Tolosaldeko bertso eskolen udaberria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko api. 23a, 11:49

Tolosa eta bere ingurua zonalde euskalduna izanagatik, ez da behin ere nabarmendu bertso eskolen ugaritasuna dela eta. Azken hilabeteetan ordea, helduen bi bertso eskola sortu dira eta haurrenak ere gero eta gehiago dira. Errealitate hori gertutik ezagutu nahi izan du Aiurrik.

Lagunartea, bertso zaletasuna eta ikasteko gogoa. Horra hor Tolosaldeko helduen bertso eskola guztietan errepikatzen diren ezaugarriak. Orri hauetan lehen ere aipatu izan dugun Villabonako bertso eskola kenduta,  Alegiako 7 astoren gainean bertso eskola da helduen talde beteranoena. “Orain dela 3 urte hasi ginen. Hori bai, hasieratik guk gure burua gehiago jo dugu bertsozale talde bezala, bertso eskola hutsa baino. Azken finean, bertso eskola ohikoa izateaz gain, herrian bertsozaletasunari lotutako ekintzak antolatu eta bultzatzen ditugu”, azaldu du Iker Iriarte taldekideak. Astearte iluntzetan, elkartzen dira hamar bat lagun Intxurre elkarteko ganbaran. Sendi Ekintza elkartea du biltoki berriz, Ibarrako Pototxotx bertso eskolak. Iazko maiatzean jarri zen martxan, Ibon Aranaldek azaldu duenez. “Ikusten genuen zaletasuna bagenuela, parranda giroan gustatzen zitzaigula bertsotan egitea eta okurritu zitzaigun bertso eskola martxan jartzen saiatzea. Hiruzpalau lagunek Amaia Agirrerekin hitz egin eta horrela hasi ginen. Egia esan, gero eta jende gehiago animatu da, orain hamabi bat lagun gara denera”. Azkena sortutako bertso eskola berriz, Amezketako Pernando Amezketarra da. Bixente Gorostidi da irakasle eta bultzatzailea. “Amezketan bertsorako zaletasuna duen jendea zegoela ikusita, aspalditik buruan genuen ideia zen. Azkenean, urtarrilean hasi ginen. Egun, klaseetara hogei pertsona inguru etortzen da”. Amezketan gela balioanitzean elkartzen dira, Ibarran bezala, asteazkenetan, iluntzeko zortzietan.

Aniztasuna
Bertso eskoletan belaunaldi bat baino gehiagoko jendea elkartzen da. Alegian 14 urte ditu gazteenak eta 30 zaharrenak. Amezketan aniztasun hori ama-semeetara ere iristen da. “Gazteenak 14 urtekoak dira, zaharrenak 55 urte inguru izango ditu. Kuriosoa da aita bat bere semearekin etortzen dela eta badira bi ama ere bere semearekin joaten direnak”.
Bertso eskola ulertzeko moduak aldatzen dira batetik bestera. Alegian, lagun giroan bertsoaz jardun eta bertsotan egiteko modu gisa ikusten dute bertso eskola. “Sarri parrandan animatu izan dugu jendea etortzeko. Azken batean, presiorik gabe aritzen gara, irakaslerik ez dugu, noizbehinka materialen bat edo esplikazioren bat behar bada norbaitek hartzen du lan hori eta kitto”.  Ibarran ere helburua antzekoa da, baina kasu honetan Amaia Agirre villabonatarra dute gidari. “Bertso munduaz gehiago jakin eta ondo pasatzea da gehienok bilatzen duguna”, adierazi du Asier Imaz taldekideak. Amezketan berriz, jendea helburu ezberdinekin datorrela uste du Gorostidik. “Bakoitzak bere helburuak ditu. Batzuek oinarri bat ikastea soilik, besteek, lagun giroan bertsotan aritzeko neurri, doinu edo teknika pixka bat hartzea eta azkenik, badaude nahiko jantzita daudenak eta maila ona lortu nahi dutenak ere”.

Umorea oinarrian
Helduen bertso eskola, bertsoez gozatzeko gune izatea da helburua. Horretarako giro ona eta umorea ez dira falta Tolosaldeko taldeetan. Izenetan ere ikusten da hori. Alegiakoak badu bere istorioa. “Orain urte dezente Alegiako batzuk, Zizurkilgo beste batzuekin bertso eskola bat sortu zuten gaztetxean. Normalean ostiraletan elkartzen omen ziren eta parranda giroan. Nonbait, denek ez zekiten gehiegi bertsotan eta bukatu ezinik geratzen zirenean denek batera kantatzen omen zuten: zazpi astoren gainean. Horregatik izen egokia iruditu zitzaigun”, dio umorez Iriartek. Ibarran ere elkartean duten txotxa eta sarri egin ohi duten potoa uztartuz sortu zuten Pototxotx izena.
Bertsoaz ere naturalean gozatzeko aukera bikaina dira helduen bertso eskolak. Tolosaldeko bertso eskolen udaberriaren fragantzia Beterri-Aiztondora iritsiko ote da?
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!