Pedro Unanue izango da aurtengo pregoilaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 20:49

Zumeatarra elkarteko lehendakari eta batzordekide urtetan, Santa Krutzetako Jai Batzordekide urtetan, eskualdeko Gurutze Gorrian ardura lanak betetzen azken 29 urtetan...

Ilusioa eragingo zizun, noski, pregoia egiteko proposatu zizutenean.
Pedro Unanue.
Ilusioa, noski eragiten dizula. Izendatzaileek jakingo dute zergatik jo duten nigana, baina iruditzen zait jende askok merezi duela halako ohorea, pertsona ugari baita lanean aritzen dena han hemen. Niretzat Santakrutzak jai pribilegiatuak dira Andoainen. Nahiz eta Etxeberrietan jaioa, Zumeatarra elkartearen gainean bizitu naiz urtetan –ezkondu eta Olagainera joan arte- eta txikitatik gertu-gertutik bizitu ditut jai hauek. Jaiak maitatzen erakusten gintuzten haurtzaroan etxean; pentsa, galtza berriak jai horietan estreinatzen genituen. Nork bere herri edo auzoaren alde joko du, baina niretzat hauek dira parte hartzaile eta kaletarrenak. Sanjuanak akaso jende helduarentzat dira gehiago; hauek, gazte jendearentzat.
 
Pentsatuta zer esango duzun?
P.U.
Azken egunak iritsi arte, ez dut hausnartuko zer esan. Dena dela, ekintzaile eta partehartzaileagoa naiz hiztuna baino, eta kostako zait jendaurrean zerbait adieraztea.  

. ... eta nola disfrutatuko dituzun jaiak?
P.U.
Modu askotara urtero bezala, nahiz aurten pregoiaren kontuak zerbait nahastu. Kalean ibiliko naiz asko, Santa Krutz egunean blusa zuri-berdeko kuadrilarekin afalduko dut, igandean bazkaldu familiarekin gurasoen etxean, Zumeatarrarekin tanborradan aterako naiz...

Une bereziren bat aipatzekotan?
P.U.
Santa Krutzeko martxa ermita barruan jotzen dugunean, akaso horixe aipatuko nuke jaietako unerik hunkigarrienen artean, apartekoa delako jotzaile bakoitzari eragiten digun zirrara.

Gozatu bai, baina Gurutze Gorriko ardurak ahaztu ezinda ezta?
P.U.
Betikoak dira lan horiek, pregoilari izan ala ez. Jendea ohartzen ez den arren, izugarria da Gurutze Gorriaren ekarpena edozein jaietan, eta musutruk dena. Ia ekitaldi guztietan gaude presente. Hara horietako bi aipatzearren: Goitibera saioan hiru anbulantzi mugitu behar dira, erreka jaitsieran urpekariak jartzen ditugu... Aurten, gainera, lantegian zaintza lanetan jardun beharko dudala uste dut.

Zer kendu eta zer jarriko zenioke egitarauari?
P.U.
Iruditzen zait ahal den guztia egiten duela Jai Batzordeak, ikusita panorama: ezin dira errepikatu aspaldian arrakasta zuten estropadek eta halako ekitaldiek, daukaten aurrekontua murritza da... Nire eskutan balego, saiatuko nintzateke garrantzi gehiago ematen Santa Krutz egunari. Izan ere, indarra galtzen joan da, eta pena da. Denok jarri beharko genuke eskura daukaguna. Geurekoiak gara, eta lantegietako jaien egitaraua egiterakoan, Santa Krutz eguna ez dugu aintzat hartzen...

Jai giroa gainean, inor animatuko zenuke bereziki?
P.U.
Jai Batzordeari emango nizkioke animoak. Ardurak uzten dituzten egunean, ea nork hartzen duen lekukoa! Izan ere, asko jaitsi da bolondresaren kontua nonahi. Gurutze Gorria, adibidez, beteranoei esker mantentzen da, eta berdin beste hainbat gobernuz kanpoko erakundeak. Noizbait akatsik egiten duela eta, egurra ematen zaio bolondresari; baina asmatzen duenean -ia beti-, eskerronik ez! Gazte hasi berri batentzat! Goiko agintariak ez dira ohartzen bolondresek funtzio publiko eskergaitza betetzen dutela, eta pizgarririk merezi dutela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!