Jokin Sorozabal eta Ainhoa Aiertza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 20:58

JOKIN SOROZABAL: EGINEZ ETA GOZATUZ 

Aste Santua joan orduko begi bistan izaten ditugu urtero Santakrutzak, udaberriko lehen loreak bezala “aurreneko festak”. Aurrenekoa izatea gutxiren esku dagoen suertea da. Ez dira inguru hauetako Santakrutz bakarrak, baina besteen baimenarekin esan liteke ezagunenak behintzat baietz.

Esan beharko nuke baita ere Aiurriko lagunei aurreratu diedan bezala, herriko beste puntan hazia izanik kontaktu zuzenik ez dudala izan Santakrutzekin, orain are eta urrutiago bizi naizela gainera. Bigarren ilaratik ere zerbait ikusiko al da!

Askotan esan izan dut nik Andoainen festa asko daudela diotenen aurrean, baietz, zortzi edo bederatzi baditugula; eta gure auzoa dela ez duen bakarra, santurik ez delako gure artean. Besterenean bai, tokatu zaigu dexente ibiltzea.    

Han eta hemen festa klase asko ezagutzea tokatu zaigunok, ikusi dugu azken hogei urteetan izan duten aldaketa. Jendea “masan” mugitzen zen lehen herriz-herri, gaur ez bezala. Arrazoi asko daude tartean, baina denak aletzen luze jo gabe, esango nuke gaurko aisialdi aukera eta ohitura ugaritasuna eta festa bera, behar kolektibo bezala indarra galtzen joan izana direla nagusienak.

Eta hemen dago koxka. Kanpotik eta batez ere gauetan plazak betetzen zituen jendea faltako da hemendik aurrera. Festa egiteko herrian bertakoekin dago kontatu beharra, eta festa ikusle edo kontsumitzaile ez, baizik eta “eragile” izateko jendea motibatzen den tokietan ari dira salbatzen, eta ongi gainera. Santakrutzetako egitaraua ikusi besterik ez dago: Zenbat gauza dauden lehiaketak, tanborradak, jaitsierak, Xelebre Karrera aurten lehen aldiz, koadrilen eguna… jendearen parte hartze zuzenean oinarrituak. Egunez giroa berreskuratzen ari da gainera, aukera berriak zabalduz.

Gozatu bada denok, antolakuntza, auto-antolakuntza eta desordenaren arteko nahasketa honetan, aisialdia ere programatzeko joera dagoen garaiotan, nor berak moldatutako festak doble balio duelako.

Eta zorionak jai batzordeari, giro hau lantzen asmatu duelako. Gutxi egin baina asko ikusi duen begi-luze baten partetik!

AINHOA AIERTZA: SANTAKRUTZEN XARMA

Maiatza iristear dago eta horrekin batera Santakrutzak. Eguraldiak batzuetan laguntzen ez badu ere, andoaindarrok kalera irteten gara egun horietan. Gazteenek, ikasturtea amaitu aurretik euren gelako lagunekin atera eta festan ibiltzeko, txikienek jolasean aritu eta gurasoen sosak xahutzeko, koadrilek euren blusa koloretsuekin  kalejira, bazkaria eta jokoekin kaleak girotzeko, nerabeek kontzertuetara joan eta parranda gaua eguna bihurtu bitartean luzatzeko, kirolariek kirol probetan parte hartzeko, eta helduek lagunekin elkartzeko aukera paregabea dute Santakrutzetan. Urteak aurrera joan ahala, jaietan parte hartzeko modua aldatzen da, baina  jai hauetan parte hartzen dutenek urtero errepikatzen dute.

Eskolara joaten nintzenean, koadrilarekin festan ibiltzen nintzeneko garaiak urrun badaude ere, azken urtetan hainbat ekitaldietan aurkezle edo laguntzaile gisa parte hartzeko aukera izan dut herriko hainbat jaietan. Batzuk jaietan ondo pasatzeko beste batzuk lan egin behar dute, eta antolatzaileen lana goraipatu nahi dut lerro hauen bidez. Andoaindar horiei esker hamaika ekitaldi desberdin ditugu egunotan. Aurten bost egunetako egitaraua  osatu da eta ohitura, berrikuntzak, jolasak, kirola eta musika uztartzen dituen jaiak izango dira. Pregoia, kros herrikoia, txirrindulari lasterketa,  ikurriñaren jeitsiera, danborrada, berbena eta kontzertuak, bertsolariak, meza,  goitiberak, eskopeteroak, sardin jatea, herriko musikariak eta dantzariak, sagardo lehiaketa, erreka jeitsiera, eta txoznak, besteak beste, Santa Krutz jaietan ezinbestekoak bihurtu dira. Inguruko herritan egiten diren lehenengo jaiak izateaz gain, jaien egitaraua ikusita eta festa hauen xarma dela eta, andoaindarrok eta inguruko nahiz urrunagoko bisitariek festarako aukera paregabea izango dugu aurten ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!