Haur eta gaztetxoen pregoia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 19:43

Gauean jaia lehertu aurretik haur eta gaztetxoek hiru pregoi ezberdin irakurri zituzten Zumea plazan, herriko ikastetxe bakoitzeko bana.

Ikus, argazkiak 

La Salle Berrozpe ikastetxeko ikasleek Rodolfo Chiquilicuatreren kantu ezaguna herrira eta jaira egokitu zuten, “Txiki-txiki” izenarekin bataiatu zutena. Horrela zioen kantuak:

Pregoia, pregoia!!!
Pregoia, pregoia!!!

Gure Santa Krutzak iritsi dira.
Denok irten zaitezte,
ondo pasatzera.
Pregoi honekin sarrera
ematen da.
Gure herri-festa
zoragarritara.
BAT, Haurren pregoia.
BI, Barraketa.
HIRU, Denok lagunak.
LAU, Ondo pasa!!!

Berriro, berriro!!!
BAT, Haurren pregoia.
BI, Barraketa.
HIRU, Denok lagunak.
LAU, Ondo pasa!!!
Berriro, berriro!!!

Ondarreta ikastetxeko Ane May Sagawa Elizalde, Nora Stitou Abarrich eta Uxue Iturriondobeitia Garcia haurrek jaietan hona etortzen direnei ongietorria eman zieten, “Ezin dugu ahaztu inguruko herrietatik etortzen diren gazteak. Hauei ongietorri beroena eskainiko diegu eta denen artean jaietan egon ohi den giro ezin hobea lortuko dugu aurten ere. Saiatuko gara, halaber, herria ahalik eta txukunen edukitzen denen gozamenerako”. Pregoian bertsoa abestu zuten:

Festak iritsi dira
asko jolasteko
kaleak ez zikindu
gutxi garbitzeko.
Barraka asko daude
bertan ibiltzeko
Santakrutzak ditugu
ondo pasatzeko.

Leire Etxeberria eta Alejandro Ugalde ikasleek Aita Larramendi ikastolakoen izenean gurasoei eskaera luzatu zieten, “Gurasoek ulertu behar duzue handitzen ari garela eta lo gutxixeago egingo dugula eta paga igo beharko duzuela; barrakak, litxarkeriak, txurroak…”. Jai Batzordeari ere bigarren eskaera egin zieten, “hurrengo urteari begira gure adinekoentzako kontzertuak eta hainbat jarduera antolatzea”.

Jaigiroa, euskara eta jokaera txukuna uztartzearen aldeko azken mezua ere helarazi zuten, “jaietan ondo pasa eta dibertitu haserretu gabe eta bestetik, Andoain garbi mantendu eta euskara gure ahoetan erabili”. Haurrek eman zioten hasiera jaiari, hurrengo orduetan adin guztietako herritarrak jaian murgiltzen joan ziren.
Egitaraua agenda atalean eta webgunean eskuragarri dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!