Xabier Lekuona, Berria egunkariaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 21:37

Andoaindarra Euskaldunon Egunkarian sorreratik izan zen, eta itxierako egunetan langileen bozeramale. Euskarazko egunkariak bost urte bete dituela ospatzeko, Euskal Herria zeharkatuko duen ekitaldi-sorta Andoainen abiarazi zuten.

Ospakizuna beti da albiste on bat. Zoritxarrez, Egunkariaren itxieraren itzala ez da erabat desagertu... Okerrenean jarri behar al dugu auziaren inguruan?
Xabier Lekuona.
Auziren bat Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku iristen denean, okerrenean jartzea zentzuzkoena da. Ezustekoak, normalean, txarrerako dira. Egunkaria auzia Guardia Zibilak bultzatu zuen, ez epaileek. Hasiera batean Egunkariak ETA finantzatzen zuela esan zuten, gero ETAk finantzatzen zuela Egunkaria, orain ez bata ez bestea, fiskalak ez baitu sumario nagusian akusaziorik egin. Baina, hala ere, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek akusazioa egin eta nahikoa izan da epaileak epaiketa egin behar dela ebazteko. Epaile espainiar bakar batek erabaki dezake egunkari bat ixtea, urtetako lana hankaz gora jartzea eta bertan buru-belarri lan eta lan aritu diren euskaltzale batzuk espetxera bidaltzea. Tristea da, baina hori dena epaile bakar batek egin dezake. Eta horren aurrean gu nola defendatzen gara? Baina ez dut ezer berririk esan, Auzitegi Nazionalaz ari gara. Abertzale usaina duen guztia errotik akabatzeko sortutako auzitegi berezi batez ari gara.
 
Iragan hurbileko gertaera ilun horrek zenbateraino baldintzatzen du egitasmo berria?
X.L.
Berria egunkariak itxiera bati erantzun zion. 2003ko otsailaren 20an itxi eta Berria kalean zen lau hilabete eskasera. Lan handia egin zen, baina denboraren poderioz egokitzen joan behar izan da. Eta esan beharra dago dena ez zela kalterako izan. Kazetaritzaz gogoeta egiteko aukera eman zuen eta hortik egunkari eredu bat irten zen. Irakurleak esango du asmatu genuen ala ez.

Bost urte eta gero, eta gertatutakoak gertatuta, eragileen eta lan taldearen animoa nolakoa dela uste duzu?
X.L.
Faktura pasatzen du, baina indartzeko ere balio izan du. Balio izan du ikusteko txikiak garela, baina txikiak izan arren, euskaraz informatu nahi izateak merezi  duela, aldekoek estimatzen dutela eta kontrakoei tripak lehertzen zaizkiela.
 
Egunkariaren itxierarekin zer uste duzu galdu zutela irakurleek? Eta Berriarekin zer irabazi dute?
X.L.
Eskubideei dagokionez, itxierarekin informatuak izateko eskubidea galdu zuten, euskaraz informatuta izateko eskubidea. Berriarekin hori berreskuratu zuten. Kazetaritza ikuspegitik, berriz, bi egunkari desberdin dira. Berezitasun bat aipatzearren -asko baitaude- Berriak, bereizita bada ere, informazio eta iritzi gehiago sartzen du garai bateko Egunkariak baino. Kazetariari gehiago bustitzea eskatzen zaio eta uste dut irakurleak hori estimatzen duela.  
 
Egoitza nagusiaren kokapena izateaz gain, zer da Andoain zuen komunikazio taldearentzat?
X.L.
Martin Ugalderen jaioterria, Egunkaria bultzatzeko lan eskerga egin zuen euskaltzalearena. Horrez gain, Berriak egoitza nagusia Bermeon edo Lizarran balu ziur naiz beste produktu bat irtengo litzatekeela. Eskualdeko gazte –eta ez hain gazte– mordoa dabil lanean, Berrian eta Kultur Parkean, eta horrek nahita nahiez nortasuna ematen dio etxeari.

Berriak Andoaini eta eskualdeari zer ekarpen egin diola uste duzu?
X.L.
Berria euskarazko egunkari nazional bakarra da. Andoaingo herritarrei, gainerako herri, eskualde eta herrialdeetako irakurleei bezalatsu, munduko gertakariak Euskal Herriko betaurrekoekin irakurtzeko aukera ematen die. Baina ez hori bakarrik. Tolosaldeko herritarrek badakite, ez astero eta ez hamabostero, ez, goizero-goizero tokiko euskarazko egunkaria ere jasotzen dutela etxeetan Berria argitaratzen duen EKTri eta bertako beste eragileei esker. Eta Andoaini Martin Ugalde Kultur Parkea eman dio. Horrek zer esan nahi du? Alor horretako enpresa eta jende ugari erakarri duela, agian ondoegi ezagutzen ez den kultur balio erantsia eman diola herriari.    

Urteurrenen harira asmo berriak agertzen dira. Zeintzu dira asmo berri horiek Berriaren kasuan?
X.L.
Urteurrenaren lehen ekitaldia Martin Ugalde Kultur Parkean egin zen eta bertan azaldu ziren datozen erronkak: alde batetik, orain arte sortutako hedabideetan jardutea, eta ziztu bizian etorriko diren euskarazko tokiko telebistak bultzatzea,  erronka nagusia delako euskarazko produktuak ahalik eta euskaldun gehienengana iristea. Eta bestetik, azpiegitura gehiago sortzea, eta hor helburu nagusia inpresio zentro bat eraikitzea izango da.
 
Albisteak lantzen dituzuen sukaldetik, zein mezu helaraziko zenioke eskualdean duzuen irakurlegoari?
X.L.
Exijenteagoa izateko. Berez, Berriako irakurlea bada exijentea, baina izpiritu hori ez dezala galdu eskatuko nioke irakurleari. Kazetariak –eta denok- presio pittin bat behar dugu, kazetaritza, gaur egun,  gainbehera datorren zerbait da, maizegi takigrafo lan hutsak egiten dira eta kazetaria babestua dagoelakoan lasai gelditzen da. Erosotasuna da kazetariaren galbidea. Irakurleak aukera duen bakoitzean hori gogorarazi behar dio, notiziak kontrastearekin nahi dituela, albiste agentziek eta komunikazio kabineteek banatutako valium-ak ez irensteko, loak ez hartzeko, kazetaria lekukoa izateaz gain iritzia ere izan dezakeela... Kazetaritza egiteko, alegia. Gero irakurleak erabakiko du ados dagoen ala ez.   
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!