Elkarrizketak: Salvadora Roldan eta Jose Egues

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 20:56

Salvadora Roldan: Atzoko eta gaurko ikuspegia

Beheko kalean egin du bizitza osoa Salbadora Roldanek, eta beste inork ez bezain gertu ezagutu eta gozatu ditu Santa Krutzak.

Berak ezagutu zituen festak oraingoak baino murritzagoak ziren, “Santa Krutz eguna eta ondorengo igandea, besterik ez zen. Santa Krutz eguna, hala ere, urteko egunik garrantzitsuena zen Andoainen; konparaziorik ez San Juan egunarekin. Oso zen solemnea; kanpoan bizi ziren andoaindarrek ere ez zuten hutsik egiten. Agintariak jaisten ziren eta meza nagusi ederra ospatzen genuen”.  

Oraingoak ekitaldiz gainezka etortzen dira, lehengoen aldean. “Badago zer ikusia goizetik gauera; orduan ez zegoen halakorik. Ez kioskorik, ez ezer. Orkestina bat Bodeganeko hartan jartzen zen eta haren inguruan denak jartzen ginen dantzan!

Familiarena zen Julianeko tabernan aritu zen zerbitzari Salbadora, “28 urterekin ezkondu eta Zubiaurreneko etxera bizitzera joan nintzen arte”. Normalki taberna “gauerdian ixten zen. Festa garaian, akaso ordubete beranduago arte egongo zen irekita, Guardia Zibilak ibiltzen baitziren errondan”. Tabernetan agertzen omen ziren lehen pertsonen arteko liskarrak: “Edan egiten zuenean jendeak, eta orduan ateratzen zuen barruan zeukan amorrazioa. Gure aitak errespetua jartzen zuen halakoetan; ondo zekiten zarpatik hartuta aterako zituela bestela”.

Parranda kontuetan egon den aldaketa egiten zaio deigarriena. “Gaupasarik ez zuen esistitzen orduan. Villabona edo Urnietako gazteren bat geratzen bazen gaua egiten, taxia ordaintzeko dirurik ez zuelako zen. Halako kasuetan, gure tailerrean uzten genien lo egiten; hurrengo eguneko aurreneko trena hartzen zuten gero zintzo-zintzo. Goizalderarte orain dabiltzan gazteak, a ze atxurra eramaten duten! Batekin topo egin nuen behin kalean, eta izugarriak esan zizkidan. Gero damutu nintzen, manta bat eman eta koskan lo egiteko esan ez izana”.  

Gazte garaiak joan arren, oso gertutik bizitu ditu festak. “Kalera apenas ateratzen naizen; Roldan familiak urtero egiten duen bazkarira eta Santa Krutz eguneko mezara, batez ere. Hala ere, inguruan izaten ditut seme-alaba eta bilobak, eta gainera Zubiaurre etxean bizita pribilegio handia daukat: aulkian eseri eta patxada ederrean ikus dezaket dena”. Aurtengo bizikleta proba deigarria egiten zaio, “polita dirudi; beren maniobrekin-eta erraza ez da izango”. Pena, ezpata-dantzariek udal komitibari egingo dioten lehen harrera ez ikusteak ematen dio. “ Ordurako elizan sartuta egongo naiz, lekua harrapatzen”. Meza entzun ondorengo bigarren dantza saioa ikustearekin konformatzen da, hala ere.

 

Jose Egues: Elizan baino Gaztelutxon nahiago

Lehenengo postuan jarriko genuke ziurrenik, parranda zaleen sailkapena eginez gero herrian. Hil zorian egon zen orain bi urte. 

Egitarauari gehiegi erreparatzen ez dioten horietakoa da Joxe, “bizikleta xelebreen kontu hori kenduz gero beste berririk ez dago, baina berdin dio. Festa den tokian, ez da asko behar parranda egiteko. Umorea eta trikitia, nahikoa”.

Euskal Herrian jai kopuru handiena duen Andoainen, Santa Krutzak dira hoberenak Joxerentzat. “Jende jatorra bizi da beheko aldean eta jende jatorra bertaratzen da festara. Horregatik dira onenak”. Jaien iraupena gehi biharamuna hartzen ditu jai, lanpostuan. “Hori da jaiak gozatzeko modurik egokiena; hala ere, Santa Krutz eguna libratzeko ohitura ere, galtzen ari da”. Blusa zuri-berdea daraman kuadrilaren jarrera jartzen du eredu gisa. “30 bat lagun gara. Asko ezkondu dira, edo kanpoan bizi dira. Baina maiatzaren 3an, tak! hantxe biltzen gara denak bazkaltzera eta kalez kale ibiltzera”.

Lurrera erori eta buruan kolpea jasan zuen 2006ko urrian. Oso larri egon zen ospitalean. “Hurrengo egunean hiltzat eman ninduten denek! Beti sufritzen, baina eutsi nion bizitzari”. Akabo Eguesen parrandak! pentsatu zuten askok. Bai zera: osatze aldera baja hartuta zegoela, apirilean-edo hor hasi zen usaintzen Santa Krutz jaia, “medikuak beste bost bat hilabete beharko nituela bajan esaten zidan, baina aide joan nintzen lanera”.

Parrandatan ez ezik, zenbait ekitalditan ere hartzen du parte, “Zumeatarraren eta presoen aldeko tanborradetan jotzen dut, eta gero sagardo egunean zerbitzari aritzen naiz”. Barraz bestaldeko lana arraro egiten zaion galdetu diogunean, “besteei ematen aritzen gara, bai, baina ez uste ura edanda egoten garenik!” erantzun digu maliziaz.
Nork bere modura bizi ditu jaiak, eta adibidez, ermita barruan Santa Krutz martxa jotzean danbor jotzaile asko emozioz gainezka jartzen diren bitartean, Egues kalean geratzen da “ez bainaiz elizara joaten. Nahiago dut Gaztelutxoko sarreran tragoxka bat hartzen egon, besteak atera arte”.

Famatuak dira kros herrikoian Joxek garai batean egiten zituen lasterketak, kalez jantzita eta gaupasa eginda. “Denak bukatu nituen. Batere entrenatu gabe, prestatuta ateratako batzuei irabazten nien. Aurrez hainbeste saio eginda, nekatuta etorriko ziren haiek!” Beti izan du kirolerako indarra Joxek; horren lekuko, egindako makina bat apustu. Ez omen du galdu sasoia oraindik, “momentuan tentatuz gero, aurtengo krosean ere aterako nintzateke, zergatik ez?”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!