Dantza eta musikaren erakusleihoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 21:36

Dagoeneko zazpigarren ediziora ailegatu da Jalgi Plazara ekimena, aurtengoan inoiz baino goiztiarrago datorren jaialdia. Ekainean ospatu ohi den ekimena, igande honetara, apirilaren 27ra aurreratu baitute antolatzaileek.

Musika eta dantza uztartu ohi dira, alorreko talde ezberdinen eta kideen arteko harremanak sendotzea xede duen jaialdian. Horregatik, urtean behin, Urnieta alor horretan trebatzen ari diren taldeen plazagune bihurtu ohi da.

Musika eta dantza taldeen eguna izango da. Herrian egiten dena erakutsi eta bultzatu nahi da. Horregatik, ez da faltako Urnietako ordezkaritza Jalgi Plazara jaialdian. Bosko Anitz Txaranga eta Aurrera Gure Ametsako kideek parte hartuko dute. Aurtengoan, ordea, kide berri bat erantsi zaie; Lurdes Iriondo Musika Eskola. Baina ekimena herritik kanpo egiten denaren erakusleihoa ere bada. Euskal Herriko beste zenbait txokoetakoak ere gonbidatu dituzte jaialdi honetarako. Biasteriko Banda Joven horien artean eta San Asensioko dantza taldea adibidez.

TXOKO EZBERDINETATIK
Urdaibai eta Mikelats dantza taldeak ere etorriko dira Urnietara. Izenari erreparatuta, bizkaitarrak lehenengoak, Forukoak. Ia berrogei urteko historia duen taldea, euskal dantzak ezagutzeko ikastaro batetik abiatu zena. 75 kide ditu. Nafarrak, Atarrabiakoak dira Mikelats taldekoak. Bertan ere gazte asanbladak abian jarritako ikastaro baten bidez osatu zen 1994an. Arrakasta eta kritika oso onak jaso zituzten 1998an estreinatu zuten “Amaia eta VIII. mendeko euskaldunak” lanarekin. Euskal folklorea zabaldu asmoz, Euskal Herritik kanpora ere joan izan dira.

Herrian elkartuko dira guztiak eta herrian zehar ikusi ahal izango ditugu kalejiran. Kalez kaleko ibilaldia amaitu ostean, San Juan plazan hasiko da ekitaldi nagusia, 12:15etik aurrera.

Eguraldi txarra egingo balu, jaialdia udal pilotalekuan ospatuko da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!