Zurrumurruak egi bihurtu direla esan daiteke. Udal gobernu taldeak Hirigintza Planari aurkeztu beharreko alegazio epea luzatzeko asmoa du. Eztabaida gai hori eramango du datorren asteleheneko, apirilaren 28ko ezohiko pleno saiora. 19:00etan ekingo zaio eztabaidari udalbatza aretoan.
Dagoeneko zenbait udal talderen iritzia ezaguna da. UDA taldea proposamenaren bultzatzaile izanik alde bozkatuko dutela argi dago. EAJ-PNV-ko zinegotziak ez dira iritzi berekoak ordea. Atzo eskaini zuten prentsaurrean jakinarazi zutenez, alegazio epea luzatzearen aurka bozkatuko dute. Bozeramaile Maribel Vaqueroren esanetan, informazioa bermatu behar zitzaien herritarrei eta nahasmena baino ez da sortu. Gai honen nondik norakoak zuzenduko zituen batzorde gidaririk ez da egon. Herrian dauden premiak ikusita, edota batzordean hitz egin gabe gaia plenora eramango denez, planto egingo dutela iragarri zuen jeltzaleak. Gogoratzen dutenez, bere garaian, alegazio epea lau hilabetez zabaltzea proposatu zuten, baina ezezkoa jaso zuten.
Inork gehiengo absoluturik ez duenez, gainerako bi taldeen, EAE-ANV-ren eta PSE-EE-ren bozkak giltzarriak izango dira proposamena aurrera atera edo ez erabakitzerakoan.
Bestalde, UDA-ko zinegotzi Fatima Ormaetxeak utzitako eserlekua Juan Mari Tomasenak hartuko du hilaren 28ko ezohiko pleno saio berean.