuzkoako bigarren, txapelketako bosgarrenak.
• Infantil neskak: Gipuzkoako txapelketarako sailkapena.
• Infantil neskak ‘B’: Gipuzkoako bigarren, txapelketako txapeldunak.
• Kadete, jubenil eta seniorretako talde gehienak oraindik kopa jokatzen ari dira.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!