Udal batzarraldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 19:55

Bitxia, oso bitxia zaborren arazoaren inguruan Andoaingo Udal ordezkariek hartu zuten jarrera azken batzarraldian.

Sergio Barreiro IUko zinegotziak zaborren gai korapilatsuaren aurrean mozioa aurkeztu zuen. Erraustegiaren aurkako Andoaingo taldearen babespean aurkezten bazuen ere, Barreiroren mozioak besteekin adosteko moduko eskaera bikoitza egin zuen: Lehena, atez ateko zabor bilketaren aldekoa. Bigarrena, Eusko Legebiltzarrari Kataluniako legearen antzekoa eskatzea, gaikako bilketa ezartzeko derrigortasunari dagokionez. Bada, erraustegiaren aurkako jarrerarik eskatzen ez zuen mozio honek gainerako alderdi guztien aurkako botoa jaso zuen. Ezker Batua bakarrik geratu zen mozioa aurkezteko garaian.
Eta bitxia da, zeren eta Barreiroren mozioa atzera bota zuten alderdi horiek guztiek funtsean Ezker Batuaren bi eskaerak jasotzen zituen beste mozioa onartu zuten. Bigarren hau, EAJ eta EA alderdiek elkarrekin aurkeztu zuten eta EBk aurkezten zituen bi eskaerak modu beretsuan jasotzen zituen, hirugarren bat erantsiz: Udalak bat egitea zabor bilketa organikoa biltzeko helburuetara iristeko planekin eta herritarrei gaikako bilketan sakontzeko eskatzea”. Proposamena, esan bezala, PSE-EE, EAJ, PP eta EA alderdien babesarekin onartu zen. EB alderdia aurka agertu zen.

Bi mozioetan bi eskaera berdinak egonik eta alderdi abertzaleek proposatzen zuten hirugarrena ikusita, kosta egiten da ulertzea egoera. Mozioen edukiak ezagututa, batzarraldiaren aurretik adostu zitekeen mozio bateratua aurkeztea. Saiakera izan zenik ez du ematen eta, gauzak horrela, Ezker Batuaren mozioaren proposamenak efektu bikoitza eragin zuen: Gutxitan gertatu den abertzale eta ez abertzaleen batasuna eta Ezker Batuaren zokoratzea.

Atez ateko bilketa
Abertzaleen mozioa onartuta, Udala atez ateko bilketa martxan jartzeko esperientziarekin prest agertu da.

AZTERGAI UGARI
Batzarraldian beste zenbait gai aztertu ziren. Datorren ikasturterako Galardi eta Musika Eskolako tasak onartu ziren. Galardiri dagokionez, EAk kanpokoek ordaindu behar duten tasa handiagoarekin desadostasuna agertu zuen. Alkateak EAko proposamena aztertuko zuela hitza eman zuen.

EA ere Musika Eskolako tasen aurka agertu zen, garestiegi direlakoan.

EAJ Udalak onartu dituen hainbat ordainagiriekin kexu agertu zen, berriro ere alkatetzak erakusten duen jokatzeko moduarekin aurka azalduz.
Ezker Batua taldeak Laneko Osasunaren Egunaren harira aurkeztutako mozioa ahobatez onartu zen.

GALDE ERREGUAK
Bi nabarmendu behar dira. EAko ordezkari Gabino Agudok Zumea plazan dagoen eskulturaren kokapena noiz aldatuko den galdetu zuen. Alkateak erantzun zuen eskultura Alfaro parkean kokatzeko prozedurarekin aurrera doazela.
Asteak igaro arren, Isaias Carrascoren aurkako atentatua dela eta Iñaki Egibarrek jeltzaleen izenean elkartasuna adierazi zien sozialistei. Perez Gabarain alkateak eskerrona adierazi zuen eta elkarbizitzaren aldeko hitzak izan zituen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!