Urnietako pilotarien albistegia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 20:03

HERRI ARTEKO TXAPELKETA
MALDAN GORA
Esku pilotako Herri Arteko Txapelketa ez dute oso ondo hasi urnietarrek. Joaneko final zortzirenetako jardunaldiari erreparatuta, ezinezkoa izango da kanporaketari aurre egitea. Zumarragarrekin indarrak neurtu zituzten. Azken emaitza globala; Urnieta 1-2 Zumarraga.
    
URNIETA 22-10 ZUMARRAGA
XABIER KALEGAIN-UNAI AROZENA. KADETEAK. Urnietarrak garaile, baina alde handiagoz irabazita hobe beti ere. Hiru garaipenekin berdinduta geratzen badira aurkariekin, tantoak hartuko baitira kontutan. Kalegainek tanto asko sakez lortu zituen. Arozenak ziurtasunez jokatu zuen.

URNIETA 5-22 ZUMARRAGA    
JON PAGOLA-MIKEL GARMENDIA. JUBENILAK. Ziurrenik inoiz jokatutako eta tanto gutxien lortu dituzten norgehiagoka izan zen. Modu orekatuan hasi zen. Baina aurkariek Garmendiarekin egin nahi zuten jokoa. Lan karga handia jarri zioten eta hori gutxi balitz, eskuin eskua zauritu zuen. Pagolak ahal zuena egin zuen, asmatu ezinik ibili zen.

URNIETA 14-22 ZUMARRAGA
JON EZEIZA-UNAI LEGARRETA. AFIZIONATUAK. Maila oneko pilotari bikote baten aurrean galdu zuten partida urnietarrek. Aurrelariak pilotakada airez eman nahi bai, baina galdu zuen norgehiagoka hasieran. Ondorioz eta atzelari urnietarrak ondo jokatu bazuen ere, etsipena nagusitzen joan zen.

GIPUZKOA 17-40 NAFARROA
JON PAGOLA-OTAEGI. JUBENILAK. GRAVN TORNEOA. Pagolarentzat ez da oso aste ona izan, jokatu dituen norgehiagoken emaitzei erreparatzen bazaie behintzat. Abadiñon nafarren aurkako partida galdu arren ordea, gipuzkoarrek ondo jokatu zuten. Pagolak modalitate honetan egin duen aurrerapena ikusgarria izan da.

URNIETA1 18-8 LIZARDI IGELDO
JULEN LOITEGI-JULEN PAGOLA. INFANTILAK. Beste garaipen bat Loitegi eta Pagolarentzat. Jada, final zortzirenetarako sailkatuta daude, talde buru gisa. Loitegik min handia egin zien aurkariei, sakeekin eta bi paretekin. Pagolak ziurtasunez jokatu zuen.

URNIETA4 2-18 ALDE ZAHARRA2
CAMILO RUIZ-SERGIO ODRIOZOLA. INFANTILAK. Donostiarrek erakutsitako maila hobearen aurrean, ezin ezer egin. Hasierako fase hau amaituta, Eskualdeko Udaberri Txapelketako jardunaldiak prestatuko dituzte.

URNIETA5 18-8 HERNANI2
UNAI GARIN-ARITZ LIZASO. INFANTILAK. Jardunaldi bakar bat jokatzeke duten honetan, partida bakarra galdu dute orain artean. Urnietarren aurkakoa hain zuzen, tanto batengatik. Talde berean diren bi kirolari bikote urnietarrek gainerako aurkariek baino maila hobea dutela erakutsi dute.

URNIETA2 18-12 EUSKAL GIROA
IMANOL ANSA-JOSU ARRUARTE. INFANTILAK. Lehen garaipena lortu dute Ansak eta Arruartek. Hobetzen doaz. Oraindik orekatsua izan daitekeen beste norgehiagoka bat jokatuko dute. Eskualdeko Udaberri Txapelketako kanporaketa jardunaldietara, ondo prestatuta ailegatzea espero da.

OIARBIDEK ETA PAGOLAK
ATSEDENALDIA
Udaberri Txapelketako lehen fasea taldeko irabazle gisa amaitu dute Ander Oiarbidek eta Aitor Pagolak, sei partida jokatu eta sei garaipenekin. Dagoeneko final laurdenetarako sailkatu dira. Maiatzaren 31 arte atseden hartuko dute. Kanporaketa prestatzeko nahikoa denbora izango dute.

URNIETA 5-22 AÑORGA
MIKEL GARAIALDE. UDABERRI TXAPELKETA 4 1/2. Herri arteko txapelketan ari ez direnek lau t´erdian aritzeko aukera dute. Mikel Garaialderen kasua da. Lehen norgehiagoka Loiolan jokatu zuen Hernandez añorgatarraren aurka. Ondo defendatu zen baina donostiarrak nahi bezala amaitzen zituen jokaldi guztiak.

PIEROLA-ARANTXA GOENAGA 30 ARRIOLA-KARMELE URBISTONDO 26
GOMAZKO PALETA. Partida polita eta orekatu batekin hasi dute gomazko paleta txapelketa, elkarren aurka jokatu duten Goenagak eta Urbistondok. Goenaga eta Pierola nagusitu baziren hasieran, gerora, markagailuan asko hurbildu ziren Arriola eta Urbistondo. Zazpi jardunaldi jokatuko dituzte. Txapelketa, ekaina amaieran amaituko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!