Santakrutzak08: Ezpatadantza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 21:20

Historian atzera joanez gero, XVI. mendeko agirietan jada aipatzen da nola dantzatzen zen errege-erreginen inguruko ospakizunetan, adibidez. Dantza hori Gorpuzti eguneko ekitaldietara ere lotua egon da beti, eta alde horretatik, ohikoa izan da eliza barruan eta prozesioetan dantzatzea.

Urki Taldearen XX. urteurrena zela eta Juan Antonio Urbeltzek eta Iñaki Arregik Ezpatadantza izan zuten hizpide, Basteron eman zuten hitzaldian. Euskal dantzei buruz Urbeltzek azken urtetan darabilen tesiaren arabera, herri dantzak nekazal gizartetik datoz, eta euskal dantza askoren atzean dagoen metafora, intsekto uzta txikitzaileak uxatzeko errituala dago. Ezpata dantzaren kasuan, betidanik gerra dantza gisa ulertu izan den arren, Urbeltzentzat ezpataren mugimendua intsektoak uxatzeko erritualean kokatuko litzateke. Iñaki Arregi dantzari andoaindarra, bere aldetik, ezpata-dantzak eragiten duen liluraz jardun zen, hitzaldi berean. Protokolo zoragarritzat jo zuen, modu indartsu, sakon eta zibilizatuan egiten delako.  

Gerturago etorriaz, Andoaingo eskopeteroen jatorria ikertu duen Juan Mari Irustak ikusten du loturarik ezpatadantzarien eta eskopeteroen artean. Sasoi batean, dantzariak herriak egiten zituen defentsarako milizien alardeen parte izango ziren, Irustaren aburuz.
Batzorde bat sortu zen orain gutxi Ezpatadantza Andoainen berreskuratu eta protokoloa definitzeko. Bere partaideak, Udaleko kultura saila, Ikerfolkeko Iñaki Arregi, Urki Taldea, Eskopeteroa eta Aitor Amutxastegi herriko dantzaria izan ziren.

Guztien artean adostu dute zer egin eta nola egin. Ezpatadantza harrerako dantza dela hartu da kontuan, lehenengo eta behin. Jaietako sekuentzia honela deskribatu du Amutxastegik, “Banderaren jaitsiera beti bezala egingo da, agintari, txistulari eta eskopeteroek osatutakoa, Udaletxetik hasita. Dantzariak Santa Krutzeko zubian kokatzen dira. Udal ordezkaritza Kale Nagusitik behera badatorrela ikusten denean, dantzariek Zubiaurre etxeko parera joan eta egiten diote harrera. Zubia egin eta atzeko hiru dantzari -ezpata txikidunak- aurreratu eta harrera dantza egiten dute”.

Dantza amaituta, sekitoak aurrera egiten du, eta berehalaxe banderaren haizeatzea eta eskopeteroen deskarga etortzen da. Bitartean, “dantzariak ilarak hautsi eta korrika batean ermitaren sarreran jartzen dira, Udaletik datozenei eta herritarrei zubia egiteko prest. Barruan ez da dantzarik egiten. Meza bukatzean, harrera dantza egiten zaio banderari. Segidan, denak elkarrekin Peña Santa Krutz elkartearen pareraino joaten dira”.
Urki Taldeko dantzariak izango dira Ezpatadantza egingo dutenak. “Sei dantzariz osatutako lau zutabe izango dira. Horiei erantsi behar zaizkie ezpatarekin doazen lau dantzariak, kapitaina eta dantzaren etorkizuna sinbolizatzen duen dantzari txikia”.

“Urtez urte Ezpata-dantza sendotzen den heinean, irekita geratu da protokoloan sakontzeko aukera. Detaileak sartu ahal izango dira, non egin harrera, non dantzatu…”, erantsi du Aitor Amutxastegik.    

Protokoloarekin jarraituz, aipatu behar da Santa Krutzetako Jai Batzordeak Andoaingo Udalari honako eskaera egin diola, iaz egin moduan: ermitaraino jaitsi eta berriro igo beharrean, urtero izendatzen den elkartearen parera iritsi dadila eta han utz dezala bandera, jaiek irauten duten bitartean. Arrazoitu gabeko ezetza izan da Udalaren erantzuna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!