Santakrutzak08: Xelebre karrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 21:23

Bizikletaren katea erabili gabe ahalik eta urrutien iristean dago gakoa. Indarra eta teknika behar beharrezko dira. Hori bakarrik ez, abiadura gutxian eta manillarra alde batera eta bestera eraginez orekari eusteko trebezia izatea oso garrantzitsua da.

Goia jota dabiltza Andoaingo Txirrindulari Eskolako arduradunak. Haien gidaritzapean dituzten haur eta gazteak Gipuzkoako eta Euskal Herriko errepideetan lehen postuetan sailkatzen ari dira, tropelaren gehiengoari Andoaingo kulotea zein den argi eta garbi erakutsiz. Giro onean, hori bai, baina serio demonio aritzeko hartutako lanekin nahikoa ez eta jaietako egitarauan berrikuntza eskainiko dute: Lehen Xelebre Karrera. Eta zer da hori? Bada, Aiurriko irakurleek jakin badakite zer den hori erreportaje zabala argitaratu baitzen orain hiru aste. Orduan aipatutakoa laburbiltze aldera, bizikletaren katea erabili gabe ahalik eta urrutien iristean dago gakoa. Indarra eta teknika behar beharrezko dira. Hori bakarrik ez, abiadura gutxian eta manillarra alde batera eta bestera eraginez orekari eusteko trebezia izatea oso garrantzitsua da.

TREBAKUNTZA SAIOAK PROBA BURUTU AURRETIK
Apirilaren hogeita batean oinezkoen harridura piztu zuten Eskolako kideek. Iluntzean bi gaztetxo bizikleta xelebre baten gainean Kale Nagusian gora eta behera ari ziren. Gutxira Joxe Barberena, Patxi Altuna, Jon Mikel Mujika eta konpainia gauza bera egiten jarri ziren. Jendea kalean taldeka biltzen zen ezustean sortutako ikuskizunarekin. Entrenatzaileak, gurasoak eta txirrindulariak izan ziren bizikleta ezberdinak probatzen. Eskolarentzat lasterketa antolatu aurretik egin beharreko proba garrantzitsua zen. Joxe Barberenak, esaterako, lehen saiakeran Bekoplazatik irten eta Bastero estankoraino iritsi zen. Baita pasa ere! Ohiko bizikleta gainean egin zuen proba. Bada, gurpil exzentrikodun bizikletarekin... Kale Nagusia eta Goikoplaza bereizten dituen semaforoa ere igaro liteke!
Azken xehetasunak zehazteko proba baliagarria egin zuten. Zalantzarik ez, ikuskizun ederrean bilakatuko da Xelebre Karrera. Ikusleek kalearen ertzetan egoteko aukera izango dute, proba bertatik bertara ikusi eta partaideak animatzeko. Bertan izango direnentzat kontutan hartzeko datua; Irunberri  eta Kuttun eremuan kokatzen da probaren zatirik zailena. Batek baino gehiagok hanka lurrean ipiniko du hor.

PROBA BAKARRA, BI AUKERA
Katerik gabe nola egin aurrera? Galdera horri erantzuteko trebezia handia erakutsi behar da bizikleta gainean. Batez ere maldan gora. Partaideek bi aukera ezberdin izango dituzte eskura: ohiko bizikleta edota atzeko gurpila aldatuta duen bizikleta erabiltzea. Azken honek gurpil exzentrikoa darama atzekaldean. Hori erabiltzen duen txirrindularia, atzetik ikusita, kanguro baten ibilera daramala esan daiteke. Hitz bakarrean, xelebrea.

PROBAREN BIDEOA
www.aiurri.com gune elektronikoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!