Hemen da gaztetxoen urteroko bertso azterketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 11:50

Asteasuko bertso eskolako hiru kide eta Villabonako beste bat izango dira eskualdeko ordezkariak aurtengoan.

Usurbilen hasiko da 28. Eskolarteko txapelketa. Eskualdeko kideek ordea, Alegiako saioan kantatuko dute, maiatzaren 16an. Txikien mailan (14 urtera arte) taldeka lehiatzen dira eta Alegian Asteasuko bertso eskolako Haritz Mujika eta Maddi Labaka ariko dira, Ordiziako bertso eskolako bi kiderekin batera. Amaia Agirre gaztetxoen irakasleak esan duenez, taldean joateak presioa kentzen die etorkizuneko bertsolari hauei: “Taldearen babesean joateak beti kentzen du presioa.  Haritz Mujika eta Maddi Labakak, ordiziarrekin elkartuta hartuko dute parte. Hori aberasgarria da”.

Iguaran eta Labaka
Helduen mailan (18 urtera arte) Amasako Oihana Iguaran eta Asteasuko bertso eskolara joaten den Ane Labaka lasartearra ariko dira. Hauek bakarka aritu behar izaten dute. “16 -17 urte izan arren, bertso eskolatik jende aurrera aterako diren urteko lehen aldia izango da gehienentzat,  bost bertso soilik kantatzeko. Desanimatzeko plaza ere izan daiteke eskolartekoa. Horretaz kontzientziatu behar dute txapelketan parte hartu baino lehen”, adierazi du Agirrek. Amaia Agirre bera eskolartekoetan ibilia da. Oraingo gazteek hobe egiten dutela uste du. “Gaur egungo umeak baino mila aldiz txarragoak ginen gu, hori gogoan daukat. Hala ere,egia da beste era batera egiten zela, egun-pasa gisa egiten genuen, festa giro kutsu handiagoarekin”. Datozen urteetarako giro hori berreskuratu nahi dutela adierazi du Agirrek. Bitartean, Alegian izango dugu aurten eskualdeko gazteez gozatzeko aukera. Onenen arteko finala berriz, Iruran izango da maiatzaren 30ean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!