Joxe Iruretagoiena Saseta komandantearen hiletan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 19:59

Joxe Iruretagoiena 95 urteko andoaindarra gertatu zen protagonistarik handienetakoa, pasa den larunbatean Saseta komandateari Hondarribian egin zitzaion agurrean.

Gogoan izango denez, Jose Iruretagoiena gudaria izan zen 36ko gerra zibilean, eta besteak beste, Kandido Saseta Eusko Gudarosteko buruaren auto-gidaria izan zen. Asturiaseko frontera ere berak eraman zuen; hantxe hil zuten buruzagi militarra, hain justu, 1937ko otsailean.   71 urteren ondoren, Sasetaren gorpuzkinak bilatu eta bi omenaldi eskaini zitzaizkion aurreko larunbatean. Lehenengoa Gernikan izan zen, goizez. Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko IV. Gernika Saria jaso zuten Sasetaren senideek, bere izenean; eta ondoren, Sasetaren eta frontean hildako gudari eta miliziano guztien omenezko ekitaldia burutu zen Gernikako Juntetxean.

Arratsaldean, berriz, bere jaioterri Hondarribiraino eraman zituzten Sasetaren gorpuzkinak; Udalean harrera ekitaldia eginda, hilerrira eraman zituzten. Han bertan gertatu zen eguneko ekitaldi nagusia.

Hondarribiko Elkarteak antolatu zuen ekitaldia, eta Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundiko, Hondarribiko Udaleko eta alderdi abertzaleko ordezkariak eta hainbat herritar bildu zituen. Partehartzaileen artetik, hala ere, oraindik bizirik diren hiruzpalau gudari nabarmendu ziren. Isilik jarraitu zituen ekitaldi guztiak Joxe Iruretagoienak. Bukaeran, ordea, hilerri barruko lore eskaintza heldu zenean eta krabelin gorria gorpuaren gainean uztera joan zenean, orduantxe bizitu zituen unerik hunkigarrienak.

Ekitaldiaren ondoren, herritar bat baino gehiago hurbildu zitzaion Sasetari buruzko xehetasunak jakin nahian. Izan ere, Saseta ezagutu zutenetatik egun bizirik den gizaki bakarrenetekoa -agian bakarra-, izango da Joxe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!