Koadrilen topagunea ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 20:52

Koadrila Egunak dagoeneko hamar urte bete ditu Santakrutzetako egitarauan. Urtez urte indartzen doan ekimena da. Aurtengoa maiatzaren 2an ospatuko da, ostiralarekin. 

Berrikuntzekin dator gainera. Eguna gosari eder batekin Bekoplazan hasi ostean eta txosna batzordetik egindako proposamena kontuan hartuta, aurtengoan jolasak txosnagunean bertan hasiko dira, ez Kale Nagusian.

AFARIA ESPIGOIAN
Horrekin batera, garai bateko ohitura berreskuratu nahi izan dute; espigoian afaltzerarena. Norberak eguneko azken otordua bertara eraman eta gune horretan bilduta jatera deitzen dute aurtengoan. Beti ere, noski, eguraldiak behar adina laguntzen badu. Adin guztientzako ekitaldiak izango dira; urrutirago joan gabe, Txan magoaren trikimailuak Zumea plazan ikusi ahal izango dira. Koadrila guztiak bilduko dituen kalejira batek osatuko du eguna. Ibilbidea Incansables txarangako kideek zabalduko dute. Atzetik etorriko dira maiatzaren 2ko protagonista nagusiak. “Laurehun pertsona txaranga baten atzetik ikustea, izugarrizko sentsazioa da”, adierazi dute Koadrila Eguneko antolatzaileek. Musika eskaintza Trikizioren kontzertuak osatuko du. Eta ausartzen denak abestu dezala, ondoren izango den karaoke saioan.

HAZTEN, ZABALTZEN
90.hamarkada erdialdean antolatu zen lehen aldiz Koadrila Eguna. Lehen urteetan, herriko lagun arte batzuen artean ospatzen zen eguna. Bi urteko etenaldiaren ostean, 2000. urtean Koadrila Eguna Santakrutzetako egitaraura itzuli eta harrera bikaina izan zuen. “Festa zabaldu nahi genuen, ordura arte bost koadrila izan baikinen”, adierazi dute ekimenaren sustatzaileek. Edozein koadrila parte hartzera animatzeko deia luzatzen hasi zirenetik, hazten joan da festa. Ikustetik parte hartzera igaro dira gehienak. “Jendea, ikusten duenaren arabera animatzen da”, gogorarazi dute antolatzaileek.

PARTE HARTZEKO DEIA
Iaz, laurehunetik gora herritar, lagun bildu ziren.  Parte hartzera deitzen dute antolatzaileek, bereziki, orain arte Koadrila Egunera agertu ez direnei. “Jendea anima dadila, ateak irekita daude”, adierazi dute Koadrila Eguneko sustatzaileek. Lagun arte parte hartzaile gehienak gazteak dira, baina Koadrila Eguna ez da Gazte Eguna. Beraz, adina ez dadila oztopoa izan. “Duela hamar urte Koadrila Eguna antolatzen hasi ginenean parte hartu zutenak, gaur egun seme-alabekin etortzen dira”, gogorarazi dute antolatzaileek.

Geroz eta jende gehiago erakartzen du Koadrila Egunak. Horren lekuko dira, Santakrutzeko egitarauan tartea duen egun osoko festa prestatzeko antolatu ohi dituzten bilerak. Koadrilek erabakitzen dute Koadrilen Egunak nolakoa izan behar duen. “Azken bileran, ez ginen denok sartzen. Eta hori bileretara ez garela koadriletako kide guztiak etortzen”, zehaztu dute. Jada, denek lekua izateko biltokia bera ere aldatzekotan dira. Horregatik, antolatzaileek aurtengorako egiten duten parte hartzeari lotutako iragarpena, baikorra da erabat.

TXARTELAK EROSTEKO AZKEN EGUNAK
Txitibar, Xaxi, Irunberri eta Txindoki tabernatan salgai dira bazkaritarako txartelak. Eskuragarri, apirilaren 28ra arte. Denen eskura izateko prezioa jartzen dutenez, antolatzaileek txartelak erosteko epea errespetatzea eskatzen dute; bazkaritara joateko asmoa duenak lehen bait lehen eros dezala txartela.

Koadrilen Egunean parte hartzera deitzen dute antolatzaileek. Baina egun horretatik haratagoko hitzordu bat ere finkatu nahi dute, lagun arteak protagonista dituen eguna bera baloratzeko bilkura hain zuzen. Maiatzaren 2ko jai eguna nondik nora joan den aztertzearekin batera, gerora begira ere jarri nahi dute. Lan talde bat sortu nahiko lukete, Santakrutzetara mugatu ordez, urtean zehar ekintza gehiago antolatzeko. Jaien ondoren izango da hori.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!