Omenaldia Santa Kruz elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 19:37

Maiatzaren 3ko ospakizunaren izen bera darama Urnietako elkarte batek ere; Santa Kruz. Urtero jubilatzear diren bazkideak omentzen dituzte. Aurtengoan, Pello San Sebastian eta Joxe Mari Illarregiren txanda da. Hilaren 4an lehenik meza saioa izango dute Azkorten. Ondoren, elkartean bazkaritarako bilduko dira.

Urte asko daramatzazue bazkide gisa?
Pello San Sebastian:
Gaur egungo egoitza ireki baino lehenago bazkideak ginen. Garai hartan, Zaldundegin egiten ziren bilerak. 45 urte daramatzat bazkide gisa.

Ehizarekin lotura handia izan du elkarteak?
P.S.S:
Ehizarekin eta arrantzarekin. Lehen, ehiztaria izanda, nahi zuenak bazkidetza egiten zuen eta ehiztariak bakarrik ziren bazkideen artean. Orain jada ez.
Joxe Mari Illarregi.: Oinarria hori zen. Baina ni Oreretatik etorri nintzen. Koinatua eta aldameneko farmaziakoa bazkideak ziren. Eta ez nintzen ehizean ibiltzen. Garai batean lehentasuna ematen zitzaion ehiztaria izateari. Baina lekurik bazen, edonork izena eman zezakeen.

Elkarteak hasierako esentziari eusten al dio?
P.S.S.:
Gaur egungo elkarteak, 36 bat urte izango ditu gutxienez. Hasieran ezberdina zen. Orduan ez zegoen sosik. Lokala erosi eta bertako lanak eginda, hura ordaindu beharra zegoen. Ez zen dirurik ordea. Taberna bezala irekita izaten zen festatan. Batzuetan ontziak garbitzeko urik ez eta San Juan Iturritik urez betetako baldeak ekarri behar izaten genituen. Orain dena egina dago.
J.M.I.: Bestalde, diru galerarik ez egoteko garrantzitsua izan da ehiza postua edukitzea.

Zer esango duzue maiatzaren 4ko ekitaldian?
J.M.I.:
Sinplea, eskerrak ematea. Bazkide bezala hor jarraituko dugu. Nik iloba sartu dut. Alabak ere sartu nahi zuen, gauzak aldatzeko garaia dela dio.

Emakumeak elkarteetan sartzea, eman beharreko pausoetako bat dela uste duzue?
J.M.I.:
Alabak elkartean sartzeko ilusioa zuen. Noizbait aldatu behar direla gauzak planteatzeko. Astigarragan eta Oiartzunen ezagutu ditugu emakumeen bi elkarte. Eta denborarekin egoera normalizatuta egongo da. Lehengoko pentsakera zaila da aldatzea. Jende gazteak aldatuko du, lortuko da.
P.S.S.: Denborarekin aldatuko da.

Zer moduzko martxa darama gaur egun elkarteak?
P.S.S.:
Asteburuetan afari dezente egiten dituzte eta jendea etortzen da.
J.M.I: Duela bost urte arte, koadrila bat biltzen zen egunero askari baten bueltan. Baina orain ohitura galdu da, adinagatik. Asteburuetan gazte koadrilak etortzen dira.
Bazkideen bataz besteko adina altua al da?
J.M.I.: Orain asko jaisten ari da, gazteak hartzen ari baitira erreleboa. Bestela, elkarte guztiko plazak beteta daude. Itxaroteko zerrenda dago.
P.S.S.: Nire lekua hutsik geratu da. Baina seme-alabak edo ilobak dituenak haietakoren bat sartzen du.

Elkarteko kide izatea, otorduak bertan egitea baino zerbait gehiago da?
J.M.I.:
Bere garaian, ehiza postua prestatzera joan behar zen asteburu pare batean. Bolo- txapelketak ere antolatzen dira.
P.S.S.: Plater tiraketa ere prestatzen dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!