Elkarri laguntzearen garrantzia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 20:01

Hitz egin eta entzun. Horretarako biltzen dira bularreko minbizia edo leuzemia jasan duten Andoaingo zazpi emakume, Gizarte Zerbitzuetako bulegoan. Izaskun, Josefina, Juani, Ines, Carmen, Rosi eta Francisek badakite zer den minbizia edukitzea. Borrokaz beteriko historiala daramate horietako bakoitzak.

Tartean bada orain hogei urte mastektomiaren ebakuntza izan zuenik, edo orain hamaika urte muin edo medula trasplantea izan zuenik. Borroka luze eta pertsonal horretan arlo sikologikoak berebiziko lekua hartzen duela aitortzen dute, zalantzarik gabe.

Kafe baten inguruan hasi ziren biltzen garai batean, nork bere pentsamendu eta bizipen pertsonalak besteei jakinarazi nahiak bultzatuta. “Baina denboraren poderioz, ohartu ginen autolaguntza jorratzea komeni zitzaigula. Orduan, Mila Lasa sikologaren bitartez, Katalunian garatutako entzutearen rolari buruzko informazioa eskuratu genuen. Udalari biltzeko lekua eskatu eta horrela osatu genuen talde finkoa”.

Mila Lasa sikologoak urtean hiruzpalau hitzaldi ematen dizkie, makina bat gai jorratuz: pazientzia, harrotasuna, burujabetasuna, depresioa, garapen pertsonala… Saioa Audikana fisioterapeuta ere hurbiltzen da emakume hauengana tarteka,  drenaje linfatikoaren zerikusia duten saioak eskaintzera.

Bi bolondres horiek datozenean, minbizia pairatutako herriko beste zenbait emakume gonbidatzen dituzte. Gainerakoan, zazpikoteak bere dinamika propioa du hamabosteroko bileren eskutik. Elkarlaguntzarekin eta entzutearen rolarekin lotutako metodoa darabilte, esan bezala. Carmenek azaldu digu talde terapia horren nondik norakoa: “bakoitzak tarte bat dauka hitz egiteko; ezin zaio eten, aholkurik eman..., soilik entzun. Edozertaz jardun daiteke, baita gaixotasunarekin zerikusirik ez duenataz. Dena delakoagatik batek isilik egoteko gogoa agertzen badu, gainerakoek errespetatu egin behar diogu jarrera hori. Hizketa saioa amaituta, erlajazio ariketa dator, eta azkenik kafea hartzen dugu pastekin-eta”.           

ELKARRI LAGUNDUZ
Bost urte daramatzate era horretan, elkarri lagunduz eta elkarrekiko konplizitate sendoa lortuz. Urte horietan ezer ikasi badute, gaixotasuna naturaltasunez bizi eta sentimenduak kanporatu behar direla da adierazi du Izaskunek, taldekideen bozemaile bihurtuz: “Badakigu nolako drama sortzen zaizun minbizia diagnostikatzen dizutenean. Baina guztiaren gainetik, eskarmentua gaixotasunari munduko naturaltasunik handienaz egin behar zaiola aurre erakusten digu. Onartu eta borrokatu egin behar da; batzutan galtzen da, baina baita irabazi ere; eta irabazteko, ezinbestekoa da borroka egitea”.
Onbidean jartzeko egoeraren onarpena dela lehen pausoa azpimarratzen dute behin eta berriro. “Zuri ezin zaizula gertatu, hori besteen kontua dela… kosta egiten zaizu onartzea hasieran. Eta bestaldera begira bezala jartzen zara, inorekin hitzegiteko gogorik gabe”. Josefinak minbizia zuen adiskide baten erreakzioa kontatzen digu: “Inkontzienteak omen ginen biltzen ginelako, halaxe adierazten zidan. Penatuta, bakartasunean bizi beharko bagenu bezala. Nik orduan erantzuten nion bera zela zentzugabea, kalera ere irteten ez zelako eta bizilagunek ez ikusteko etxeko leihoak isten zituelako”.

Minbizia duen edonori gomendatzen diote, beraz, barrua husten lagunduko dion jarrera hartzea. “Kosta egiten zaigu familian edo lagunartean naturaltasunez ateratzea gaia, inor ez mindu edo kezkatan jartzeko, edo lotsa ematen dizulako besterik gabe. Komeni da laguntza edo aholkuren bat ematen jakingo duen batengana jotzea, beraz”.

Emakume talde hau prest agertzen da, interesatua legoken pertsonari euren eskarmentua jakinarazteko, behar den laguntza profesionalera  bideratzeko. Alde horretatik, Kattalin minbiziak eragindako Gipuzkoako emakumeen elkartea aipatzen dute. “Oso prestatua dago elkartea, eta laguntza sikologikoa, juridikoa… emateaz gain hainbat tailer, ikastaro eta kultur ekitaldiak antolatzen ditu kaltetuen mesedetan”.

Andoaingo emakume hauek ere Kattalineko bazkideak dira, eta haren ekimen ugaritan parte hartzen dute. Jendaurreko ezagunena agian, Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunean, urriaren 19an, Andoaingo kaleetan zehar egiten duten diru-bilketa da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!