Euskal Herri osoan dabilen zirkuitua Larramendi Bazkuna-Iñistorrak eta beste 36 elkartek antolatu dute. Bere helburuen artean, tokian tokiko kultur eskaintza aberastea, euskarazko kultur ekimenak zabaltzea eta euskal egile berrien lanak plazaratzea da.
Asier Mendoza egile zarauztarra bertan, Urnietako emanaldian izango da. Momorro film laburra aurkeztu eta ikusleek egin nahi dizkioten galderei erantzuteko prest azalduko da. Hain zuzen, Mendoza bera Andoaingo emanaldian ere izan zen, apirilaren 8an. Esan behar da Mendozaren lana egin zitzaiela ikusgarriena, orduan bildutako ikusleei. Ipuin tradizionala fantasiarekin nahasten duen istorioa da berak egindakoa, eta kontatzeko era zein estetika egin zitzaien deigarri, emanaldi osteko tertulian ikusleek adierazi ziotenez. Luzatutako galderei erantzunez, Mendozak sormen prozesuko hainbat xehetasun azaltzen saiatu zen, oso modu atsegin eta pedagogikoan.
Ordubeteko iraupena du Urnietako emanaldiak, eta bertan hamar film labur agertuko dira. Horietatik sei film laburrak dira: aipatu Mendozarenaz gain, Gentzane Agirreren “Unrest” eta “All about eves”, Mikel Alvarezen “Azken trena”, Koldo Almandozen “Columba Palumbus” eta Iñigo Kontanaren “Itzalak”. Bideoklipa da bat: Logela Multimendia izeneko laukote elorriatarren “Ardauaren negarra”. Eta azkenik, ikus-entzunezko rallyko lanak dira hiru: “Anteojonudoak”, “Zeruari” eta “Bestaldean”.