Pablo Alkortari omenaldia Santa Krutz egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 19:50

Pablo Alkorta Arregi (1943-2007) zenaren aldeko omenaldia antolatu dute Zumea Plazan larunbatean, eguerdiko 13:30etan. ¨Lagunen lagun, bihotz handikoa eta beti umoretsu; oso integratua herrian, alor guztietan¨. Halakoxeko erantzunak jasotzen dira Andoainen Pablo ezagutu zutenei nolakoa zen galdetuz gero.  Gertukoek eta lagunek omenaldia eskainiko diote hurrengo larunbatean.

Non ibili, arrasto sakona utzi zuen gizonak han. Oso kirolzalea izan zen, eta bi pizgarri eraman zituen beti Alkortak bihotzean: futbola eta arraunketa; Euskalduna eta Pasai San Pedro; elastiko urdina eta morea.

Gaztetan Euskalduna taldeko atezaina izan zen; bizkorra eta arina behar zuen izan. Euskaldunak bere historian inoiz ezagutu zuen arorik diztiratsuena ezagutu zuen orduan Pablok, hirugarren mailan jokatu baitzuen, 1961-1962 eta 1962-1963 denboralditan hain zuzen.

Adinean aurrera, entrenatzaile gisa jardun zuen talde berean 70 eta 80ko hamarkadetan; infantilen eta jubenilen mailetan entrenatu zuen lehenbizi, preferente mailan Ramon Ruizen laguntzaile gisa segidan. Herriko kuadrilen arteko txapelketetan, berriz, hainbat taldetan jokatu zuen edo zuzendu zituen; egia esanda, talde askok zuten gogoko Pabloren prestutasuna giza harremanetarako eta jakinduria futbol kontuetan.
Arraunaren munduan, San Pedro izan zen bere guztizko taldea. Euskaldunako urdinaren gainetik jartzen omen zuen San Pedroko kolore morea, ondo ezagutzen duten adiskideek adierazten dutenez. Ez dugu ahaztu behar pasaiatarra zela jaiotzez, nahiz oso txikitan Andoainera etorri bizitzera; sustrai horrek markatua utzi zuen betiko, nonbait. Andoainen eta behar zen tokitan eta nonahiren aurrean San Pedroren aldeko aldarriak egiteaz gain, talde horren martxan ere inplikatu zen zenbait urtetan. Taldeko zuzendaritza batzordean hartu zuen parte, izan ere.

Arraunketari, San Pedrori eta Pasaiari zion maitasunaren adierazgarri da nola agurtu zuten hil zenean, 2007ko irailaren 8an: bere borondateari jarraiki, bere errautsak Pasaiko badian zabaldu zituzten, bere emazte Teo eta bere alaba Amaia eta Idoiak. Ekitaldi horretan, Libia traineruko arraunlari taldea egon zen presente. Eta ez zen, ez, nolanahi egon: arraunak zutik jarrita, ohorezko agurra eskaini zioten, arraunlari eta estropadazale guztiek sentitzen zuten atsekabea eta berarekiko miresmena adieraziz era horretan.      

Familiak sendi eta lagun artean oroigarri bat banatu zuen handik gutxira. Errautsaren zabaltzearen unea jasotzen zuen argazkiaren ondoan, bere nortasuna egoki samar deskribatzen zuen poesia irakur daiteke oroigarri horretan:

Itsasoari, kapitain
Jatorrena joan zaio.
Pertsona elegantea,
Positiboa eta argia benetan.
Lema eskuetan duzula
Geure biziak bideratzen
Lagunduko gaituzula ziur gaude.

Adiskideen omenaldia
Euskalduna eta San Pedro kirol taldeak, Peña Santakrutz eta Agustin Leitza elkarteak, Beheko Kaleko adiskideak... Giza talde asko dira Pablo Alkorta oroimenean daukatenak. Norbait izan behar lehen urratsa ematen eta, Lagunak futbol talde mitikoko kideak animatu dira omenaldiaren ekimena aurrera eramatera. Besteak beste, Jose Mari Aizpurua Puri, Julian Lopez eta Javier Agirrek.

Beraz Santakrutz egunean egitekoa den omenaldia, 13:30etan hasita. Jaien barnean iragarrita dauden eguerdi parteko ekitaldiak amaitu eta gero izango da, ermita pareko txakoli dastaketa bukatuta hain zuzen.

Omenaldi ekitaldia xumea, herrikoia eta partehartzailea izatea nahi dute antolatzaileek, eta horretan aritu dira, arreta handiz, azken egun hauetan. Ezagutzen dira jada, omenaldiko zenbait osagarri. Urkiko bi dantzarik protokolozko aurreskua dantzatuko diete Alkortaren familiarrei; lore eskaintza eta kirol eta gizarte talde ezberdinen oroigarriak etorriko dira ondoren. Herriko trikitilari gazteek eta musika eskolako zenbait musikarik Zumea Plazan bildutakoak animatuko dituzte musikarekin; besteak beste, Alkortak izugarri maite zituen bi pieza joko dituzte: “Urepeleko artzaina” eta “Pero sigo siendo el rey”. 12:00etan hastekoa den kantu kalejirako taldeak ere parte hartu behar du. Ione Larrañaga irrati-esatariak aurkeztuko du ekitaldia.

Omenduaren jendartekotasuna eta herrikoitasuna ezagututa, jende anitz biltzea espero dute antolatzaileek.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!