Jokin Lizeaga Urnietako lasterkari trebea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 21:44

Ez da ohiko lasterkaria, proba gutxitan agertzen da eta kirol logikari aurre eginez lehen postuetan iritsi ohi da parte hartzen duenean.

Txirrindularitza izan zen zeure abiapuntua?
Jokin Lizeaga.
Hamalau urtererekin. Soin heziketako lizentziatura egiten ari nintzela utzi nuen. Gero, zazpi urte serioski ezer egin gabe pasa ditut. Koadrilako Mikel Legarreta mendi lasterketatan ibiltzen da. Iazko udan, haren bidez Pirinioetara joan ginen erdi oporretan, lasterketa batean parte hartzera. Ustekabean, bigarren postuan sailkatu eta ordutik, serioago entrenatzen hasi nintzen. Lehia grin hori barruan dugu eta horren ondorioz hasi naiz mendi lasterketatan. Natura, mendia beti gustuko izan dut eta lasterketa hauek horren emaitza izan dira.

Ainhoa Jauregi, bikote laguna ere hor dabil. Bion kirol ibilbideak paraleloak izan al dira?
J.L.
Berak iazko Adarrako mendi proban lehen aldiz parte hartu zuen. Ez dakit inbidiagatik edo, udan hasi nintzen. Biok ere nahiko ibilbide motza izan dugu, baina antzekoa.

Duela gutxi hasi, proba batzuetan parte hartu eta emaitza oso onak lortu dituzu?
J.L. 
Nik uste baino askoz emaitza hobeak lortu ditut. Ez nago buru-belarri prestakuntza berezirik egiten eta emaitzak benetan oso onak izan ditut. Arrazoia genetikoa izango da, nahiko ondo moldatzen naiz eta iraupen luzeko probetan. Gustura nabil. Ez dakit noraino iritsiko naizen kirol modalitate honetan. Baina momentuz, sakrifizio askorik egin gabe emaitza onak jasotzen ditudan artean, jarraituko dut.

Adarramendiko lehen proba berezia izango zen, helmugara iritsitako lehen urnietarra izan zinela kontuan hartuta?
J.L.:
Adarramendiko probako ibilbidea ezagutzen nuen. Abantaila bat da niretzat. Banekien aldez aurretik zein izango ziren etorriko zirenak, onenak. Nire kalkuluak eginda, banekien lehen hamar postuetan sailkatzeko aukera izango nuela. Baina bosgarren sailkatzea niretzat ezustekoa izan zen. Oso pozik amaitu nuen. Baina atsekabetuta ere, podiumeko sariak banatzerakoan baztertua izan nintzelako. Beste korrikalarien ondoan egoteko merezimendua kendu zidaten, urnietarra izateagatik edo urnietar saria jasotzegatik. Bosgarrenak ez zuen saria jaso eta herrian bertan hori gertatzea mingarria izan zen niretzat.

Kirola zeuk aisialdiko ekintza gisa hartzen duzu?
J.L.
Nire kasuan bai. Ez dut helburu zehatzik ezta prestakuntza berezirik ere. Gustuko izan eta ondo pasatzen dudalako nabil. Asko, maila profesional batean murgiltzen da, obsesio bihurtzeraino. Kirolari askoren entrenamendu saioak profesional batek burutzen dituenak dira eta horrek onura baino arazo gehiago eragiten ditu.

Posible da kirol errendimendu altua eta osasunaren arteko oreka hori mantentzea?
J.L.
Oso zaila da. Nire ustez, goi errendimenduko kirolak ez dira osasungarriak. Gorputzaren maximo batzuk bilatzen baitira, osasun aldetik ez direnak oso egokiak. Maila asko dago, exigentzia maila oso altua da. Errendimenduak kirol osasungarria kirol ez osasuntsuan bihurtzen du.  Kirola eginez ere, osasuna gal daiteke. Hori gaur egun gero eta gehiago gertatzen da.

Iruñean soin heziketako irakasle lanetan zabiltza. Nola ikusten da bertatik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan arlo horretan aplikatu nahi duten ordu murrizketa?
J.L.
Nafarroako kurrikulumean ere ordu batzuk murriztu nahi zituzten. Grebara iritsi gabe eta negoziatuta, lortu da mantentzea. Gizentasunari edo bizimodu sedentarioari aurre egiteko beharrezkoa ikusi dute kirol kultura bat txertatzea gizartean. Han lortu da, hemen zaila da mantentzea. PISA azterketa dela eta, orduak murriztu behar dituzte eta hori dela eta, errazena gorputz hezkuntzari edo musikari kentzea da. Borrokan ari gara baina zaila ikusten dugu.

LASTERKETAK
2007, postuak

2.Hecho |  3.Ernioko lasterketa |  4. Orreagako erdi maratoia |  2.Urbasa mendi lasterketa | 2.Aduna

2008, postuak
5. Urnieta-Adarramendi | 3.Berako erdi maratoia | 3.Aloña Mendiko kirol proba.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!