Udal batzarraldiaren kronika

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 19:40

Azkenik, maiatzaren 5ean itxiko da Hirigintza Planari lotutako alegazioak aurkezteko epea. Udalbatzaren gehiengoak epe hori gehiago ez luzatzea erabaki zuen pasa den apirilaren 28an izan zen ezohiko plenoan. UDA-k epea hilabetez, ekainera arte luzatzeko proposamena egin zuen baina, PSE-EE-ko eta EAJ-PNV-ko zinegotziek aurka bozkatu zuten. EAE-ANV-ko bozeramaileak bozketan ez zuten parte hartu.

PSE-EE-ko bozeramaileak gogor kritikatu zuten alegazio epea irekitzeko bederatzi hilabete itxaron beharra izatea. Prozesua aurrera eramateko irizpide eta proiektu falta izatea egotzi eta sozialisten konfiantza falta agertu zion Herme Gonzalezek udal gobernu taldeari. Alegazio epearen luzapena, gehiengoak egindako eskaera ez dela izan gogorarazi zuen, herriko elkarteekin egindako bilerari erreferentzia zuzena eginez.  “Gaia desblokeatu eta aurrera jarraitu beharra dago”, zioen.

Deialdi bera egin zuen EAJ-PNV-ko bozeramaile Maribel Vaquerok ere. Egun batzuk lehenago prentsaurrean iragarri bezala, alegazio epea luzatzearen aurka agertu ziren. Alegazio eperik luzeena jeltzaleek proposatu zutela gogorarazi zuen. Bere esanetan, informazioa bermatu behar zitzaien herritarrei eta nahasmena baino ez da sortu. Eta gai honen nondik norakoak zuzenduko zituen batzorde gidaririk ez da egon. Herrian dauden premiak ikusita, “Urnieta ikasturte bat itxaroten egon da”, jakinarazi zuen Vaquerok.
EAE-ANV alderditik Iñaki Mendizabalek Hirigintza Planari buruzko eztabaida norabidez aldatzea proposatu zuen: “Kontua ez da epea, edukia baizik. Akordioetara ailegatu eta prozesuan aurrera egitea. Ez da adostasuna bilatzeko pausoak eman”. Lau alderdi politiko egonda, lau plan ezberdin daudela gogora ekarri zuen. Eta oraingo bide honetan, zenbat eta gehiago aurreratu, orduan eta gehiago egin beharko dela atzera gero.

UDA-tik Mikel Izagirrek Hirigintza Plana lantzeko komisioak behar bezala ez zuela funtzionatu adierazi zuen. Baina alderdi politikoetako eta elkarteetako ordezkariez osatutako komisio mistoa defendatzen dute eztabaidagune eta adostasunak bilatzeko leku bezala. “Adostasunera ailegatu beharra dago, edozein hirigintza plan aurrera atera nahi bada”, adierazi zuen alkateak. Nahiz gero, erabakiak hartuko dituena udalbatza izan.
Plenoaren ostean eskainitako prentsaurrekoan, alegazio sorta aurkeztear dutela iragarri zuten, ezinezkotzat jotzen baitute, UDA-k udal hauteskunde aurretik baztertzen zuen hirigintza planeamenduarekin, orain, bat egitea. Horrekin batera, Izagirreren esanetan, “informazio prozesua egingo dugu”. Zonaldeka, herritarrekin bilkurak egingo dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!