Azkorteko erromeria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 30a, 19:35

Urnietarrentzat ez da atzo goizeko ohitura Santa Krutz eguna ospatzea. Hainbat historialarik diotenez, gutxienez hamahirugarren mendetik datorren ohitura omen dugu. Urnietako Ergoien auzoan kokatua egonagatik, egun horretan, Oztaran, Lategi eta Goiburu bailaratako baserritarrak ere bertara joaten dira, batez ere baserritarren festa eguna den horretan.

Pasa zen mendearen erdialdera arte urrutiagotik ere etortzen omen ziren, esaterako, Nafarroako Areso eta Leitzatik. Orain ezagutzen dugun ermita, Elorriaga baserriaren goialdean kokatua, 1973.urtean inauguratu zen. Aurrekoa, Buruntza mendiaren gailurralderago zegoena, harrobiaren lur janaren eraginez eta orduko agintarien utzikeriaren ondorioz 1970. urtean erori baitzen.

Elorria bedeinkatzea
Santa Krutz egunean Azkorteko ermitan urtero berritzen den ohituretako bat da elorria bedeinkatzearena. Sasoi honetan elorri zuria loretan izaten da, eta Urnietako baserritarrak zuhaitz honen adar bat eramaten dute egun horretako mezetan bedeinkatzeko. Baserritarrentzat haziak ereiteko urte sasoia da (artoa, babarruna...) eta elorri bedeinkatuaren adarrari alderik lodienean zauri txiki bat eginez Erramu Igandean bedeinkatutako erramuaren adar zati bat itsasten diote, Kandelari Egunean bedeinkatutako kandelaren argizari ttantta batzuekin lagunduta; eta ondoren, haziak ereindako soroaren lau izkinetan jartzen dute uzta hona izateko.

Erromeria eta bazkaria
Gaur egun mezaren ondorengo jaia ermitaren alboan egiten da, eta bazkaria Oianume sagardotegian. Lehen, meza ondoren Elorriya baserria izaten zen festaren gunea. Bertan egiten zen hamaiketakoa, eta bertako  bolatokian, Urnietan hain errotua dagoen joko honen txapelketa. Berdin gertatzen zen herri kirolekin, bertsolariekin edo erromeriarekin. Baina Santa Krutz eguneko berezitasunik handiena bazkaria izaten zen. Anjel, Joxe Mari eta Manoli Olazagirre anai-arrebek, egun horretan, baserrian hazitako oilasko paregabeak prestatzen baitzituzten. Duela urte gutxi, Manoli, bakarrik gelditu zenean, baserria saldu eta kalera bizitzera joatearekin bukatu ziren Elorriyako erromeriak.   

Igandean, Lasarte Oriakoen Txanda
Urnietarrek Santa Krutz egunean ospatzen dute Azkorteko erromeria, eta Lasarte Oriatarrek hurrengo igandean. Lehen, denek elkarrekin ospatzen zuten, baina 1848 urtean Oriako Brunet tela fabrika egin zutenean inguru horietako baserritarrak bertan lanean hasi ziren eta ezinezkoa izaten zuten egun horretan jai hartzea. Gauzak horrela, jaia hurrengo igandera pasatzea erabaki zuten, eta horrela jarraitzen dute. Jaiaren antolakuntza lanak eta dirua inguru horretako baserritarren ardura izaten zen. Gaur egun, Lasarteko Ttakun Kultur Elkartea arduratzen da jaia antolatzeaz, baina, ia berrehun urteko ohiturari jarraituz, oraindik ere, mezaren ondoren, Sebastian Kerejeta buru dutela, dozena bat baserritar elkartzen da Azkorteko sakristian, beraien gorabeherez hitz eginez hamaiketakoa egin eta antolatzaileei diru laguntzatxo bat emateko xedearekin.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!